Indarkeria matxista

Kanoiak ebakita zeuzkan eskopeta bat erabili zuen hiltzaileak bikotekide ohia hiltzeko Orion

Bikotekide ohia hil ostean bere buruaz beste egin zuen gizonezkoak kalean, parke batean alboan.

Ertzainak, atzo, hilketa gertatu zen lekuan, Orion (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Arantxa Iraola - Paulo Ostolaza
2023ko maiatzaren 17a
08:41
Entzun

Bi lagun hil ziren atzo arratsaldean Orion (Gipuzkoa), tiroketa baten ondorioz. Gizonak, ustezko hiltzaileak, kanoiak moztutako eskopeta bat erabili zuen bikotekide ohia hiltzeko; litekeena da jarraian bere buruaz beste egin izana. Emakumeak 50 urte zituen. Kale erdian izan zen hilketa, jendea erruz ibili ohi den parke baten ondoan. Lehen zantzuen arabera, gizona emakumearengana gerturatu zen, eta, hitzik egin gabe, tiro egin zion zuzenean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo ilunabarrean jakinarazi zuen indarkeria matxista dela ikertzen ari diren hipotesi nagusia, eta, gaur goizean, Segurtasun sailburu Josu Erkorekak berak, Erandioko polizia etxean egindako agerraldi batean, baieztatu du gizonak eskopeta batekin hil zuela andrea, ikerketen lehen emaitzen arabera.

Erkorekaren arabera, andrearekin geratuta zegoen gizona, eta ikusi orduko tirokatu zuen. Berehala egin zuen bere buruaz beste gero. Eskopeta gizonak berak manipulatu zuela azaldu du. Armak izateko baimena bazuen. Gizonak ez zuen indarkeria matxistarekin lotutako aurrekaririk, Segurtasun Sailaren arabera.

Datu gehiago ere jakinarazi ditu Erkorekak; adibidez, esan du gizonak aitarengandik jasoa zuela eskopeta. Ertzainek hasieran «deflagrazio» bati buruz zergatik hitz egin zuten ere azaldu du; esan du hainbat lekukok «kaxa txuri» bat aipatu zutela, eta entzun zen soinuak ere leherketaren hipotesia sorrarazi zuela. Etxean egindako lehergailu bat izan zitekeela esan zen. Horiek horrela, sailburuaren arabera, Ertzaintzan lehergailuekin diharduen unitateko kideak ere joan ziren hilketa jazo zen tokira. Polizia zientifikoko agenteak heldu arte inor ezin izan zen tokira hurbildu: prozedurek hala agintzen dutela zehaztu du Segurtasun sailburuak, eta horrek ere eragin zuela okerreko hipotesia. Izan ere, gizonaren gorpua mugitu arte ezin izan zuten argitu han ez zegoela kaxa bat: eskopeta bat zen.

Hildakoari eta hiltzaileari buruzko datuak ere zabaldu dira gaur. Biktimak bi seme-alaba zituen. Gazteak dira biak; adin nagusikoa bat, eta oraindik adingabea bestea.

Baieztatu da, gainera, andreak eta gizonak harreman afektiboa etena bazuten ere, geratuta zeudela astearte arratsaldean; orain, ikertzaileak argitzen ari dira zergatik zeuden elkarrekin geratuta. Banku batean eserita zegoen emakumea, liburu bat leitzen, gizona noiz azalduko zain.

Larritasuna

Gertaera 17:30 inguruan jazo zen. Hainbat lekukoren arabera, bi petardo lehertu izan balira bezalako soinua entzun zen. Auzokoek bi pertsona topatu zituzten hilda, buruan zauriak zituztela. Emakumezkoaren gorpua eserleku batean zegoen, eta gizonezkoarena, lurrean. Ertzaintzak eremua hesitu zuen, eta gertaturikoa ikertzen hasi zen. Gorpuak atzo iluntzean eraman zituzten, eta gaur goizean zabaldu dute kalea, ingurua garbitu eta gero.

Momentu latzak izan ziren inguruan, jende asko baitzebilen, eta ezuste handia izan baitzen. Urkulluk Basaurin EAJk eginiko mitin batean (Bizkaia) baieztatu zuen indarkeria matxistako kasu baten moduan ikertzen ari direla gertaera. Minutu bateko isilunea egin zuten.

Aurreko kasuak

Iaz, lau emakumezko hil zituzten bikotekideek Euskal Herrian, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik, indarkeria matxistaren ondorioz 117 andrazko hil dira Euskal Herrian, eta 11 haur.

Sara Pina izan zen lehen hildakoa iaz, 38 urteko emakumezko bat. Tuteran hil zuen bikotekideak (Nafarroan), etxean. Agertzen ez zela-eta, bila joan zitzaizkion gertukoak, eta hantxe aurkitu zuten, hilotz. Apirilaren 26an, Felisa S.P. hil zen Gurutzetako erietxean, Barakaldon (Bizkaia). 90 urte zituen, eta erietxera eraman zuten min hartuta; zauriak tratu txarrekin lotu zituzten osasun profesionalek, eta handik aste batzuetara semea atxilotu zuten. Irailean, Maria Luisa Larrañaga hilotz agertu zen Benidormen (Herrialde Katalanak); senarra auto istripu batean hil zela esatera joan zitzaizkion, eta orduan aurkitu zuten. 68 urte zituen, eta sortzez Soraluzekoa zen (Gipuzkoa).

Urte amaieran gertatu ziren azken bi hilketak. Abenduren 19an, Maria del Carmen Ruiz Huerta hil zen, Zaragozan; gero jakin zen Corteskoa zela (Nafarroa). Senarrak berak jo zuen Poliziarenera, emaztea hil zuela esanez. Abenduren 28an, Rebeca Huayta Huacan hil zuen bikotekideak. Bilboko San Frantzisko auzoan taberna bat zuten, eta hantxe aurkitu zuten, hilotz. 45 urte zituen. Hilketa guztiek izan zuten instituzioen arbuioa, eta mugimendu feministak ere salatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.