Presazko agerraldi batean Arnaldo Otegik irakurritako adierazpenean, EH Bilduk txalotu egin du hautagaiek hartutako erabakia, «keinu bat» delakoan koalizioak hartutako konpromisoen norabidean. Nabarmendu du EH Bilduren 4.500 hautagaiek bat egiten dutela «soilik bide baketsu eta demokratikoak» erabiltzeko konpromisoarekin, eta den-denek izenpetzen dutela urriaren 18ko Aieteko Adierazpena. Halaber, azaldu dute hautagai guztiak «euren eskubide zibil eta politiko guztien jabe» direla.
Ikusi gehiago: Odol delituak egozten dizkieten EH Bilduko zazpi hautagaiek uko egin diote zinegotzi kargua hartzeari
EH Bilduren aburuz, orain badago aukera «gehiengo nahikoa» eraikitzeko eta finkatzeko, «Euskal Herriak dituen erronka handiei» aurre egite aldera, eta erabakitzeko eskubidea, lurralde kohesioa eta eskumenak indartzea aipatu ditu erronka horien artean. Halaber, «sektorerik zaurgarrienen beharrei erantzutea» eta osasungintza, hezkuntza, adinekoen zaintza eta berdintasuna EH Bilduren lehentasun dira: «Horretan finkatu nahi ditugu gure mezua eta jarduera politikoa, eta etorkizunean ere horrela izango da».
Lehentasunak horiek badira ere, azken bolada honetan «ultraeskuinaren sektore batzuek jazarpen eta eraispen kanpaina onartezina» jarri dute abian, EH Bilduren iritziz, eta beste indar politiko batzuek ere bat egin dute horrekin, «arduragabekeriaz eta hauteskunde interes hutsengatik». EH Bilduk uste du horrelako kanpainak «ia saihetsezinak» direla, baina, hala ere, egoki iritzi dio jendaurrean bere konpromisoak berresteari, «ezinegonik sor ez dadin, aniztasunean eta desadostasunean ere, guztiek eskubide guztiak erabiliz elkarbizitzarako eta normalizazio politikorako bidea egiteko prest dauden beste sektore batzuetan».
Ikusi gehiago: Beste 37 hautagaiak zerrendetatik kentzeko eskatu du orain Covitek