EH Bildu

Beste 37 hautagaiak zerrendetatik kentzeko eskatu du orain Covitek

Indar politiko batzuek onetsi egin dute zazpi hautagaien erabakia; beste batzuek, berriz, «isekatzat» jo dute.

Coviteko ordezkariak, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 16a
13:07
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako EH Bilduren zazpi hautagaik zinegotzi karguari uko egiteko erabakiak erreakzio soka luzea ekarri du. Covite elkarteak abiarazi zuen polemika, eta orain pozik agertu da zazpi hautagaien erabakia dela eta; «albiste ontzat» jo du, baina gainerako 37 hautagaiei berdin egiteko exijitu die: «Horiek ez dute zalantzarik izango zinegotzi ardura hartzeko hautatuak izaten badira, ETAko kide izanik talde terroristaren krimen guztietan lagundu ondoren».

Antzera hitz egin du PPren Arabako ahaldungai nagusi Raquel Gonzalezek. Zazpi hautagaiek hautagaitza erretiratu izana «demokraziaren eta duintasunaren garaipentzat» jo du, baina gogorarazi du EH Bilduren zerrendetan oraindik «terrorista kondenatuak» daudela.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak ere hartu du hitza, EH Bilduk hartutako erabakiari buruz jarduteko. Haren ustez, «hau ez zen hauteskunde interesei eta lokatzei buruzkoa, bizikidetzari buruzkoa baizik». Zupiriaren arabera EH Bilduk eman behar ditu azalpenak: «Zergatik erabaki du orain EH Bilduk bere zerrendetan agertzen diren kide horiek ez dutela kargurik hartuko?».

Esan du EH Bilduk aitortu beharko lukeela modu injustuan, bidegabean eta ilegitimoan erabili zela indarkeria, eta eragindako sufrimendua eta mina bidegabeak izan zirela. Memoria historikoarekin ere lotu du gaia: «Ez da bidezkoa batetik justizia eta erreparazioa eskatzea eta, era berean, mina eta izua eragin duten pertsonak goraipatzea».

Nafarroako Gobernuko lehendakari eta PSNko hautagai Maria Txibitek «positibotzat» jo du EH Bilduko zazpi hautagaiek hartutako erabakia, eta erantsi du aukeran nahiago zuela «zuzentzeko beharrik izan ez balute eta zerrendetan sartu izan ez balituzte». Txibiteren ustez, hautagai horiek zerrendetan aurkezteak «biktimak berriro biktima bilakatzeko arriskua» zekarren.

PPren Iruñeko alkategai Carlos Garcia Adanerok, berriz, «isekatzat» jo du hautagaitzak erretiratu izana: «Badirudi EH Bilduk mesede egiten digula orain hiltzaileak zerrendetatik kenduta. Ezinezkoa da iseka handiagorik egitea».

UPNren Nafarroako lehendakarigai Javier Esparzak salatu du EH Bilduk «aurpegia zuritu» nahi izan duela: «Ez dizkiegu eskerrak emango zazpi hiltzaile zerrendetatik kendu eta 37 terroristari eusteagatik». PSNrengan jarri nahi izan du presioa, eta ohartarazi dio ezin duela koalizio abertzalearekin itunik egin, «ez delako indar bat gehiago». Haren ustez, EH Bildu ez da damutu, eta «harro» dago iraganaz: «Orain ez dira soilik kontent geratzen espetxetik atera ostean omenaldiak eginda, baizik eta hautetsi egin nahi dituzte, eta kargu publiko izendatu. Eskandalagarria da».

Esparzaren arabera, alderdi sozialista «ez da gai demokraziaren printzipioak eta duintasuna beste ezein interesen gainetik jartzeko». UPNko hautagaiaren arabera, marra hori ez litzateke gainditu beharko presidente izateko: «Zenbaitek bizia galdu dute gaur askatasunez bizi gaitezen».

EAJk Espainiako Kongresuan duen ordezkari Aitor Estebanen iritziz, «hauteskunde kalkulua» dago zazpi hautagaiek hartutako erabakiaren atzean: «Orain konturatu dira hanka sartu dutela, eta atera egin behar dute». Nabarmendu du hautagaiak zerrendetan sartzea «erabaki politikoa» izan zela, baina, edonola ere, positibotzat jo du erretiratu izana, «biktimen mina arintzen duelako».

ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alaba Maria Jauregik eskerrak eman dizkie zazpi hautagaiei hartutako erabakiagatik, eta «elkarbizitzaren alde egindako beste pausotzat» jo du, sare sozialetan hedatutako mezu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.