Deforestazioa eragiten duten produktu gutxiago inportatzeko araudi bat adostu zuten Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak iazko abenduan, hilabeteetako negoziazioen ostean. Bost hilabete eta erdi geroago, araudi hori bere egin dute EB Europako Batasuneko estatuek. Neurriaren helburua da EBk munduko basoen soiltzean duen erantzukizuna txikitzea, eta, modu horretan, ekarpen bat egitea biodibertsitatearen galera eta berotegi gasen isuriak apaltzeko. Egitasmoak batasunaren merkatutik kanporatu nahi ditu deforestazioarekin estuen lotuta dauden produktuak.
Inportazioa baimentzeko baldintza berriak zazpi produktu funtsezkoren gainekoak izango dira: palma olioa, behiak, soja, kafea, kakaoa, egurra eta kautxua. Baita horietatik eratorritako salgaien gainekoak ere; besteak beste, ikatz begetala, altzariak eta txokolatea. Produktu horiek EBn merkaturatzeko, enpresek ziurtatu beharko dute horien ekoizpen kateak ez duela deforestazioa eragiten. Horretarako, salgaien jatorria arakatu beharko dute, eta ekoitziak izan diren lur eremuei buruzko informazio geografikoa bildu. EBk aintzat hartuko ditu 2021etik deforestatuak izan diren lurrak, baso soiltzea legez kanpokoa ala legezkoa izan den bereizi gabe.
Gaur-gaurkoz, EB da munduko «deforestazio inportatzailerik» handienetan bigarrena, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa erakundearen ikerketa baten arabera. Soilik Txinak gainditzen du nazioarteko merkataritzarekin lotutako baso suntsitzean. Hark inportatzen dituen produktuek eragiten dute deforestazioaren %24, EBri dagokio %16, eta atzetik dira India (%9), AEBak (%7) eta Japonia (%5). FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen esanetan, munduko deforestazioaren %90 nekazaritza industrialak eragindakoa da, eta baso suntsitzearen bi heren sojarekin eta palma olioarekin daude zuzenean lotuta.
Ikusi gehiago:«Jokoan dagoena da lehengaiak ekoizteko paradigma aldatzea»
Together4forests [elkarrekin basoen alde] kanpaina bultzatu duten elkarte ekologisten iritziz, araudia «aurrerapauso handi bat» da, nahiz eta anbizio handiagoko urrats bat nahiko luketen. Kanpainaren sustatzaileetako bat izan den WWF Naturarentzako Mundu Funtsaren ustez, «gai oso garrantzitsuak» gelditu dira kanpoan. Besteak beste, araudiaren babesa basoak ez diren «bestelako eremu oihantsuetara» hedatzea; sabanetara, hezeguneetara eta zohikaztegietara, kasurako. «Horrek esan nahi du babesik gabe geldituko direla zuhaitz estaldura urriagoa duten ekosistemak, zeinek sekulako garrantzia baitute biodibertsitatearen eta klima aldaketaren ikuspegitik eta tokiko biztanleriak bizirik iraun dezan». Adibide adierazgarriak dira Brasilgo El Cerrado sabana eta Brasilgo, Paraguaiko eta Argentinako lurretan hedatzen den El Chaco eremua. Eskualde horiek ez babesteak «presioa oihanetatik gune horietara lekualdatzea eragingo du», WWFren iritziz.
Elkarte ekologistek nabarmendu dute orain zera egin behar dela, araudia betetzen dela zaindu, eta EBko estatuek erakunde ikuskatzaileak eratu behar dituztela horretarako. Beharrezko «baliabide ekonomiko, humano eta teknikoak» bideratzeko eskatu du WWFk, araudia benetan eraginkorra izan dadin.