EH Bildu

Odol delituak egozten dizkieten EH Bilduko zazpi hautagaiek uko egin diote zinegotzi kargua hartzeari

«Ahal den neurrian» erretiratu dituzte euren hautagaitzak, zerrendak ofizialak baitira jada: «Begien bistakoa da azken egunetan interes partidistak gailendu direla, elkarbizitzarekin eta bakearekin zerikusi gutxi dutenak».

EH Bilduren hauteskundeetako iragarkiak Donostian, beste alderdietako hautagaitzen iragarkiekin batera. JUAN HERRERO, EFE
Paulo Ostolaza - Gotzon Hermosilla
2023ko maiatzaren 16a
09:31
Entzun

Maiatzaren 28an hautatuak izaten badira ere, EH Bilduko zazpi hautagaik ez dute zinegotzi kargua hartuko aurkeztu diren udalerrietan. Hori hitzeman dute gaur plazaratu duten gutun batean. Azken egunetan, Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak egindako salaketa bat tarteko, eztabaida politikoaren zentroan izan dira koalizio abertzaleko 44 hautagai, ETAko kide izan zirelakoan kondenatutakoak. Bereziki, gutuna idatzi duten zazpiak; haiek dira odol delituak egozten dizkietenak: «Ez dugu gure iraganeko militantzia ukatuko orain, ezta horrekin batera onartzen dugun ardura ere».

Hautagaien zerrendak ofizialak dira jada, eta, horregatik, «ahal den neurrian» egin diete uko euren hautagaitzei; hitzeman dutenez, «inongo kasutan» ere ez dute zinegotzi kargua hartuko.

Naiz agerkarira bidalitako gutunean, kontatu dute «iskanbila politiko eta mediatiko handia» sortu dutela EH Bilduren zerrendek. Salatu dutenez, aipatutako 44 hautagaietatik gehienak «politikoak soilik ziren jarduerak» egiteagatik kondenatutakoak dira, Dena ETA da doktrina baliatuta: «Gutxieneko printzipio demokratikoei ez zaie mesederik egingo haien eskubideak zapaltzea onartzen jarraitzen badugu». Aitortu dute nabarmenagoak izan direla euren kasuak, egozten dizkieten ekintzengatik.

Ikusi gehiago:Beste 37 hautagaiak zerrendetatik kentzeko eskatu du orain Covitek

«Gure herrietako zerrenden osaera garrantzi handiko kontua bilakatu da, eta horrek, arrazoi ezberdinengatik, gure hautagaitzak erretiratzera behartzen gaitu», esan dute.

Lehenik eta behin, ETAren biktimei mintzatu zaizkie, eta, «orokorrean», Euskal Herriko gatazka sufritu duten guztiei, esateko euren hitzek eta ekintzek jasandako mina ez areagotzeko konpromisoa dutela. Azpimarratu dute «hasieratik» hartu dutela parte ezker abertzalearen estrategia aldaketan, eta dudarik gabekoa dela bide politiko eta demokratikoen alde egiten duten apustua.

Etorkizunik gabeko iragana

Bat egin dute Urriaren 18ko Adierazpenarekin, eta argi utzi dute asmoa ez dela euren iragana ezkutatzea: «Uste dugu beharrezkoak direla memoria ekintza zintzo, eraikitzaile eta osoak. Ez dugu iraganik gabeko etorkizunik nahi, baina ezin dugu ontzat eman gure herria etorkizunik gabeko iragan batera kondenatu nahi duten sektore erreakzionarioen jarrera».

Gehitu dutenez, «begien bistakoa da» azken egunetan interes partidistak gailendu direla, «elkarbizitzarekin eta bakearekin zerikusi gutxi dutenak»: «Polemikaren helburua EH Bilduri min ematea da, ezinbesteko erreferente bilakatu delako, eta indar eraldatzaile nagusia».

Gutuna sinatu dutenak hauek dira: Jose Antonio Torre Altonaga, Asier Uribarri Benito, Lander Maruri Basagoiti, Begoña Uzkudun Etxenagusia, Jose Ramon Rojo Gonzalez, Juan Carlos Arriaga Martinez eta Agustin Muiños Diaz.

Covitek piztutako polemika

Polemika maiatzaren 9an piztu zen, hauteskunde kanpaina hasi baino bi egun lehenago. Covite elkarteak ohar bat plazaratu zuen, eta salatu zuen EH Bilduren zerrendetan 44 hautagai zeudela «ETAko kide izateagatik zigortuak» izan zirenak. Covitek nabarmendu zuen horietatik zazpiri odol delituak egotzi zizkietela epaitu zituztenean, baina ezker abertzalearen kontrako makrosumarioen garaian zigortutako abokatu, politikari eta kazetariak ere sartu zituen bere zerrendan. Adibidez, Hasier Arraiz Sortuko presidente eta legebiltzarkide izandakoa eta Teresa Toda Egin egunkariko kazetaria agertzen ziren ustezko etakideen zerrenda horretan.

Hurrengo egunean, Espainiako hedabide nagusiek hauspoa eman zioten Coviteren salaketari, eta hortik aurrera iritsi zen ordezkari politikoen adierazpen erauntsia, gaur arte iraun duena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente Carlos Iturgaitz izan zen «odolez zikindutako EH Bilduren zerrendak» salatu zituen lehenengoa, eta ostean etorri ziren gainerakoak: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «begirune falta» egotzi zion EH Bilduri; Patxi Lopez sozialistak esan zuen hori zela «EH Bilduri botorik ez emateko beste arrazoi bat»; eta Elkarrekin Podemos-IUko Pilar Garridok ere «larri eta tamalgarritzat» jo zuen gertatutakoa, baina odol delituak egozten dizkieten zazpi hautagaien inguruan jarri zuen arreta.

Alderdi gehienek EH Bilduri eraso egiteko baliatu dute polemika, baina Espainiako eskuinak Pedro Sanchezen gobernuari ere egin dio kritika. PPko presidente Alberto Nuñez Feijoo gogor aritu zen Sanchezen kontra Bilbon egindako ekitaldian: «Hori bezain lotsagarria iruditzen zait EH Bildurekin itunak egitea, eta EH Bildu izatea gaur egun Espainiako espetxe politika zuzentzen duena, Etxebizitza Legearen protagonista bilakatu dena, eta Espainiako Gobernuaren bazkide nagusia. Sanchezek Bildu baliatzen du botereari eusteko».

Ikusi gehiago: Zazpi hautagaien erabakia txalotu du EH Bilduk

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.