PP

Galdera bakarra, EH Bilduri buruz

PPko presidente Alberto Nuñez Feijook «EH Bildurekin apurtzeko» eskatu du Bilbon.

Nuñez Feijoo, kazetariz inguratuta, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 15a
19:33
Entzun

Espainiako PPko presidente Alberto Nuñez Feijooren hauteskunde agendan, gaur goizean ekitaldi bat zegoen iragarrita: Bilboko kaleetan zehar egin beharreko «ibilaldia», Bizkaiko PPko buruzagi eta hautagaiek lagunduta. Hasieran, argazkirako ekitaldia baino ez zen, eta Feijook ez zuen adierazpenik egin behar, baina, azkenean, tentazioari ezin eutsi, eta kazetarien aurrean mintzatu da PPko burua, gai bakar batez aritzeko: EH Bilduren zerrenden inguruan piztutako polemika. Feijook aukera baliatu du Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi eraso egiteko, eta «EH Bildurekin hitzarmena apurtzeko» eskatu dio.

Agerraldia hasi aurretik, PPko komunikazio alorreko arduradunetako batek azaldu dizkie horren nondik norakoak Arriaga antzokiaren ondoan bildutako kazetariei: «Printzipioz, asmoa zen Feijook adierazpenik ez egitea, gero Kantabriara joan behar du eta. Baina oraintxe bertan esan didate, euskal kazetariei begirunea azaltzeko, galdera bati erantzungo diola. Galdera bakar bati, EH Bilduri buruz».

Azkenean, Arriaga antzokiaren atzetik agertu da Feijoo, eta, harekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidente Carlos Iturgaiz, Laura Garrido idazkari nagusia, Bilboko alkategai Esther Martinez eta Bizkaiko ahaldungai nagusi Raquel Gonzalez. Astiro egin dute kazetariengana iritsi arteko tartea, lasai eta hizketan, kamerek irudiak hartzen zituzten bitartean.

Kazetariak zeuden lekura iritsi denean, iragarri bezala, galdera bakar bati erantzun dio Feijook. Eta galdera, nola ez, komunikazio arduradunak iradokitakoa izan da: «Herritar gehienek lotsagarritzat jotzen dute, ETAk eragindako ia mila hildakoak ahazten saiatzen ari garen honetan, ETAko kide izateagatik zigortutako 40 kide baino gehiago EH Bilduren zerrendetan joatea», esan du Feijook.

Sanchezi eraso

Feijook polemika baliatu du Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi eraso egiteko: «Ez da nahikoa hori salatzea; ekin egin behar zaio. Hori bezain lotsagarria iruditzen zait EH Bildurekin itunak egitea, eta EH Bildu izatea gaur egun Espainiako espetxe politika zuzentzen duena, Etxebizitza Legearen protagonista bilakatzen dena, eta Espainiako Gobernuaren bazkide nagusia. Sanchezek Bildu baliatzen du botereari eusteko».

Horregatik, PPren buruak bi eskaera zehatz egin dizkio Sanchezi: alde batetik, EH Bildurekin duen harremana «modu publiko eta argian» apurtzeko; eta, beste aldetik, Estatuaren Abokatutzari eskatzeko iker dezala «zer egin daitekeen hori galarazteko, Hauteskunde Legea edo Alderdien Legea erabilita». Baina horren inguruan Feijook ez du itxaropen handirik agertu, haren ustez Sanchezi «EH Bilduren bost diputatuak» interesatzen baitzaizkio «beste ezeren gainetik».

Espainiako Gobernuak EH Bildurekin duen harremana dela-eta kritiko agertu diren buruzagi sozialistei ere mintzatu zaie Feijoo: «Ez da nahikoa adierazpenak egitea norbere kontzientzia garbitzen saiatzeko. Adierazpenak PSOEren Batzorde Federalean egin behar dira, eta EH Bildurekiko itunaren kontra bozkatuz Kongresuan eta Senatuan».

Adierazpenak amaituta, galdera gehiago egiten saiatu dira kazetariak, baina ez dute arrakasta handirik izan. Aldameneko zubitik, herritar batzuk oihuka ari ziren: «Kontuz diru zorroekin! Itzuli lapurtutakoa!».

Ondoren, ibilaldiari ekin diote PPko buruzagi eta hautagaiek, itsasadarraren ondoko pasealekutik, udaletxerako bidean. Herritar batzuk agurtzera gerturatu zaizkie: «Ni Madrilgoa naiz, jaunartze baterako etorri naiz Bilbora, eta plazer handia izan da zu hemen zaudela ikustea», esan dio Feijoori gizonezko batek.

Bidearen erdia egina zutelarik, PPko arduradunak konturatu dira pentsiodunak Bilboko udaletxearen aurrean zeudela asteroko elkarretaratzea egiten, eta ibilaldia bukatutzat ematea erabaki dute. Azken musu eta besarkadak banatu, PPko gazteekin azken argazkiak egin, eta Santanderrera (Espainia) eramango zuen autoan sartu da Feijoo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.