Asko dago jokoan gaur Turkian, eta botoen zenbaketan ere nabaria da tentsioa. Presidentetzarako eta parlamenturako bozak egin zituzten atzo. Boz horiek guztiz erabakigarriak izango dira, herritarrek ebatzi beharko baitute ea nahi duten Recep Tayyip Erdoganek presidente segitzea —hogei urte daramatza boterean— edo ea nahiago duten gobernua goitik behera aldatzea. Oposizioko zerrendaburu Kemal Kiliçdaroglu da beste hautagai nagusia.
Botoen %99 zenbatu dute oraindaino, eta ez Erdoganek, Ez Kiliçdarogluk ez dute lortu presidente izateko behar duten gutxieneko boto kopurua gainditzea: %50, hain zuzen. Egungo presidenteak botoen %49,5 lortu ditu; oposizioko zerrendaburuak, berriz, %45. Horiek horrela, hemendik bi astera hauteskundeen bigarren itzulia egin beharko dute Turkian, maiatzaren 28an. Kiliçdarogluk jada onartu du erronka: «Gure herriak bigarren itzulia egiteko esaten badu, ongi etorria izango da. Dudarik gabe, irabazi egingo dugu bigarren itzulia: ez dago dudarik. Mundu guztiak ikusiko du».
Kontrakoa espero zen arren, deigarria izan da lurrikara gertatutako Kurdistango probintzietan Erdoganen aldeko botoa izan dela nagusi. Aldiz, Turkiako hiri nagusietan, Ankara hiriburuan eta Istanbulen kasurako, oposizioko zerrenda nagusitu da. Istanbulen, esaterako, botoen %48 izan dira Kiliçdaroglurentzat, eta %47 pasa Ankaran. Parlamentuari dagokionez ere oposizioa izan da nagusi Istanbulen, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa.
Erdoganen eta Kiliçdarogluren atzetik kokatu da Sinan Oganen hautagaitza, botoen %5 gaindituta. Bigarren itzulian erabakigarriak izango dira haren botoak, lehen bi hautagaien artean presidentea erabakitzeko. Nazionalista sutsua da Ogan, eta, beraz, pentsatzekoa da Erdoganentzat izango direla haren boto gehienak. Dena den, Oganek berak goizaldean iragarri du «barne kontsultak» egin ostean jakinaraziko duela nor babestuko duen eskuineko ATA Aliantzak.
Ezustea izan da eskuineko zerrendaburuaren emaitza. Oganek botoen %5 baino gehiago eskuratu izanak kalte egin dio Erdogani, hark ez baitu gainditu bozak lehen itzulian irabazi ahal izateko beharrezko %50en langa. Erdoganen AKP Justizia eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren aliatu den MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko kide izana da Ogan, baina 2015ean kanporatu egin zuten alderditik, zuzendaritzaren erabakiekin kritikoa zelako. Maiz leporatu izan diote eskuin muturreko politikak eta ideia xenofoboak babestu izana, Siriako errefuxiatuen inguruan batez ere.
Hain zuzen ere, hainbat baldintza jarri dizkio Oganek bere babesari, eta haietako lehena zuzenean eragiten dio Kiliçdarogluri, eskatu baitu HDP Herrien Alderdi Demokratikoaren eskaerei amore ez ematea —HDPk oposizioko hautagaiari eman dio babesa presidentetzarako bozetan—. «HDP ezin da oinarrizkoa izan hauteskundeetan. Gure helburua izango da nahasmena saihestea eta erantzukizunez jokatzea», esan du Oganek. Dena den, alderdi kurduari dagokiona ez da eskuin muturreko buruzagiak jarritako baldintza bakarra; horrez gain, Siriako errefuxiatuak itzularazteko ere eskatu du —iazko datuen arabera, lau milioi iheslari siriar bizi dira Turkiaren menpeko eremuan—.
Manipulazioa
Hauteskunde gauean, gobernuaren Anadolu agentziak emandako lehen datuek Erdogan iragartzen zuten irabazle eta Turkiako presidente, botoen %52 lortuta. Oposizioaren bozeramaileak, Faiz Oztrakek, «manipulazioa» egotzi dio Anadoluri, eta gehitu du eurek jaso dituzten datuak «oso positiboak» direla. Kontuan izan behar da zenbatzen diren lehen botoak nekazaritza guneetakoak izan ohi direla, normalean Erdogan babesten duten guneetakoak.
Haatik, aldaketa nabarmenak izan dira hauteskundeen biharamunean, boto ia guztiak zenbatu dituztenean. Atzerriko botoak zenbatzea falta da orain. Hauteskunde batzordeak ez du emaitzen berri ematen zenbaketa amaitu arte.
Ikusi gehiago:Erdogan gabeko aro bat irudikatuz
Dena den, eta Turkiako sistema presidentzialista bada ere, garrantzitsua da parlamenturako bozetan gertatu dena. Emaitza ez-ofizialen arabera, AKPk izango du gehiengoa ganberan, baina azken hogei urteotako emaitza txarrenak lortuta. Botoen %99,26 zenbatuta, parlamentuko 600 eserlekuetatik 266 eskuratuko ditu egun agintean den alderdiak; CHP izango da bigarren indarra, 169 diputaturekin, eta Ezkerreko Alderdi Berdea hirugarrena, 62rekin —Kurdistango HDPren babesa zuen zerrenda horrek—.
Parlamentuko datuak ez dira onak oposizioko hautagai Kiliçdaroglurentzat ere, gehiengoa lortzea espero baitzuen, eta eserlekuen %35,16 soilik eskuratu baititu. Sistema presidentzialista baztertu eta parlamentuari eskumenak itzultzearen aldekoa da buruzagi sozialdemokrata.
Hauteskundeetako emaitzek ondorio ekonomikoak ere izan dituzte, eta liraren balioak behera egin du euroarekin alderatuta. Aurrez ere egoera ekonomiko ezegonkorra dute Turkian, inoizko inflazio handiena baitute. Urrian jo zuen goia, %85era iritsita. Zenbait ekonomista independentek diote, gainera, datu ofizialek ez dutela benetan islatzen zenbat garestitu diren prezioak, eta, haien arabera, %100 baino handiagoa da gaur egun inflazioa.