Israel - Palestina

Su etena adostu dute Jihad Islamikoak eta Israelek

«Giza hondamendi bat» eragiten ari direla salatu du Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak. Hiru palestinar hil dituzte militarrek Zisjordanian, eta beste hiru zauritu.

Adineko gizon palestinar bat Israelek suntsitutako bere etxearen hondakinei begira, gaur, Gazan. MOHAMMED SABER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 13a
18:17
Entzun

Laster beteko da astea Israelek Gazaren aurkako azken erasoaldia hasi zuela. Dagoeneko dozenaka dira hildakoak eta ehundik gora zaurituak. Kalte materialak ere handiak dira Tel Aviven politikek munduko espetxerik handienean bilakatutako eremuan. Jihad Islamikoa talde armatuaren aurkako operazio gisa aurkeztu du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak Ezkutua eta gezia operazioa. Duela hilabete batzuk lehen ministroak eskuin muturreko gobernuari aurkeztu eta hark onartutako «hilketa selektiboen» zerrendan jasotako izenak ditu helburu. Baina bonbardaketetako biktima guztiak ez dira Jihad Islamikoko kideak; are, zibilak dira gehienak, adingabeak tartean. Hala ere, bi aldeek su etena adostea lortu du Egiptok. Jihad Islamikoak berretsi du akordioa, baina Israelek ez du adierazpenik egin. Euskal Herrian gaueko bederatziak zirenean sartu da indarrean menia.

Kairoren arabera, zibilak bizi diren guneak ez bonbardatzeko eta palestinarren etxeak ez botatzeko konpromisoa hartu zuen Israelek; ez, ordea, Jihad Islamikoaren aurkako «hilketa selektiboak» gelditzekoa, talde armatuak eskatzen zuen moduan. Hala ere, aldeek ez zuten akordioaren inguruko argibide gehiago eman. Bestalde, Israelgo Haaretz egunkariak zabaldu zuenez, menia indarrean sartu ostean ere suziriak jaurtitzen jarraitu zuten gazatik. Horrek su etenaren iraupenaren inguruko zalantzak zabaldu zituen.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko Gazarako ordezkari Jenifer Austinen argi hitz egin du: «Giza hondamendi bat ari dira eragiten. Jendea itxaropena galtzen hasia da. Ezin dute gehiago jasan. 16 urte daramate Gazako blokeoa jasaten, bai fisikoa, baita psikologikoa ere». Izan ere, Israelek kontrolatzen ditu eremuko sarrera irteera guztiak, nahiz eta barruan Hamas izan agintean. Azken egunetan, gainera, erabat itxi dituzte herritarrentzako pasabideak, eta osasun arta jasotzeko ere ezin dute irten palestinarrek —minbizidun 432 gaixo daude tratamendua jaso ezinean asteartetik—. Horrez gain, beste 800 lagunek etxetik ihes egin behar izan dute erasoen ondorioz.

Gaur goizaldean berriz ekin die Israelek bonbardaketei, eta 50 apartamenduko etxebizitza bat suntsitu eta hainbat erietxeri eragin dizkie kalteak. Gazako Barne Ministerioaren eledun Eiad al-Bozomek ukatu egin du Israel zibilei «ahalik eta kalte gutxien» eragiteko ahaleginetan ari dela, eta salatu du «bere burua zuritu nahian» ari dela zibilak hiltzen dituen bitartean. «Zibilak bizi ziren suntsitutako eraikinetan, ez militarrak», salatu du Al-Bozomek. Al-Jazeera telebista kateak zabaldu duenez, Gazako bi auzo ia erabat suntsitu ditu Israelek azken orduetan.

Baina armadaren operazioak ez dira Gazara mugatzen. Goizaldean bi palestinar hil dituzte tiroz Balata errefuxiatuentzako gunean, Nablustik iparraldera, Zisjordanian. 19 eta 32 urteko bi gizonezko dira hildakoak. Buruan jaso dute tiro bana. Operazioan beste hiru pertsona ere zauritu dituzte, haietako bat, 50 urteko emakumezkoa, larri eraman dute erietxera. Jeninen hil dute hirugarren palestinarra; tiroz hura ere. Wafa albiste agentziaren arabera, kontrol gune bat igarotzen ari zen 33 urteko gizonezkoa, soldaduek tiro egin diotenean.

Lerro gorriak

Sarraski horren aurrean, haserre mintzatu da PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen eledun Nabil Abu Rudeineh, eta «lerro gorri guztiak» gainditu izana egotzi dio Israeli. Haren esanetan, baina, erasoaldiaren erantzukizuna ez da soilik Tel Avivena, baita AEBetako Gobernuarena ere «krimenak babesten dituelako bere isiltasunarekin».

Bien bitartean Jihad Islamikoak iragarri du Israeli aurre egiten jarraituko duela. Armadaren arabera, mila suziritik gora jaurti dituzte Gazatik erasoaldia hasi zenetik. Orain arte, hildako bakarra eragin dute suziriok: 80 urteko emakumezko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.