Goizeko lehen orduetan gelditu gabe egin du euria Ipar Euskal Herrian. Zaparrada mardulak uholdeak eragin ditu Senpereko lakuan (Lapurdi), Herri Urrats jaiaren bezpera den honetan. Hala ere, egoerari aurre egin, eta jaiarekin aurrera egitea erabaki dute antolatzaileek. 15:30ean joan dira prefeturako zerbitzuak lakura, eta egoera aztertuta, eta herriko etxearekin hitz egin ostean, gune bakar bat salbatzeko aukera ikusi dutela azaldu du Koldo Rodriguez antolatzaileak. «Beste guneak segurtasunagatik murriztera behartuak izan gara».
Era berean, egitaraua bera ere moldatu behar izan dute. Eguerdian hasiko dira ekitaldiak, hamabietan, Araba gunean, eta, besteak beste, Neomak, Xutik, Su ta Gar eta Zetak arituko dira oholtza gainean. Hala ere, aurreratu dute Gipuzkoa eta Baxe Nafarroa guneak ere zabalik egongo direla: «Ekitaldirik egon ez arren, nahi beste jateko eta edateko aukera egongo da gune horietan».
Elkartasunerako deia
40. aldia beteko du bihar Herri Urratsek, baina espero zutenaren kontrara, nahi baino «sinbolikoagoa» izango da, Rodriguezen hitzetan, ekitaldi asko ezingo baitituzte egin, eta gune asko ezingo baitituzte erabili: «Emozionalki ondo sentitzeko egingo dugu Herri Urrats; izan ere, kaltea oso handia da, eta biharkoak ez ditu galerak estaliko, inondik inora ere. Senperera etortzeko deia egiten dizuegu». Aholku bat ere eman nahi izan die bertaratuko diren horiei guztiei: «Pazientzia izan, elkarrekin momentu goxo bat bizitzeko aukera izango dugu». Herri Urratsen antolatzaileek komunikatu bat zabaldu dute, adieraziz galerak «izugarriak» izan direla: «Elkartasunerako deia egingo dugu bihar».
Ekarpenak egiteko kontu korronte zenbakiak jarri dituzte eskuragarri euren webgunean. Bihar Bizum bidez ekarpenak egiteko aukera ere zabalduko dute.
Bestalde, Seaskak jakinarazi du urtero Herri Urratsen egin ohi duen ekitaldiaren ordez prentsaurreko bat emango duela Senpereko Herriko Etxean, 10:00etan.
Erabiltzaileek Senpereko lakua nola den erakutsi dute goizean sare sozialetan:
Senpere urpean .. lakua goiz huntan...😯😯...
— Jasone Iroz (@jasoneiroz) May 13, 2023
Eta euria etengabe lapurdin... pic.twitter.com/eumkS01RCo
Je ne sais pas si @HerriUrrats pourra se tenir ce week-end vu le temps. De grosses averses s'abattent sur le Pays Basque et à Saint-Pée-Sur-Nivelle, au lac où doit se tenir l'événement, l'eau déborde @Meteo_Pyrenees@meteofrance@Meteoalacartepic.twitter.com/Os3DQewHwl
— François Berland 🦠(@FrancoisBerland) May 13, 2023
Pirinio Atlantikoko Departamentuak alerta laranja ezarri du Urdazuri ibaiaren arroan, euriteengatik. Baliteke egunaren partean uholdeak egotea zaparrada horretarako «joera» duten guneetan. Estolda sareek ere gainezka egiteko arriskua dagoela ohartarazi du departamentuak. Trafikoa eta garraioa ere «zaildu» dezake eguraldiak, batez ere bigarren mailako errepideetan, eta tren sare nagusian izan ezik, beste zerbitzuetan eragina izan dezake euriak.