«Guk ez dugu inoiz inoren kontra jo, euskararentzako espazio bat besterik ez dugu aldarrikatzen», esan du Lander Majuelok, Labako kideak, elkarte euskaltzalearen aurrealde osoa okupatzen duten mahaiei eta aulkiei begira. Iruñeko udal ordenantzaren eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera, Labari dagokio espazio horretan terraza jartzea, baina, oraingoz, negozio pribatu batek baliatzen du tokia: Windsor tabernak. Iruñeko Udalak, ordea, ez du ezer egin egoera konpontzeko. Aitzitik, mahaiak eta aulkiak kalera ateratzeko baimena ukatu dio behin eta berriro elkarte euskaltzaleari, baita auzitegiak propio agindu dionean ere. Orain, Nafarroako Gobernuak iragarri du Administrazio Auzitegiaren ebazpena betearaziko diola udalari eta, hortaz, terraza paratu ahalko du Labak, Iruñeko bihotzean.
«Oso pozik gaude, baikor, eta ilusioz beteta», gaineratu du Labako beste kide batek, Yasmine Khrisek. «Hasieratik, gure asmoa izan da euskarari erakusleiho bat zabaltzea, eta, Gazteluko plazan terraza jarrita, erakusleiho hori handitu ahal izanen dugu aurrerantzean». Orain arte, kanpoaldean terraza jartzeko lizentzia ukatuta, udalak «zokoratu» egin nahi izan dituela uste dute Labako ordezkariek. «Hiriaren erdian gaude, bai, baina arkupe baten azpian, eta mahaiak kanpora ateratzeko aukerarik gabe, jendeak ez gaitu ikusten». Ez da nolanahiko arazoa. Laba irabazi asmorik gabeko elkartea da, baina kafetegi zerbitzuak ematen dion sostengu ekonomikoa ezinbesteko zaio proiektuari, eta terraza batek zeharo baldintza dezake bideragarritasuna. Izaskun Barberrek azaldu du: «Bazkideen ekarpenekin batera, Labaren diru iturri nagusia kafetegia da, eta alde handia dago terraza izatearen edo ez izatearen artean». Hain zuzen, udalari kalteordaina eskatzea aztertzen ari dira Labako kideak, terraza jartzea ukatu dieten denboran pilatutako kalte ekonomikoagatik.
Topagune izatea helburu
Hala ere, Labako kideek berretsi dute, eurentzat, terraza jartzea ez dela inoiz izan «helburu» bat, beren proiektua gauzatu ahal izateko bide bat baizik: «Gure helburua da sortzaileen topagune izatea, euskarari leiho bat zabaltzea, euskaraz libre hitz egiteko espazio bat sortzea... eta polemika honek erakutsi digu noraino zen beharrezkoa Laba bezalako egitasmo bat, jende pila bat gugana etorri delako zoriontzera, animoak ematera eta bazkide egitera», esan du Majuelok. Orain arte, gainera, dozenaka ikastaro, emanaldi, hitzaldi eta tailer eskaini dituzte elkartean. «Terrazak balioko du gure komunitateak arnasa har dezan, baina oinarria proiektua bera da». Euskarak Iruñearen bihotzean toki bat izatea. Hori da Iruñeko Udalaren ezinikusia piztu duena, Labako arduradunen irudiko. «Argi geratu da udalari bost axola diola kafetegi batek terraza edukitzeak edo ez... Benetan min eman diena gure proiektua izan da. Euskarafobia hutsa da». Zehazki, Majuelok salatu du Enrique Maiaren udal gobernu taldeak ahaleginak eta bi egin dituela «euskara gatazkarekin lotzeko». «Tematu dira, baina ahalegin horretan porrot egin dute
Kexu dira, gainera, prozesu osoan udala ez baita haiengana zuzendu. «Ebazpenen gaineko informazioa jaso izan dugu egunkarien bidez, udalarekin ez dugu sekula izan zuzeneko traturik», azaldu du Barberrek. «Gu saiatu gara gauzak ongi egiten, lerroburuen gerra batean ez sartzen». Hala ere, auzibideak «nekea eta higadura» eragin diela gaineratu du Khrisek: «Prozesu honek kendu digu denbora asko, ahaleginak eta indarrak xahutu ditugu honetan, elkartearen jardueretan erabili beharrean».
Bazterketaren kronologia
Laba sareak iazko urtarrilean ireki zituen ateak. Kafe dastaketarako lizentzia badu, eta horrek aukera ematen dio terraza jartzeko. Lizentzia hori eskatu zion Iruñeko Udalari, baina udalak ukatu egin zion. Auzitara jo zuen Laba sareak, ondorioz, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak iazko urriaren 10ean argitaratu zuen bere ebazpena: garbi utzi zuen Labak baduela terraza jartzeko eskubidea.
Joan den urtarrilaren 24an, urriko bere ebazpena berretsi zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta Iruñeko Udalari egotzi zion «hitz nahasgarriak» erabiltzea auzitegiaren ebazpena ez betetzeko. Zehazki, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Saila izan da Labak eskatutako lizentzia emateko prozesua oztopatu duena. 2022ko urrian, hain zuzen, Arartekoak ere Laba sarearen alde egin zuen, eta ebazpen bat argitaratu zuen, udaleko sail horretako arduradun Javier Labairu zinegotziaren jarrera kritikatuz.
Nafarroako Gobernuak esku hartu du auzian, eta auzitegiaren ebazpena betearaziko duela esan du. Labako kideek ez dakite noiz gauzatuko den erabakia, baina hasiak dira jada datozen hilabeteetako programazioa prestatzen.