Donostiako Zinemaldia

Javier Bardemek jasoko du Donostia sarietako bat

Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian emango diote garaikurra antzezle espainiarrari. Hura da festibaleko aurtengo kartel nagusiko protagonista ere. Irailaren 22tik 30era izango da Zinemaldiaren 71. aldia.

Javier Bardemek Fernando Leon de Aranoaren 'El buen patrón' filma aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian orain dela bi urte. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko maiatzaren 12a
12:09
Entzun

Bost urte dira Donostiako Zinemaldiak kartelak egiteko bide berri bati heldu ziola. «Zinematografia garaikidearen figura bat» izaten da ordutik jaialdiaren irudi ofiziala. Hala, eta aurrez Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver eta Juliette Binoche izan diren bezala, Javier Bardem du protagonista 71. aldiko kartel ofizialak. Aktore espainiarrak protagonismo bikoitza izango du, gainera, jaialdiak hari emango baitio aurtengo Donostia sarietako bat. Festibalaren inaugurazio ekitaldian izango da hori; irailaren 22tik 30era egingo dute aurtengo Zinemaldia.

Zinemaldiko publikoak ezaguna du Bardem (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1969), eta ongi ezagutzen du Bardemek Zinemaldia, hogei bat aldiz izan baita Donostian. Hain zuzen, jaialdian lehen aldiz parte hartu eta 30 urtera jasoko du Donostia saria aktoreak. 1993. urtean izan zen hori, Bigas Luna zinemagilearen Huevos de oro filmak Sail Ofizialean parte hartu zuenean. Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariaren esanetan, «Bardem da, gaur egun, nazioartean ospe handiena duen aktore espainiarra, eta Zinemaldia haren bilakaeraren lekuko izan da hasiera-hasieratik».

Tabakaleran egindako aurkezpen ekitaldian, antzezlearen bilakaera laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa proiektatu du festibalak, eta, une batean, Zinemaldia berentzat zer den azaltzen du bertan Bardemek: «Donostia, niretzat, opari bat da; hemen hainbeste alditan izan naiz... Hemen hasi zen dena». Izan ere, hurrengo urtean, 1994an, berriro itzuli zen Donostiara, eta gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen Días contados (Imanol Uribe) nahiz El detective y la muerte (Gonzalo Suarez) filmetako interpretazioengatik.

Sariz jositako ibilbide baten hasiera besterik ez zen hura, ehundik gora garaikur hartu baititu eskuetan orduz geroztik. Horien artean daude, besteak beste, Oscar, Urrezko Globo eta Bafta bana, No Country for Old Men filmarengatik (2007); aktore onenaren saria Cannesko jaialdian Biutiful lanagatik (2010); Volpi Kopa Veneziako jaialdian, Before Night Falls (2000) eta Mar adentro (2004) filmetako antzezpenengatik; Goya sari bana Días Contados (1994), Boca a boca (1995), Los lunes al sol (2002), Mar adentro (2004), Biutiful (2010) eta El buen patrón (2021) filmetako aktore lanagatik zein dokumental onenarena Hijos de las nubes, la última colonia (2012) ekoizteagatik; eta Europako Zinema Akademiaren saria.

Lehen aldiz 1993an, eta azken aldiz orain bi urte izan zen aktorea jaialdian, Fernando Leon de Aranoaren El buen patrón Sail Ofizialean lehiatu zenean. Tartean, beste hamaika alditan izan da Donostian, askotariko filmen eskutik, hala nola Perdita Durango (Alex de la Iglesia, 1997), Carne trémula (Pedro Almodovar, 1998), Los lunes al sol (Fernando Leon de Aranoa, 2002) eta Vicky Cristina Barcelona (Woody Allen, 2008).

Rebordinosek azaldu duenez, duela bi urte jakinarazi zioten aktoreari aitortza egingo ziotela, eta poz handia hartu zuen, «jaialdia asko maite baitu». Agenda arazoak tarteko, baina, orain arte ezin izan du jasotzera etorri. Beste sortzaile batzuei Donostia Saria ematen ere ageri da Bardem bideoan, tartean, John Malkovichi (1998), Robert de Nirori (2000) eta Julia Robertsi (2008). Oraingoan, baina, berak jasoko du garaikurra.

Objektu bat, izaera bat

Bardem koloretsu bat ageri da Zinemaldiaren aurtengo kartelean. Dimension publizitate agentziak sortu du, Nico Bustos argazkilariak aktoreari eginiko bi irudi oinarri hartuta. Haiek bata besteari gainjarrita eta kolore biziz jantzita, «pertsonaien barrenera sartzeko eta bere itxura bestelakotzeko duen kameleoi gaitasunari» aitortza egiten dio afixak, agentziako kideek adierazi dutenez. «Kartel honetan, Javier Bardemen gaitasun poliedriko hori islatzen saiatu gara, eta koloreak dira hark bere interpretazio lanei ematen dien margo geruza desberdin horien ispilu».

Jaialdiko sail bakoitzaren kartelak ere Dimensionek diseinatu ditu, Jose Luis Lopez Zubiria argazkilariarekin batera, eta, azaldu dutenez, «erretorika bisualak sortzera» jolas egin dute, zenbait objekturen —mailu batek kolpatzen duen kopa, suak hartutako txikori belarraren lorea...— eta sail bakoitzaren ezaugarri espezifikoen artean loturak sortzeko: ausardia, Zuzendari Berriak atalean; energia, Horizontes Latinosen; aurreikusi ezin dena, Zabaltegi-Tabakaleran; apartekotasuna, Perlak-en; lotsagabetasuna, Nest sailean; ondarea, Culinary Zineman; eta nortasuna, Zinemiran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.