Turkiako hauteskundeak

Inflazioa ote Erdoganen ahulgunea?

Asteburuan presidentetzarako eta parlamenturako bozak egingo dituzte Turkian, eta litekeena da emaitzek Recep Tayyip Erdoganen hogei urteko gobernua amaiaraztea. Lehia oso estua izango da, inkesten arabera. Inflazioaren krisia eta lurrikararen eragina dira hauteskundeetako eztabaidaren ardatza.

Jendea erosketak egiten Istanbulgo merkatu batean. ERDEN SAHIM, EFE
2023ko maiatzaren 11
14:55
Entzun

Lurrikarek Turkia astindu zuten duela hiru hilabete, eta 55.000 lagun baino gehiago hil ziren haien ondorioz. Orain, Dogukanek erabat berrekin ahal izan dio bere lanari. Hamar urte daramatza Dukadiroglu intxaur enpresako salmenta arduradun, Kahramanmaras probintzian (Kurdistan), lurrikarak gogorren jo dituen lekuetako batean. «Hainbat aldiz utzi behar izan diogu lanari, bai logistika arazoengatik, eta bai langile asko etxerik gabe geratu direlako. Etxe horiek, izan ere, inor bertan ezin bizitzeko moduan geratu dira», azaldu du.

Lurrikara izan aurretik ere, garai txarrean zegoen enpresa, duela ia bi urtetik herrialdea astintzen ari den inflazio krisi bat dela medio. Urrian jo zuen goia, %85era iritsita. Zenbait ekonomista independentek diote, gainera, datu ofizialek ez dutela benetan islatzen zenbat garestitu diren prezioak, eta, haien arabera, %100 baino handiagoa da gaur egun inflazioa. «Ongarriak eta pestizidak inportatu egiten ditugu, eta egunetik egunera garestiagoa da ekoiztea, eta ez inflazioagatik bakarrik: lira turkiarra ahultzen ari da euroaren aldean, eta garestiagoa da kanpoan erostea», kontatu du. Dogukanek 42 urte ditu, eta esan du Turkiako gaur egungo presidente Recep Tayyip Erdoganen alde bozkatzen zuela orain arte, baina, krisi ekonomikoa dela eta ez dela, duda piztu omen dio haren kudeaketak. Presidentetzarako eta parlamenturako igandeko hauteskundeetan, beraz, oposizioko koalizioaren alde bozkatuko du. Koalizio horretan, bat egin dute zentro-ezkerreko alderdiek, liberalek eta nazionalistek —tartean Erdoganen aliatuak izateari utzitako zenbait—, eta, lehen aldiz, presidentea kanporatzeko aukera handia du aliantza horrek. «Denean igo dira prezioak, baina hemen, askoz gehiago. Egunetik egunera garestiagoa da erosketak egitea», azaldu du Dogukanek. «Uste dut aldaketa bat behar dugula. Emazteak berriz ere Erdogani emango dio botoa, estatuak asko lagundu digulako lurrikararen ondoren. Nire iritziz, ordea, aldaketa batek baino ez gaitu aterako krisi honetatik. Geroak erranen», erantsi du.

Ekonomia oinarri

Bozetarako egun gutxi falta direla, herrialdeko egoera ekonomikoa da presidentegaien hauteskunde kanpainaren muina. Erdoganek azpimarra egin ohi die bere legealdian teknologiaren, eraikuntzaren eta defentsaren arloetan egindako hobekuntzei. Oposizioak, berriz, Erdogan jotzen du egoera ekonomikoaren erantzuletzat, adibide sinpleak jarriz; esaterako, aipatuz nola garestitu diren oinarrizko jakiak, hala nola tipulak, zeinak %300 garestitu baitira azken urtean, Nekazarien Ganberaren datuen arabera.

Oposizioko presidentegaiak, Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokratak, sare sozialetan bideo laburrak jarriz ematen ditu halako datuak; bideo horiek oso biralak egin dira, eta aurre egiten diote hedabide jeneralista nagusietan Erdoganen alde zabaltzen den propagandari. Izan ere, komunikabide horietako gehienak gobernuaren gertuko enpresen esku daude, eta, Kiliçdaroglu kolpistatzat jotzeaz gainera, hura «probokatzen» ibiltzen dela esan ohi dute. Erdoganek behin baino gehiagotan ukatu du prezioak gora ari direla, eta erantsi izan du Turkiak «atzean utziak» dituela «arazo ekonomikoak».

Kalean, nabaria da nola garestitu diren dendetako salgaiak, garraio publikoa eta alokairuak. Hala hiri handietako nola landa aldeko herritar askok diote haragi, gasolina, alkohol eta freskagarri gutxiago kontsumitzen dutela orain, denak garestitu direla eta. Azken urte eta erdian, hiru aldiz ere igo du gobernuak gutxieneko soldata, herritarrek inflazioari aurre egin ahal izan diezaioten, baina familia askok arazoak dituzte oraindik hil amaierara iristeko.

Herritarrak, dena den, ez datoz bat zerk garestitu dituen salneurriak. «Lehen baino askoz garestiagoa da dena. Erosketak egitean nabaritzen dugu batik bat. Baina arazo hori ez du Turkiak bakarrik: beste herrialde batzuetan ere inflazio handia dago», segurtatu du, irmo, Istanbulgo jaki denda baten jabeak, Yusufek. «Hedabideek Erdogani egozten diote errua, baina oposizioaren propaganda baino ez da hori. Haiekin, okerrago geundeke», erantsi du. Dendako bezero batek, Aylin Doganek, guztiz bestera pentsatzen du: «Gobernuak piztu du arazo hau, baita gure dibisarekin daukaguna ere. Lehen, gazteek amets izan zezaketen kanpoan ikastea; orain, berriz, ezin aurreztu gabiltza. Erdoganen gobernabideagatik da. Turkiak aldaketa bat behar du», adierazi du Doganek. Eskola publiko bateko irakaslea da, eta, dioenez, nekez iristen da hil amaierara.

Ekonomista gehienek diote Erdoganen neurri ekonomiko heterodoxoengatik goratu direla prezioak. Izan ere, Banku Zentraleko zuzendaritzan esku hartu du behin baino gehiagotan Erdoganek, eta horrek konfiantza nabarmen galarazi die inbertitzaileei. «Orain, ikusten ari gara inflazioa hobetu egin dela iazkoaren aldean, baina ulertu beharra dugu iazko prezioetan jada bazegoela inflazioa; hain justu, iazkoa oinarritzat hartzen delako apaltzen ari da orain. Lehen, %100 zen; orain, %20 erantsi behar zaio horri. Igoaldi bakoitza aurrekoari pilatzen zaio», esplikatu du Veysel Ulusoy ekonomista eta ENAG Inflazioa Ikertzeko Turkiako Taldeko kideak. Talde horrek modu independentean neurtzen du merkatu prezioak zenbat igo diren, eta, dioenez, Turkiako agintarien inflazio datu ofizialak ez datoz bat prezioen benetako gorakadarekin, benetan askoz gehiago igo baitira. «Datu ofizialek benetako inflazioaren erdia baino gutxiago islatzen dute. Inflazioaren datuak oso politizatuta daude», azaldu du Ulusoyk.

Lira gainbehera

Turkiako presidenteak irmo dio ezen, ekonomia suspertzeko, interes tasak apaldu behar direla inflazioaren azpitik, baina politika hori ez dator bat aditu gehienek gomendatzen dutenarekin. Azken hilabeteetan, Turkiako monetak balioa gal ez zezan, gobernuak esku hartu du dibisa merkatuan, eta modu artifizialean mantendu du egonkor liraren balioa.

Etengabeko esku hartze horiek truke sistema dual bat sorrarazi dute, eta ekonomia desegonkorren seinale izaten da hori. Orain, Banku Zentralak diru trukearen tasa jakin batzuk ezarriak ditu, baina banku pribatuetan eta herrialdeko merkatuan bestelakoak dira. «Gobernuaren eraginez, lira ez da dibisa sinesgarria: komuneko papera da lira», azpimarratu du Osman Cevdet Akçay ekonomistak, Turkiako Yapi Kredi bankuko zuzendari ohiak. Seguru dago betiko metodo makroekonomikoek ez diotela mesede egingo Turkiako ekonomiari, eta, aitzitik, merkatuetan konfiantza sortzean datzala konponbidearen parte handi bat. «Oposizioarentzat nekeza izango da; Erdoganentzat, ezinezkoa. Merkatuak konbentzitzen badituzu ezen kosta ahala kosta ekonomia egonkortuko duzula bi urte igaro baino lehen, orduan baduzu modua inflazioa leheneratzeko», esplikatu du. Hala ere, Akçayk duda du egoera ekonomikoak asko eragingo ote dion boto emaileen hautuari. «Jendeak poltsikoa baldin badu buruan, ez zait iruditzen oposizioak aski urrats egin dituenik haiek konbentzitzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.