Kontseiluak agerraldi jendetsu bat egin du gaur Bilbon, azken hilabeteotan epaitegietatik euskararen aurka ateratako ebazpenen kontra protesta egiteko. Agerraldian Maiatzaren 10eko adierazpena agiria plazaratu dute, «oldarraldi judiziala» salatzeko. Azaroaren 4an Bilbon manifestatzera deitu dituzte herritarrak, «milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza».
Egoera larriaren aurrean, «mobilizazio soziala ezinbestekoa da»
— Olatz Silva Rodrigo (@olatz_silva) May 10, 2023
ð;ÂÂ;ŸÂ“¢ð;ÂÂ;ŸÂ“¢ð;ÂÂ;ŸÂ“¢ Manifestaziora deitu du @kontseilua|K. AZAROAREN 4an, BILBON @berriapic.twitter.com/7aqre4vCF4
Kontseiluak kezka agertu du, auzitegien ebazpenek «euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra» egiten dutelako. «Euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa» salatu dute.
Plazaraturiko azken ebazpenak aletu dituzte ondoren. Apirilaren 18an, Bilboko auzitegi batek ebatzi zuen Erandion lanean ari den udaltzain bati ezin ziotela eskatu euskarazko B2 maila.
Aurretik, Uliazpi fundazioaren lan deialdiaren aurka jo zuten epaileek, eta hori baino lehen antzeko erabakiak plazaratu zituzten Barakaldo (Bizkaia), eta Irungo (Gipuzkoa) udaltzainen hizkuntza eskakizunen inguruan. Ahaztu gabe euskara hizkuntza «zailegia» dela esan zuen epailearen kasua, zeinak arrazoi hori eman baitzuen Laudioko Udaleko (Araba) funtzionario bati hizkuntza maila eskatzea baztertzeko.
Kontseiluak gogoratu du gizartean ez dagoen arazo bat sortu nahian dabiltzala auzitegietatik, eta nabarmendu du Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian «lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko».
«Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, lau biztanletik hiruk uste dute euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik» @berria
— Olatz Silva Rodrigo (@olatz_silva) May 10, 2023
Horrez gain, gogora ekarri dute helegitea jarri diotela EAEko Udal Legeari, «toki erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen» duelako.
Oldarraldia «Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari dela» ohartarazi dute.
Izan ere, atzo bertan, Frantziako epaitegi batek ebatzi zuen Ipar Kataluniako herriko etxeetako osoko bilkuretan katalana erabiltzea Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela, «frantsesaren nagusitasuna» zalantzan jartzen duelako.
EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean argazkia egin dute @berria@kontseiluapic.twitter.com/20Zh05Wk8Q
— Olatz Silva Rodrigo (@olatz_silva) May 10, 2023
Kontseiluak adierazi du ezinbestekoa dela gizartea mobilizatzea. «Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko». Ohartarazi dutenez, erabakiok «atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan».
Eragileak, kezkatuta
Ehunka norbanakok eta eragilek bat egin dute Bilbon. Bestek beste, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan da bertan: «Oso kezkatuta bizitzen ari gara epaitegietatik datozen sententzien errealitatea». Adierazi duenez, epaiek «oso oinarri ideologikoak» dituzte eta «aurreiritziz beteta» daude. Are gehiago, helburu argi bat dute: «Epaien helburu bakarra hizkuntzaren biziberritze prozesua galgatzea da». Amonarrizek gogoratu du aspalditik aldarrikatu dutela administrazioek herritarren hizkuntza eskubideak bete behar dituztela. «Administrazioa dago herritarren zerbitzura; beraz, zerbitzu horrek elebiduna izan behar du bi hizkuntza ofizial dituen herrialde batean».
Bestalde, lehendakariak esan du lan egiteko euskaraz jakin behar dela, «modu progresibo batean». Eta iritzi berekoa da Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia: «Euskaldunok badakigu gaztelera eta moldatzen ahal gara gazteleraz, baina euskara gure hizkuntza da; euskaraz lan, bizi eta egon nahi dugu». Ez du uste eskatzen dutena «arraroa» denik: «Euskal Herrian euskaraz egitea beharrezkoa izatea, beste toki batera joaten zarenean beste hizkuntza horretan egin behar duzun bezala».
Euskararen biziberritze prozesuan, epaiak eraso «larria» direla argi utzi du Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak. Eta esan du hizkuntza politika aurrerakoiak beharrezkoak direla. «Legearen interpretazio xelebreak eginda, epaitegietatik murrizten ari dira udaletxeok eta bestelako erakundeok dugun hizkuntza politikarako gaitasuna murrizten ari dira», salatu du. Era berean, manifestazioaren garrantzia aldarrikatu du: «Euskarak ezin du fronte bat ere baztertu; kaletik erantzutea ezinbestekoa da». Idoia Ugalde Berbaizu Euskara Elkarteko kideak ere «euskalgintza elkartzearen» beharra nabarmendu du: «Asko gara, elkar topatu behar dugu, ezagutu eta aldarrikapena partekatu; indartsu agertu behar dugu».