Txileko Kontseilu Konstituziogilea osatzeko hauteskundeak egin zituzten atzo. Organo hori osatuko duten 50 kideak arduratuko dira herrialdeko konstituzio berria idazteaz, Pinochet diktadoreak 1980an ezarri zuena ordezkatzeko asmoa duena. Eta, zenbaketa amaitzear dela, zerbait bada argi: eskuin muturreko Alderdi Errepublikanoak eserlekuen ia erdiak eskuratu ditu, 50etik 23.
Botoen herenak baino gehiago eskuratu ditu Alderdi Errepublikanoak (%36; 3,3 milioi boto). Hamabost milioi lagunetik gora deituta zeuden botoa ematera. Ia hamar puntura geratu da Unidad ezkerreko koalizioa (%28,45); eta botoen bostenak eskuratu ditu Chile Seguro talde kontserbadoreak (%21,1). Boto zuriak eta baliogabeak ere bostenak baino gehiago izan dira atzoko hauteskundeetan; 2,5 milioi bototik gora.
Abenduan onartu zuten Txileko alderdi politikoek prozesu konstituziogile berrirako bide orria. Hiru hilabete baino gehiago eman zituzten negoziatzen, irailaren 4ko erreferendumean herritarrek konstituzioaren proposamenari ezezkoa eman ondotik. %62k bozkatu zuten aurka.
Haatik, Gabriel Boric Txileko presidenteak bere porrota onartu du Moneda jauregitik. Alderdi Errepublikanoari eskatu dio «akats bera» ez egiteko. «Aurreko prozesuak, eta esan beharra dugu, huts egin zuen ez genuelako jakin desberdin pentsatzen genuenon artean entzuten», gehitu du Boricek. Kontseilu Konstituziogilean elkarrizketaren aldeko deia egin du, esanez demokrazia «indartu» egiten dela «demokrazia gehiagorekin, eta ez beti gutxiagorekin». Txiletarrek beren «posizioa» erakutsi dute hauteskundeetan kontseilariak hautatuta, eta Boricek «gonbita» egin die «herrialdearen gehiengo handia interpretatuko duen testua» idazteko.
Jose Antonio Kast da Alderdi Errepublikanoko sortzailea. Hauteskundeetako garaipenaren harira, adierazi du «Txilek porrot egin duen Gobernua garaitu duela»; herritarren erantzuna «zentzuduna» izan dela erantsi du.
Txiletarrek kontseilurako hautatu berri dituzten 50 pertsonek osatuko dute testu berria —24 adituk ere parte hartuko dute; hamabina izendatuko dituzte Diputatuen Ganberak eta Senatuak—. Alderdiek onetsitako itunaren arabera, «proposatutako konstituzio arauak jarduneko kontseilarien hiru bostenek onartuko dituzte, eta azken proposamena quorum beraren bidez Kontseiluaren onespenaren pean jarriko da». Konstituzio berrirako plebiszitua azaroan egiteko asmoa dute.
Ikusi gehiago:«Prozesu sozialaren pujak ekarri ditu Boricen urte honek»