Giroa gori eta gorri dago Sevillan. Gori beroa egiten duelako, eta gorri Osasunaren zaleek bete egin dituztelako Andaluziako hiriburuko kaleak goizean goizetik. Sevilla apirileko feriatik senferminetara pasatu da astebetean. Iruñeko jaien hasiera bi hilabetez aurreratu da, eta uztailaren 6a balitz bezala, ohitura guztiak bete dituzte.
Lehena, ondo gosaltzea. Osasunazaleek, terrazak hartu, eta indarrak bilduz ekin diote egun luze eta ilusioz betetakoari.Terrazak lepo egon dira txoko guztietan, baina batez ere Giralda eta katedral inguruan. Denak bufanda edo elastiko gorriekin zeuden. Eta asko, eguzkitako betaurrekoekin. Ez eguzkiak jotzen zuelako, baizik eta gaua luze joan zaielako. Izan ere, atzo gauean ere festa betea izan zen Sevillan zaleentzat.
Terraza horietako batean zen Angel Sanchez, Osasunaren elastikoarekin. «Egun handi bat ezin da bestela hasi. Bigarren gosaria dugu. 08:00etan arrautza frijituak jan ditugu. Kasu honeta,n urdaiazpikoarekin. Nafarroako txistorra falta zen, gosaria betea izateko. Orain, berriz, mokadutxo txiki bat egingo dugu». «Pozik eta hunkituta» mintzatu da. «Honek irabazteko gogo handiagoa eragiten dizu. Ederra da hainbeste belaunalditako osasunazaleak hemen ikustea». Jagoba Arrasateren taldeak irabazi egingo duela ziur zegoen Sanchez. Astelehen arte luzatuko du egonaldia. «Irabaziz gero, ez gara biharko harrera iritsiko. Baina hemen ospatuko dugu».
Zegoen giroa «harrigarria» egin zaio Bea Arraizari. «Autoz gentozela, jendetza ikusi genuen atzo. Denak elastikoarekin eta bufandarekin gentozen, eta elkar agurtzen genuen. Baina hemen ikustea izugarria da. Iruñeko Udaletxe plaza dirudi, suziriaren egunean. Izugarria da». Galdu zein irabazi, betiko gordeko duen egun bat izango da. «Azken batean, guretzat festa handi bat da hau.Talde honek meritu handia du hona iristeagatik». Emaitzaren arabera plan bat edo beste egingo dute itzulerari begira. «Gauza asko ditugu buruan, jokalariei Iruñean egingo zaien harrerara ere iritsi nahi dugulako. Ikusiko dugu. Kontua gozatzea da. Izan ere, gaizki pasatutakoak gara».
Jesus Legarrak 50 urte baino gehiago daramatza Osasuna jarraitzen, eta sekula halakorik bizi gabekoa zen. «Oroitzapen asko datozkit burura, baina hau sekula bizi izan dudan ederrenetakoa da. Ni heldu xamarra naiz; horregatik, gehien gustatzen zaidana da hainbeste gazte eta haur honetaz disfrutatzen ikustea. Osasunarentzat bultzada handia dira gazte eta haur hauek, haren etorkizuna».
Gazte horietako bat da Adrian Perez. «Gaua pixka bat luzatu zaigu. Goizaldeko hiruretan joan gara etxera, baina bederatzietarako jaikita geunden, egunaz hasi eta buka gozatu nahi genuelako». Trianan erdialdera joan dira. «Emaitza bat edo bestea izan, ederki ospatuko dugu. Finalera iriste hutsa handia baita».
Zale askok Osasunako ikur izan direnen izena daramate kamisetan. Arkaitz Artuxek, adibidez, Mai Garderena. «Denak gara Osasuna, eta hauek ere egin gaituzte handi», azaldu du. Furgonetan iritsi dira goizaldean. «Apenas egin dugun lo, baina egunaz ederki disfrutatzeko asmoa dugu».
Zaleen gunea
Handik gertu dago Osasunako zaleen gunea: Fernando Magallanes parkean. Hantxe ari da musika jartzen Oihan Vega. Eta bertaratu direnek jatekoaz, edatekoaz eta umeentzako jokoez gozatu ahal dute. Osasunak ere gune bat jarri du bertan materiala saltzeko. Geratu gabe aritu da lanean Isabel Mendiaraz. «Bero egin arren, batez ere finalerako ateratako bufanda ari gara saltzen, eta txapelak. Baten batek elastikoa ere erosi du, ekartzea ahaztu zaiolako». Partida amaitu, eta Cartujara doaz neurketa ikustera. «Egun oso polita izaten ari da. Zale askorekin hitz egiteko aukera dugu».
Eguerdirako, txoko guztiak hartu dituzte zaleek. Berriro ere Giralda ingurura itzulita, uztailaren 6an suziriaren ondoren izaten den giroa zegoen. Kantuak, animo ohiuak... Baina ozenen entzun dena hau izan da: «Sevilla, entzun, Osasuna txapeldun». Kantuan ari da Maider Igerategi. «Polita da hemen euskaraz entzutea», esan du. Ez du sarrerarik partida ikusteko. «Taberna batean ikusiko dut, ni bezala dauden beste lagun batzuekin. Baina ez genuen egun hau galdu nahi», Arratsaldean, 18:30ean zaleen gunea itxita, guztiak abiatuko dira Cartujara. Han joko du goia egunak, eta zaleen geratzen zaien ahots apurra utziko dute animatzen.