Erretretaren erreforma

Bederatzi lagun ate bat irekitzeko

Frantziako Kontseilu Konstituzionaleko kideek gaur erabakiko dute erretreten erreformari buruzko erreferendum bat baimentzen ote duten.  Onartuz gero, ia bost milioi sinadura bildu beharko dituzte erreferendumaren aldekoek.

Jendarmeak Kontseilu Konstituzionalaren egoitza babesten, erreformari buruzko epaia eman zuenean. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2023ko maiatzaren 2a
19:59
Entzun

Jendetsuak baina eraginkortasun apalekoak izan dira Frantziako sindikatuek erretretaren erreformaren aurka antolatutako mobilizazioak. Baina milioika lagunen haserre erakustaldiak lortu ez dutenari atea ireki diezaiokete gaur gela bakar batean bildutako sei gizonek eta hiru emakumek. Frantziako Kontseilu Konstituzionaleko kideak dira, eta haien esku dago erreforma bertan behera geratzeko azken aukera izan daitekeena: Ekinaldi Partekatuko Erreferendum bat (RIP, frantsesezko laburduran) egiteko prozedura baimentzea. Gaur emango dute beren epaia, baina askorik ez dute espero sindikatu batzuek. «Ez funtzionatzeko sortutako prozedura bat da», esan du Sophie Binet CGTko idazkari nagusiak.

Zer erabaki behar du Konstituzionalak?

Frantziako Konstituzioarekin bat egiten al duen erretretaren erreformaren puntu nagusiari buruzko erreferendum bat antolatzeko eskaerak. Ezkerreko parlamentari talde batek galdegin zuen erreferenduma, apirilaren 13an, Konstituzionalak antzeko eskaera bat atzera botatzearen bezperan. Orduko hartan, Konstituzionalak ebatzi zuen ezin zela erreferendumik antolatu, atzera bota nahi zen artikulua —erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64 urtera atzeratzen duena— artean ez zegoelako indarrean. Izan ere, Emmanuel Macron presidenteak apirilaren 15ean sinatu zuen erreformaren legea, Konstituzionalak berak haren aurkako bi helegite baztertu ondoren.

Atzera botatako eskaera bera al da?

Ez erabat. Lehen eskaerak artikulu bakar bat zuen, erretretaren adinaren gibeleratzeari buruz. Artikulu hori du bigarrenak ere, baina baita bigarren bat ere, CSG zergaren emendatzeari buruzkoa.

Onartuko al dute?

Ez dago garbi. Hiru baldintza bete beharko ditu eskaerak: gutxienez 185 diputatuk eta senatarik aurkeztu izana —aurrekoa 252k eskatu zuten—; gutxienez urtebetez indarrean egondako lege bat izatea erreferendum bidez atzera bota nahi dena —gaur-gaurkoz, bi aste egin ditu indarrean—; eta «nazioaren politika ekonomikoari, sozialari edo ingurumenekoari dagokion erreforma bat» izatea. Sinaduren egokitasunari buruzko galbahea pasatuko duela espero da, baina aurrekariek iradokitzen dute Konstituzionaleko kideek argudioak ikus ditzaketela beste bi baldintzak betetzen direla ukatzeko.

Zer diote aurrekariek?

Ez dela inoiz RIP motako erreferendum bat egin. Frantziako V. Errepublikaren konstituzioa 1958koa da, baina 2008tik dago indarrean mota horrelako galdeketak baimentzen dituen artikulua. Hiru eskaera iritsi direla Kontseilu Konstituzionalaren mahaira. Lehenengoa soilik onartu zuen: 2019an eskatu zioten Parisko aireportuak kudeatzen dituen ADP enpresaren zerbitzu publikoaren izaerari buruzko erreferenduma baimentzea, eta hala egin zuen. Eskatzaileek, baina, 1,1 milioi sinadura bakarrik bildu zituzten, eta prozedura eten egin zen. Beste bi eskaerak ez ditu onartu: 2021ean, ospitale publikoetan arta unibertsala bermatzeko legea erreferendum bidez ebazteko eskaera atzera bota zuen, legearen artikulu bakar bat iruditu zitzaiolako konstituzioaren aurkakoa; 2022an, enpresen mozkin handien gaineko zerga bat eskatzeko erreferendum bat baztertu zuen, ez zelako politika ekonomikoaren inguruko erreforma bat, estatuaren aurrekontuari buruzko kontu bat baizik.

Onartuz gero, noiz da erreferenduma?

Ez dago datarik. Are gehiago, baliteke ez egitea, Konstituzionalaren epaiak ez du berez erreferenduma baimentzen, baizik eta hura egiteko prozeduraren urrats bat da. Onartuz gero, erreferendumaren sustatzaileek bederatzi hilabete izango dituzte hautesleen %10en sinadura biltzeko —hau da, 4,88 milioi—. Barne Ministerioaren lana izango da sinadurak modu elektronikoan biltzeko sistema bat plantan ezartzea. Parisko aireportuei buruzko erreferendumaren kasuan, Kontseilu Konstituzionalak berak ohartarazi zuen arazo tekniko handiak izan zirela.

Eta sinadurak bilduz gero, zer?

4,88 milioi sinadurak lortzen ez badira, erreferendumaren prozedura eten egingo da, eta ezingo da gai horri buruz berriro galdetu gutxienez hamar urtez. Baina izenpetzeak erdietsiz gero, erreferendum eskaera Frantziako Asanbleara eta Senatura itzuliko da, eta horiek sei hilabete izango dituzte horri buruz bozkatzeko. Ez badute egiten, erreferendumera deitu beharko du Errepublikako presidenteak.

Nork osatzen du konstituzionala?

Bederatzi lagun dira, baina horien artean ez da epailerik: bost politikoak dira eta beste laurak, berriz, goi funtzionarioak.
Politikarien artean bi izen nabarmentzen dira: Laurent Fabius eta Alain Juppe. Fabius lehen ministro izan zen (1984-1986) François Mitterrand presidente zela, eta François Hollande alderdikideak hautatu zuen Kontseilu Konstituzionaleko presidente, 2016an. Alain Juppe, berriz, Jacques Chiracekin izan zen gobernuburu (1995-1997) eta Bordeleko auzapez ondoren (2006-2019). Haiekin batera, Macronekin ministro izandako bi —Jacques Mezard eta Jacqueline Gourault— eta François Pillet eskuineko senatari ohia esertzen dira Kontseiluan.
Beste herrialde batzuetan bezala, botere politikoak hautatutako kideak ditu Kontseilu Konstituzionalak. Errepublikako lehendakariak eta Asanbleako eta Senatuko presidenteek izendatzen dituzte kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.