Laborantza

Lehorteak 40.000 hektareari kalte egin die Nafarroan

Lehortearen Mahaiaren bileran, Nafarroako Gobernuak iragarri du Europako Batasunean laguntza zuzenak jasotzeko aukera aztertzen ari direla Madrilgo gobernuarekin batera.

Zereal lur bat, Erriberan, Cascanten, iragan apirilaren 20an. OLATZ ARTOLA
joxerra senar
2023ko maiatzaren 2a
14:05
Entzun

Nekazariek aurretik ohartarazi zuten Nafarroa hegoaldean gari eta garagar uzta galduta zegoela lehortearen ondorioz. Kalte horren tamaina neurtu du Nafarroako Gobernuak. Erriberan eta Nafarroa erdialdeko eremu batzuetan, lehorteak 40.000 hektareari kalte egin die guztira.

Galera «larria» dela nabarmendu du Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilariak. Gainerako eskualdeei dagokionez, larreen eta laboreen egoera «onargarria» dela uste du. Ureztatzen diren lurretan, goiz da eragina neurtzeko: «Oraindik ere artoa erein eta planifikatzen den garaian gaude. Maiatza hilabete giltzarria izango da».

Aurten hirugarren aldiz, lehortearen mahaia bildu da Landa Garapen Departamenduaren Iruñeko egoitzan. Gobernuko ordezkariekin batera, bertan izan dira sektoreko eragileak; hala nola EHNE eta UAGN laborantza sindikatuak, UCAN kooperatiben elkartea, Alinar kontserba enpresen elkartea eta Aemet meteorologia zentroa.

Bilkura horretan, gobernuak oraingo egoeraren eta aztertzen ari diren neurrien berri eman die eragileei.

Ikusi gehiago:Zerura eta urtegietara begira

Laborariek aurreratu bezala, udazkenean erein eta udan biltzen diren zerealen uztari bete-betean eragin dio lehorteak. Batik bat goi eta behe Erriberan. Nafarroa erdialdeko eremu batzuetan ere galera handia da. «Horiek dira gehien zigorturiko zonak», azaldu du Gomezek. Gaur-gaurkoz, 40.000 hektarea inguru, baina kanpaina amaitzeko bi hilabete falta direnez, baliteke galera handiagoa izatea, eguraldia aldatu ezean.

Nafarroan, ureztatze sistema darabilten lurrek 119.000 hektareako azalera hartzen dute, eta handik ura hartzen duten laborariak murrizketen beldur dira. Nafarroako ubideko lehen zatiko lurretan (30.000 hektarea) Itoizko urtegiko ura hartzen dute, eta bertako hornidura «erabat bermatua» dago, Gomezen arabera.

Bardeako ubidean, %50

Aldiz, Esako urtegitik ura jasotzen duten Bardeako ubideko erabiltzaileen egoera kezkagarriagoa da. Gaur egun, urtegia %55 dago beteta. Iaz garai honetako egoeraren aldean, uraren erabilera erdira murriztu du Ebroko Ur Konfederazioak: egun, hektareako 2.500 metro kubiko ur har daitezke. Are hustuago dago Ebroko urtegia, Kantabrian (Espainia): %40,5 dago beteta. Hango urak ureztatzen du Erriberaren zati handi bat, Lodosako ubidearen bidez.

Neurriei dagokionez, laguntzen tramitazioa azkartzeko eskatu diote Europako Batzordeari, laborariek lehenago jaso dezaten dirua. Egoerari aurre egiteko, berriz, zuzeneko laguntzak ematea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua Madrilekin batera. Espainiako Nekazaritza Ministerioak Europako Batzordeari eskatu dio ezohiko krisietarako laguntza bereziak aktiba ditzala. Adibidez, iaz hori egin zuen Ukrainako gerraren ondorioei eurre egiteko, eta Nafarroan sei milioi euro banatu ziren abeltzainen artean, udazkenean. Horrez gain, Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak jasotzeko baldintza tekniko batzuk malgutzea bilatuko du gobernuak.

Azkenik, Gomezek azaldu du ezohiko laguntza guztiek legedi berezi bat beharko dutela: Espainiako Gobernua errege dekretu bat prestatzen ari da natur hondamendi baten pare jartzeko lehortean kaltetutako eremuak. Eskualde horiek mugatzeko irizpideak ezartzen ari da Aemet. Maiatzaren 16rako dekretuaren zirriborroa prest egotea espero da.

«Gehiago espero genuen. Oraintxe Nafarroako Gobernuak ez du marjina handirik krisi neurriak hartzeko», aipatu du EHNEko Patxiku Irisarrik bilera amaitutakoan. Neurriei dagokionez, errenta zerga jaistea eskatu du: «Espainiako Estatuan moduluan daudenei %25eko jaitsiera ezarri diete. Nafarroan ez dugu modulurik baina eskatu dugu bide hori jorratu behar dela». Gainera, zerealeko lastoa biomasa gisa erre eta energia iturri gisa erabili ordez, animalien bazkarako lehenestea proposatu zuen.

Antzeko eskaera egin du UAGNko presidente Felix Bariainek. «Bilera etsigarria izan da. Egoera oso-oso zaila da, eta neurri zehatzak egongo zirela uste genuen. Neurri sendoak hartu behar dira, eta arin». EHNEren modura, zergak jaisteko eta lastoa bazkarako erabiltzeko eskatu zuen. Bariainen ustez, funtsezkoa da laguntzen tramitazioa azkartzea eta malgutzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.