Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) alkate ohi Ana Urtxuegiaren militantzia etengo du Gipuzkoako PSE-EEk. Urtxuegiak onartu du Nikaraguara bideratutako udal funtsekin prebarikatu zuela eta funts haiek bidegabe erabili zituela. Hemezortzi urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna adostu ditu fiskaltzarekin eta akusazio partikularrekin. Ez dute, ordea, espetxean sartuko, ez delako baieztatu delitu horien bidez bera «aberastu» zenik. Akordioa Gipuzkoako Auzitegiak berretsi beharko du orain, Urtxuegiaren aurkako ahozko epaiketa bertan behera geratzeko.
Gipuzkoako PSE-EEk adierazi du duela bi aste ekin ziola militantzia eteteko kautelazko prozedurari, hiru aldeen akordioaren berri izan ostean; Gipuzkoako Auzitegiak akordioa berretsi ondoren etenaraziko du behin betiko Urtxuegiaren militantzia.
Lasarte-Oriako PSE-EEk amaitutzat jo du auzia, erabaki judiziala «errespetuz» onartuta. Are gehiago, adierazi dute sozialistek udal gobernutik zein oposiziotik lan egin dutela auzia argitzeko: «Lasarte-Oriako gobernu sozialistak 2010ean kanpoko auditoria bat kontratatu zuen Deloitte enpresarekin, bere fiskalizaziorako, eta kudeaketa hartan administrazio irregulartasunak egin zirela onartu zuen ikerketa batzorde baten eraketa eragin zuen hark».
Izatez, 2010ean, Urtxiegiak alkatetza utzi zuen, Eusko Jaurlaritzako SPRI erakundeko Txileko eta Peruko ordezkari kargua hartzeko. Ordurako, balizko irregulartasunen inguruko ikerketa egiten ari zen udal batzorde bat. Kasu hartan, PSE-EEk eta PPk zuten gehiengo osoa baliatu zuten txosten baten ondorioztatzeko alkate ohiak ez zuela deliturik egin diru laguntzekin lotuta; nahiz eta onartu zuten, kudeaketa ez zela legezkoa izan. Oposizioak, ordea, ez zuen harekin bat egin, eta protesta gisa, osoko bilkuratik alde egin zuen bozketaren unean.
Hauteskundeen osteko ordezkari aldaketarekin, EH Bilduk, EAJk eta Lasarte-Oriako Herritar Plataformak berriz heldu zioten auziari, eta epaitegira eraman zuten. 2015ean, Urtxuegia inputatu gisa deklaratzera deitu zuen Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak. Auto batean, epaileak adierazi zuen «irregulartasun formalak» egin zirela, proiektu lagunduetako «zati garrantzitsuak» ez zirela justifikatu eta «funts publikoak modu ilunean desbideratu» zirela; beraz, baziren «nahikoa zantzu eta arrazoi» prozedura abiatzeko. Halere, auzia artxibatu zuen behin-behinean, Nikaraguaren kolaborazio judizialik gabe aurrera egiteko zailtasunak argudiatuta.
Lasarte-Oriako Udalak helegitea jarri zion erabakiari, EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin, eta 2021eko maiatzean Gipuzkoako Auzitegiak berriz ireki zuen auzia; orain arte martxan egon dena.
Somoto Nikaraguako hiri bat da, 35.000 herritarrekoa; Hondurasko mugatik gertu dago, eta Lasarte-Oriarekin senidetuta dago. Lasarte-Oriako Udalak bi milioi euro baino gehiago eman zizkien udalerri hartako hiru erakunderi 2000 eta 2009 bitartean, garapenera bideratutako proiektuak sustatzeko diru laguntza gisa. Funts publiko horien erabilerak, baina, ezbaian jarri zuten oposizioko alderdiek.