Mendiko eskiko proba zaharrena da Mezzalama, baita gogorrenetakoa ere. 1933an sortu zen eta aurreko larunbatekoa 23. edizioa izan da, bi urtean behin egiten baita lasterketa. Monte Rosako glaziarretan egiten da proba, goi-mendian, eta lau mila metroko hiru gain igotzen dira: Castore, Naso del Lyskamm eta Roccia della Scoperta. Ibilbidearen zati handi bat glaziar-eremuan denez, segurtasunagatik, hiruko taldetan egiten da lasterketa: hiru taldekideek soka berari lotuta joan behar dute, arrakalen arriskua gutxitzeko, eta horrek areago zailtzen du ibilia. Jatorrizko ibilbidea Breuil-Cervinian abiatzen da eta Gressoney-La-Trinite herrian bukatu. 45 km dira guztira, eta goranzko desnibela ia 3.000 metrokoa da. Ibilbidea, gainera, 4.000 metrotik gora doa kilometro askotan, eta, beraz, funtsezkoa da altuerara ondo egokituta egotea.
Nahia Quincoces (Mendexa, 1983) eta Igone Campos (Zumarraga, 1991) Aste Santuan joan ziren Alpeetara, gorputza altuerara egokitzeko, eta bien esanetan, hori izan da lasterketa hain ona egin izanaren gakoa. «Aurreko asteetako egonaldi hori, altuerara aklimatatzea, funtsezkoa izan da altueran ondo sentitzeko. Nahia eta bion artean komentatzen genuen Lekeition egongo bagina bezala sentitzen ginela. Oso sentsazio onak izan ditugu altueran», nabarmendu du Igone Camposek.
Quincocesek hirugarren aldia zuen Mezzalaman. 2015ean egin zuen lehen aldiz, Marta Riba eta Marta Garcia katalanekin batera, era laugarren izan ziren.«Duela lau urte, Marta Riba berarekin eta Valentine Fabrerekin atera nintzen, eta zazpigarren izan ginen orduan. Hirugarren honetan, ilusio handia neukan ondo prestatzeko eta ondo egiteko», nabarmendu du.
Camposek, berriz, lehen Mezzalama zuen. «Ilusio eta gogo izugarria nuen lasterketa honetarako. Lehen igoeran gogorarazi nion Nahiari, ezagutu ginenean, duela urte batzuk jada, nola esan nion gustatuko litzaidakeela noizbait Mezzalaman parte hartzea. Bera ordurako eredu bat zen niretzat, ni hasiberria nintzen. Orduan oso urrun ikusten nuen Mezzalama, baina bost urte geroago, han ginen biok, Mezzalama egiten».
Breuil-Cerviniatik abiatu eta lehen igoera horretan 2.000 metrotik gorako desnibela gainditu behar zuten eskiatzaileek, eta Quincocesek eta Camposek nabaritu zuten hirukoteko beste kidea, Valentine Fabre frantziarra, pixka bat justuago zihoala. Munduko Kopako probetatik ezagutzen zuen Quincocesek frantziarra: «Elkarrekin egin ditugu taldekako zenbait proba, duela lau urteko Mezzalama bera adibidez, eta ez da erraza maila bertsuan dauden hiru neska topatzea».
Erritmoa egokitu, hirurentzat martxa egoki bat hartu, eta aurrera jarraitu zuten. Bukatzea eta ahalik eta hobekien egitea, ez zuten goragoko helbururik, «eta are gutxiago podiumera igotzea», dio Camposek, baina 45 kilometroko mendiko eskiko proba batek bakoitza bere lekuan jartzen du. «Aurrera egin ahala, gure aurretik ziren frantses talde bat eta suitzar talde bat erretiratu egin ziren, altueragatik eta nekeagatik. Hirugarren ginela jakin genuenean, tipi-tapa, ilusio handiz jarraitu genuen amaieraraino», oroitu du Quincocesek.
Nesken podiumean, eskuinean, Igone Campos, Nahia Quincoces eta Valentine Fabre. Mezzalama
Lehen igoera luzearen ondoren, Breithorneko lepoan lotu ziren sokara, glaziar eremuan segurtasun handiagoz joateko, araudiak agintzen duen moduan. Probaren hiru laurden gutxi gora behera, azken jaitsieraren erdi parera arte (Mantova aterpera arte), lotuta egin behar izaten da. «Eta ez da batere erraza, batez ere jaitsieretan. Tarte batzuetan dezenteko arrakala batzuk pasa genituen eskiekin gainetik, eta kontuz ibili behar da uneoro», azaldu du Quincocesek. «Hirukotean aurrean joanez gero, bastoiak erabil ditzakezu, baina atzean ez, sokari heldu behar diozulako, eta orekari hankekin eutsi behar diozu. Ni aurretik joan nintzen jaitsieretan, uneoro abisatzen ‘orain biraketa, orain eskuin, orain ezker’. Lotuta, asko moteltzen da abiadura. Edozein tiraldiren ondorioz erori egin zaitezke. Ez da erraza», azaldu du Camposek.
Biak ala biak «indartsu» sentitu ziren proba osoan. Orain hurrena elkarrekin egin zuten lasterketan, Adamellon (Italia), «txispa faltarekin» ibili zen Quincoces. «Oraingoan, aldiz, beste sentsazio bat, beste indar bat neukan; asko gozatu dut Mezzalaman». Eta Camposek ere, berdin, «zoragarri» sentitu zela dio. «Altueran ibili izan naizenetan oso ondo moldatu naiz, eta sentsazio oso onak izan nituen karrera osoan zehar».
Podiumeko hirugarren postua «ezustekoa eta berezia» izan da bientzat. Camposentzat denboraldia «gorabeheratsua» izan da: «Gauza asko uztartu behar izan ditut, lana, unibertsitateko ikasketak, entrenamenduak, lasterketa asko ezin izan ditut egin, eta egia esan, denboraldiaren bukaeran buelta pixka bat eman diot, eta Mezzalama bezalako proba batean, hirugarren izatea aurtengo eta nire ibilbide osoko emaitzarik bereziena izan da».
Quincocesen kasuan, gainera, ezustekoa are handiagoa izan da, Mezzalama amaitzean jakin baitzuen La Grande Course zirkuitu osoan bigarren izan dela. Bi urte irauten du zirkuitu horrek, eta mendiko eskiko lasterketa klasiko, mitiko eta garrantzitsuenak biltzen ditu: Pierra Menta, Adamello, Tour de Rutor, Altitoy, Patrouille des Glaciers eta Mezzalama. Gehienak bi urtean behin egiten dira, eta horregatik irauten du zirkuituak bi urte. «Sekulako ilusioa egin zidan Grande Coursen bigarren izateak, hori bai ez nuela espero. Munduko lasterketarik berezienak dira guretzat zirkuitu horretakoak . Iaz Altitoy irabazi genuen Igonek eta biok elkarrekin, iazko Pierra Mentan zortzigarren izan nintzen Julia Casanovasekin, Tour de Rotourren zazpigarren egin nuen Anitarekin (Ana Alonso); aurten Adamellon bederatzigarren izan gara Igone eta biok, eta orain hirugarren Mezzalaman. Beraz, lasterketa guztietako puntuak batuta, bigarren. Poz handia».
Alpeak, «beste dimentsio bat»
Nahia Quincoces eta Igone Campos ez dira euskal eskiatzaile bakarrak izan Mezzalaman. Gizonezkoen artean, Monte Rosako glaziarretan izan dira Jon Ander Aranburu zumarragarra (Gipuzkoa) eta Asier Alonso oñatiarra (Gipuzkoa), Loic Thevin frantziarrarekin batera hirukotea osatuz, eta Asier Labairu iruindarra (Nafarroa), Carlos Llerandi eta Pablo Ruiz De Almiron espainiarrekin taldea osatuz.
«Asier Alonso eta biok hitz eginda ginen, eta hasiera batean Asier Labairurekin batera joatekotan ginen, baina datak zirela eta, ezingo zuela esan zigun, eta orduan hirugarren taldekide bat bilatu genuen. Loic Thevin aurrez ezagutzen genuen, frantsesa da, baina Pirinioetakoa, eta gure inguruko lasterketetan elkarrekin ibiliak ginen. Halaxe osatu genuen taldea. Loic esperientzia handiko eskiatzailea da, oso aurrean ibilitakoa, baina gaur egun esango nuke maila paretsuan gabiltzala. Ondo moldatu gara», azaldu du Jon Ander Aranburuk. Labairuk, hasiera batean ezingo zuela joan uste bazuen ere, azkenean aukera izan du, eta Llerandi asturiarrarekin eta Ruiz De Almiron andaluziarrarekin osatu du taldea.
Eskiatzaileak elkarri lotuta, glaziar-eremuan. Mezzalama
Aranburu, Alonso eta Thevin 25. sailkatu dira. Gustura dira emaitzarekin, sentsazio onarekin itzuli dira, baina Aranburuk arantzatxo bat ere ekarri du: «Oro har, karrera ona egin genuen, postu ona lortu dugula uste dut, baina arazo tekniko batzuk izan genituen kranpoiekin, eta denbora eta postu batzuk joan zitzaizkigun hor. Uste dut, arazo horiek gabe, aurrerago ibili gintezkeela. Hori kenduta, pozik, gustura eta beteta etorri gara». Asier Labairu, berriz, 44. izan da, bi espainiarrekin.
Italiako Alpeetan, Adamello eta Mezzalama probetan lehiatu dira aurten Alonso eta Aranburu, eta hura «beste dimentsio bat» dela nabarmendu dute: «Pirinioetan ere baditugu lasterketa teknikoak eta gogorrak, baina hura beste maila bat da. Alpeetako mendi altuetan elurte bat botatzen duenean, metro erdiko elur-hautsa izan dezakete denbora luzean. Pirinioetan oso bakanetan izaten ditugu horrelakoak. Alpeetan, igoerak eta jaitsierak oso luzeak dira. Mezzalamako azken jaitsierak, adibidez, 2.500 metroko desnibel negatiboa zuen, gelditu gabe. Guk, hemen, 600 metro ingurukoak ditugu, gehienez», azaldu du Aranburuk.
Hori guztia dela eta, Alpeetako herrietako eskiatzaileak (italiarrak, frantsesak, suitzarrak...) urrun samar sumatzen dituzte oraindik. «Militarrak eta profesionalak dira asko. Maila handiagoa dute bai fisikoki eta bat teknikoki, mendiko eskirako bizi dira, elurretan entrenatzen dira ia urte guztia... Guk, berriz, gure lana dugu, elurra urrun, eta eskia zaletasun bat da guretzat. Agian, proba motzagoetan, aldeak ez dira hain handiak, baina Mezzalama bezalako lasterketa gogorretan, hor ikusten da zer maila duten. Jaitsieretan, batez ere. Harrigarria da nola jaisten diren inolako beldurrik gabe, abiadura horietan, sokarekin...».
Profesional horien artean lehenak, gizonezkoetan, Davide Magnini, Matteo Eydallin eta Robert Antonioli italiarrak izan dira Mezzalaman. Italiar armadako kideak lehia estuan ibili ziren uneoro Samuel Equy, Matheo Jacquemoud eta Xavier Gachet frantziarrekin. Hirugarren, Werner Marti eta Martin Anthamatten suitzarrak eta Jakob Herrmann austriarra izan dira.
Emakumezkoetan, berriz, Alba De Silvestro, Giulia Murada eta Giulia Compagnoni italiarrak nagusitu dira; bigarren, Marianna Jagercikova eslovakiarra, Elena Nicolini italiarra eta Iwona Januszyk poloniarra izan dira, eta hirugarren euskal ordezkariak.
Emakumezkoak
1.- Alba De Silvestro, Giulia Murada, Giulia Compagnoni 06:20:00
2.- Marianna Jagercikova, Elena Nicolini, Iwona Januszyk 07:11:03
3.- Nahia Quincoces, Igone Campos, Valentine Fabre 08:48:58
Gizonezkoak
1.- Davide Magnini, Matteo Eydallin, Robert Antonioli 04:55:49
2.- Samuel Equy, Matheo Jacquemoud, Xavier Gachet 04:58:33
3.- Werner Marti, Martin Anthamatten, Jakob Herrmann 05:03:24
25.- Asier Alonso, Jon Ander Aranburu, Loic Thevin 07:37:14
42.- Asier Labairu, Carlos Llerandi, Pablo Ruiz de Almiron 08:20:29