Literatura

Arnaut Oihenarten hiru poema ezezagun aurkitu ditu Gidor Bilbao ikertzaileak

Kopla berriak liburuan daude jasota. Bila segituz gero, «gauza gehiago» ere aurkitzeko aukera dagoela azaldu du ikerlariak, Miel A. Elustondok Euskal Idazleen Elkartearen webgunean egin dion elkarrizketan.

Arnaut Oihenart bizi izan zen etxea, Donapaleuko Justizi Karrikan. ALBERTO BARANDIARAN
Ainhoa Sarasola.
2023ko apirilaren 27a
21:24
Entzun

Arnaut Oihenart (Maule, 1592–Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1668), idazlea, abokatua, historialaria eta politikaria izan zen, euskal idazle klasikoen artean elizgizona izan ez zen bakarrenetakoa. Haren lan ezagunen artean, Notitia Utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae (1638) historia liburua eta Les proverbes Basques (1657) literatur lana daude —azken hori, bi partetan banatua: atsotitz bilduma, batetik, eta poemak, bestetik: Oihenarten gastaroa neurthitzetan—. Obra horri guztiari, baina, orain arte ezagutzen ez ziren hiru poema gehitu behar zaizkio. Gidor Bilbao EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasle eta Monumenta Linguae Vasconum taldeko ikertzaileak egin du aurkikuntza, eta haren nondik norakoak kontatu dizkio Miel A. Elustondori, elkarrizketa batean —www.idazleak.eus webgunean dago osorik irakurgai, baita poemak ere—.

Ikertzailea aspalditik dabil Oihenarten arrastoaren atzetik. Elkarrizketan kontatu duenez, konfinamendu garaian, etxetik hainbat katalogo arakatzen ari zela, Grenoblekora (Frantzia) heldu zen. «Oihenarten Oten gastaroa neurthizetan poema liburuaren ale ezezagun bat han zegoela ikusi nuen, eta, honenbestez, ongi ez katalogatutako besterik ba ote zen begiratu nuen. Eta hantxe, Cobla berriae (Vers basques) ikusi nuen, akats eta guzti, alegia, berriac ordez, berriae». Ez zen ez datarik, ez lekurik, ez autorerik ageri. Baina orri kopuruak Baionako Udal Bibliotekan gordetako Oihenarten liburura eraman zuen ikertzailea. «Grenoblekoan, lau orrialde gehiago ziren». Kopia bat eskatu zien hango artxibozainei, eta berehala bidali zioten. «Eta jaso orduko ohartu nintzen poema berriak zirela! Begi bistakoa gertatu zitzaidan!».

Bilbaoren hitzetan, artean ez zekien —eta esan du orain ere ez dakiela guztiz ziur— poema berri horiek liburu bat osatzen zuten, edota Oihenarten gastaroa neurthizetan liburuaren eranskin bat ziren. Idazleak ustez inprentara bidalitako lan guztiak banan-banan aztertu zituen, latinez, frantsesez eta euskaraz idatzitakoak, eta Grenobleko aleetako bati esker argitu ahal izan zuen Oihenartek bi poema liburuxka plazaratu zituela: lehendik ezaguna zena, eta Kopla berriak deritzona. «Bigarren honetako poema gehienak ezagutzen genituen, Baionako udal bibliotekako alean daudelako, baina, orain dakigunez, Baionako alearen parte horrek orri bat du eskas hasieran, eta beste bat amaieran (guztira lau orrialde)», zehaztu du ikertzaileak elkarrizketan. «Lehenengo orrian, Kobla berriak izenburua dago, eta orain arte ezagutzen ez genituen zazpi ahapaldi (poema horretako azken hiru ahapaldiak ezagutzen genituen, Baionako aleari esker). Bestalde, Jorraleen koblak izenburua ezagutzen genuen, Baionako alearen azken orrialdearen barrenean zegoelako, baina ez genituen ezagutzen poemak. Orain, berriz, azaldu da falta zena: Jorraleen koblak I eta Jorraleen koblak II. Eta XX. mendearen hasieraz gero ezagutzen genituen xikitoen moldekoak dira jorraleen hauek».

Bere teoria poetikoa, praktikara

Liburuxkaren hasierako kopletan, Oihenartek beste inon erabili ez zuen egitura metrikoa erabili zuen, Bilbaok azaldu duenez. «Irudipena daukat horrek egilearen helburu nagusietako bat salatzen digula, hau da, euskarazko poesiagintzan era askotako egitura metrikoak erabil daitezkeela erakustea. Hori, azken finean, bat dator bere L’art poétique-n adierazi zuen asmoarekin». Hala, ikertzaileak uste du kobla horietan Oihenartek «praktikan» jartzen duela bere teoria poetikoa, hainbat bertso molde nola erabili daitezkeen erakutsiz eta neurri ezberdinak probatuz.

Kasu honetan, hiru urrats egin ditu ikertzaileak: «Edizio filologikoa aurkeztu, grafia egokiturik eskaini, eta parafrasia ere osatu». Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo (ASJU) aldizkariaren webgunean jarri ditu ikusgai oraingo grafiara ekarritako koplak.

Aurkikuntzarekin, batetik, XVII. mendeko poesia berriak agertu direla adierazi du Bilbaok, «eta ez da gutxi»; eta, bestetik, Oihenarten «jokatzeko moldea ezagutzen jarraitzeko bidea» dagoela uste du. «Oihenarten poema berriak aurkitu ditugu, bai, eta bila segitzen badugu, gauza berri gehiago aurkituko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.