Autogintza

Aurten munduan salduko diren autoen %18 elektrikoak izango dira

Munduko auto elektrikoen salmenta %55 igo zen iaz, eta 10 milioiko muga gainditu zuen. Saldutako ibilgailu guztien %14 izan ziren elektrikoak. Aurten, berriz, %35 gora egin, eta saldutakoen %18 izango dira.

Auto elektriko bat salgai, Herrialde Katalanetan. ANA ESCOBAR / EFE
inaki petxarroman
2023ko apirilaren 26a
09:49
Entzun

Ibilgailu elektrikoen merkatuari buruz argitaratutako urteko txostenean, Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) azaldu du 2022an 26 milioi auto elektriko zeudela, 2018an baino bost aldiz gehiago. Ibilgailu horien erdiak baino gehiago (13,8 milioi) Txinan zeuden.

Duela hamar bat urtetik hona gertatzen den bezala, Txinan dago munduko auto elektrikoen merkaturik handiena. 2022an matrikulazioen %60 elektrikoak izan ziren. Gauzak hala, Txinako auto guztien %29 ziren elektrikoak 2022an; 2018an, %6ra ere ez ziren iristen.

Aldez aurretik gainditu da agintariek 2025erako ezarritako %20ko helburua. Gainera, goranzko joerari eutsi beharko liokete, 2030erako %40ko helburua jarri baitute aire kutsadura handiko eskualdeetan. 2023ko lehen hiruhilekoan, salmenta %20 baino gehiago handitu da iazko epe berekoarekin alderatuta.

Ikerketaren egileek kalkulatu dutenez, aurten zortzi milioi auto elektriko merkaturatuko dituzte Txinan, eta ibilgailu guztien %35 izatera iritsiko dira.

Europan, %25eko igoera

Europan, ibilgailu elektrikoen matrikulazioak %15 ugaritu ziren iaz. Hala, ibilgailu elektrikoen munduko bigarren merkatua bihurtu zen. Saldutako autoen laurdenak elektrikoak ziren, eta munduan diren auto elektrikoen herenak kontinente horretan daude.

Merkatu garrantzitsuena Alemania da —830.000 ibilgailu saldu ziren iaz—. Atzetik izan zituen Erresuma Batua (370.000) eta Frantzia (330.000), besteak beste. Salmentei dagokienez, kuotarik handiena duten herrialdeak Norvegia (% 88), Suedia (% 54), Herbehereak (% 35), Alemania (% 31), Erresuma Batua (% 23) eta Frantzia (% 21) izan ziren. EAk kalkulatu duenez, 2023an auto elektrikoen salmenta %25 inguru igoko da.

Ameriketako Estatu Batuetakoa (AEB) da munduko handienetan hirugarren merkatua, eta 2022an gehiago hazi zen Txinakoa eta Europakoa baino: %55. 800.000 auto saldu ziren, eta ibilgailu guztien %8ko kuotara iritsi ziren. 2021ean %5 ziren; 2020ra arte, ozta-ozta ziren %2. Hala gertatzeko, funtsezkoa izan zen ekoizleek modelo berrien eskaintza asko handitzea eta erakundeek pizgarriak ematea; bereziki, Joe Biden presidenteak laguntza plan bat indarrean jarri izana, inflazioari aurre egiteko.

Inbertsioak AEBetan

2022ko abuztutik 2023ko martxora, auto elektrikoen eta baterien fabrikatzaile handiek 52.000 milioi euroren inbertsioen berri eman dute AEBetan. Horrek guztiak iragartzen du iazko hazkundeak ez duela etenik izango: lehen hiruhilekoan, salmenten jauzia %60koa izan da, eta, AIEren arabera, 2023an 1,5 milioi salduko dira, matrikulazioen %12 inguru.

Munduko beste hainbat lekutan ere azkar hazten ari da auto elektrikoen merkatua; Indian eta Indonesian, esate baterako, salmenta hirukoiztu egin zen.

2030erako egunean gutxienez bost milioi petrolio upel gutxiago erabiltzeko aukera emango du ibilgailu elektrikoen merkatuaren hazkundeak. Hain zuzen ere, modu horretan, 700 milioi tona inguru CO2 baliokide isurtzea saihestuko litzateke. IEAk iragarri du, indarrean diren politiken arabera, garraioari lotutako berotegi gasen isurketek goia joko dutela 2025ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.