Kurdistan

Turkiako Poliziak ehun lagun baino gehiago atxilotu ditu, PKKrekin harremana dutelakoan

Politikariak, kazetariak, abokatuak eta gobernuz kanpoko erakundeetako ekintzaileak daude atxilo eramandakoen artean. HDPk Ankarari egotzi dio presidentetzarako eta parlamenturako bozetan esku hartzea segurtasun indarren eta sistema judizialaren bidez.

Emakume bat, Erdoganan bozetarako afixak alboan dituela, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE
ander perez zala
2023ko apirilaren 25a
12:30
Entzun

Turkiako presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeetarako hiru aste baino gutxiago falta diren honetan —maiatzaren 14an egingo dituzte—, herrialde horretako Poliziak ehun lagun baino gehiago atxilotu ditu «terrorismoaren kontrako» zenbait operaziotan. PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremana izatea leporatzen diete –«erakunde terroristatzat» daukate–; zehazki, talde hori finantzatzea, haren propaganda zabaltzea eta kide berriak sartzea.

Atxilotuen artean, kazetariak, abokatuak —tartean, BERRIAk elkarrizketaturiko Resul Temur— eta gobernuz kanpoko erakundeetako ekintzaileak daude. Turkiako agintariek esan dute 110 direla atxilo eramandakoak, baina Diyarbakirgo Abokatuen Elkargoko presidenteorde Mehdi Ozdemik adierazi du gehiago direla, gutxienez 150, eta operazioak ez direla amaitu. Hango hedabide batzuen arabera, segurtasun indarrek 216 lagun atxilotzeko agindua jaso dute.

HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatu Tayip Temelek Twitter sare sozialean azaldu du alderdi horretako hamar bat goi kargudun ere eraman dituztela, eta Turkiako agintariei leporatu die gaurko operazioek HDP asaldatzeko helburua dutela. «Hauteskundeen atarian, boterea galtzeko beldur direnez gero, atxilotze operazioak baliatu dituzte berriz ere», idatzi du Temelek.

Gerora argitara ateratako komunikatu batean, alderdi horrek gogor kritikatu du Turkiako Gobernua, argudiatuta «zuzenean» ari dela hauteskundeetan «esku hartzen Poliziaren eta [sistema] judizialaren bitartez». HDPren iritziz, honako arrazoi hau dago gaurko operazioen atzean: «2015etik, gobernua bere bizitza luzatzen saiatzen ari da kolpe politikoen, sarraskien, propaganda beltzaren, gerrako metodo berezien, mehatxuen, xantaiaren eta mota askotariko erasoen bitartez. Goizeko atxilotze sorta horrekin, beste kolpe bat abiatu du maiatzaren 14ko hauteskundeen aurretik. Operazio hau hautesleen nahiaren kontra zuzendua dago, eta mehatxu bat da gizartearentzat eta haren hautu politikoentzat».

Temelek aipaturiko alderdikide atxilotuen izen-abizen batzuen berri ere eman du HDPk. Turkiako Poliziak atxilo eramandakoen artean daude, esaterako, Ozlem Gunduz buruzagiordea eta alderdiaren zuzendaritzako kideetako bat, Mahfuz Guleryuz.

HDP legez kanpokoa bilakatzeko kasua

PKKrekin harremanak izatea leporatu diote HDPri, eta, fiskaltzaren eskari baten ondorioz, Turkiako Auzitegi Konstituzionala aztertzen ari da alderdi hori legez kanpokotzat jo eta desegiteko agintzea. Printzipioz, erabakia maiatzaren 14ko hauteskundeen aurretik jakinarazi beharko luke; HDPk eskatu zuen bozen ondoren egiteko, baina ezezkoa jaso zuen.

Ikusi gehiago:Turkiako Auzitegi Konstituzionalak aztertu egingo du HDP desegiteko eskaria

Hain justu, oposizioak uste du aukera handiak dituela bozetan Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea garaitu eta boteretik botatzeko. Horri begira, sei alderdi elkartu egin dira aliantza batean, baina HDP hartatik kanpo geratu da; besteak beste, koalizioko zenbait indarrek ez zutelako nahi alderdi hori sartzerik.

Horren ondorioz, HDPren diputatugaiak YSP Alderdi Berde Ezkertiarraren zerrendan lehiatuko dira. Hortaz, parlamenturako hauteskundeetan, baliteke alderdi horren diputatuen esku egotea gobernabidea baldin eta Auzitegi Konstituzionalak desegiterik agintzen ez badu eta Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak eta haren aliatuek gehiengo osoa galtzen badute.

Gainera, presidentetzarako bozei dagokienez, HDPk esana du ez duela hautagairik aurkeztuko, eta, beraz, dei egin zuen oposizioaren aliantzarenaren alde bozkatzera: Kemal Kiliçdaroglu da, oposizioko indar nagusiaren, hau da, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoaren buruzagia. Inkesten arabera, bozak gaur egingo balira, Erdogan garaituko egingo luke, alde txikiz, bigarren itzulian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.