«Talde lanek ikasleen arteko ikasketa aktiboari bide ematen diote, eta beste zenbait gaitasun sustatzen dituzte; oinarrizko baloreak dira guztiak», adierazi du Patricia Martinez Garcia ikerlariak. Argi utzi du, baina, lan eredu horrek alderdi negatiboak ere badituela, badaudelako genero rolek eta arauek eragindako desberdintasunak. Hori aztertu du bere azkeneko lanean, Delicia Aguado Pelaezekin elkarlanean.
Genero desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza arloko ikerketa ekintza du izena lanak, eta ikerketa lanetarako Emakunderen beketako bat jaso du. Gaur aurkeztu dute, Gasteizen. Egileez gain, han izan da Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Genero arauek indar handia dutela azpimarratu du Elgarrestak: «Eremu guztietan dute eragina, eta, ikerketa horrek eremu jakin batera begiratu du: talde lanetan batzuek eta besteek betetzen dituzten funtzioetara». Bigarren mailako hezkuntzan eta unibertsitatean gertatzen da, eta, dioenez, funtsezkoa da «genero ikuspegitik hausnarketa egitea» fenomeno hori amaiarazteko.
Aguadok azaldu du genero arauak direla lanaren oinarria: «Ikusezinak dira; txikiak garenetik aktibatuz doazen espektatibak dira, eta hezi ahala jasotzen ditugu». Hori kontuan hartuz, arau horiek talde lanetan aktibatzen ote diren ikusi nahi zuten ikerketan, eta, hala balitz, horiei aurre egiteko martxan jartzen ahal diren estrategiak prestatu. Ikerketak aurrera egin ahala, ikusi ahal izan dute lanaren alde publikoa –aurkezpena, adibidez– gizonek egin ohi dutela, eta pribatua, berriz, –zuzenketak edo dokumentazio lana– emakumeek. «Hitza gutxiago hartzen dugu, eta espazio txikiagoa okupatu», azpimarratu du Aguadok.
Emakumeek talde lanetan duten rolarekin lotutako zenbait ezaugarri ere aipatu ditu Aguadok. Nork bere buruari anitz exijitzea da horietako bat: ez dagozkien ardurak hartu ohi dituzte emakumeek, eta guztia bikain egiteko beharra dute. Gainera, inpostorearen sindromea ere agertu ohi da emakumeengan, eta horrek sinetsarazten die ez direla behar bezain onak esparru publikoan egoteko. Gizonen artean, berriz, kontrakoa gertatzen da: «Zigor handiagoa sentitzen dute hitza ez hartzeagatik, hitz egin eta hanka sartzeagatik baino». Bi talde horien ezaugarri orokorrak horiek diren arren, aldatu egiten dira pertsonaren arabera.
Ikusi gehiago:Maskararen atzekoa ikusaraztearen beldur
Ikerketaren arabera, enpatia ere bada bi talde horiek bereizten dituzten ezaugarrietako bat. Emakumeak arduratu ohi dira taldekide guztien ongizate emozionala ziurtatzeaz. Gizonak, ordea, «deseroso» egoten dira sentimenduez solastatzean.
«Berdintasunezko ikasgelak»
Ezaugarri horiek guztiek «errekonozimendua baldintzatzen» dutela dio Aguadok. Lan pribatuak ez bezala, publikoak errekonozitu eta baloratu egiten baitira. Martinezek azaldu du ikerketan zenbait proposamen egin dituztela errealitate horiek aldatzeko, «berdintasunezko ikasgelak sortzeko». Erran du «desberdintasunak problematizatzea» dela lehenbizikoa eta oinarrizkoena, eta, horretarako, «desberdintasunak existitzen direla onartzeko jarduerak egitea». Adibidez, lan batean bakoitzak zer egin duen identifikatuz gero, argiago ikusten ahalko da zereginak banatzeko orduan dagoen genero desberdintasuna. Bertzalde, orain arte baloratu ez diren lanak baloratzearen garrantzia ere aipatu du: «Ikusezina ikusaraztea».