Hilberria

Iñaki Mujika kirol kazetaria hil da

Herri Irratian Realaren eta Bidasoaren garai loriatsuak kontatzen egin zen ezagun Mujika. Real Unioneko presidente ere izan zen. 72 urte zituela zendu da.

Iñaki Mujika, 2018. urtean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 23a
09:55
Entzun

Euskal Herriko —bereziki, Gipuzkoako— kirol kazetaritzaren ahots ezagunenetako bat zendu da: Iñaki Mujika kirol kazetaria hilda topatu dute bart Hondarribiako (Gipuzkoa) haren etxean. «Arrazoi naturalengatik» hil da, 72 urte zituela. Ibilbide luzea egin du Mujikak kirol kazetaritzan; guztira, 30 urtetik gora egin ditu irratigintzan.

Besteak beste, ezaguna da 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera Realaren eta Bidasoaren neurketen kontakizunak egiten zituelako Herri Irratian. Aitzindaria izan zen jardun horretan, eta milaka lagunek jarraitzen zituzten haren emisioak bi talde horien garai loriatsuetan.

Aurretik, Madrilen bizi izan zen garai batean, eta Real Union ordezkaria izan zen han, besteak beste, Bigarren B Maila sortu zen garaian (1977). Gutxi geroago, 1979 eta 1983 bitartean, Irungo (Gipuzkoa) futbol taldearen presidente izan zen.

Garai hartan, Deia-ren berriemaile izan zen Gipuzkoan, eta Cope irrati katean ere egin zuen lan. Orduan hasi zen Herri Irratian ere; han, Movida Deportiva izeneko saioa zuzentzen zuen, neurketen kontakizunak egiteaz gain. Azken urteetan, Noticias de Gipuzkoa-n zutabe bat idazten zuen Realaren partiden ostean, 2006. urtetik aste honetara arte.

Ikusi gehiago:Iñaki Mujika: «Entzuleak jakin behar du fidagarria dela ematen ari zaren informazioa»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.