Osasuna

Jendetza handia bildu da Bilbon eta Gasteizen Osakidetzaren «egoera larria» salatzeko

Bilboko Udalaren arabera, 13.000 pertsona elkartu dira bertako manifestazioan. Protestaren amaieran Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute.

Bilboko Kale Nagusia gurutzatu duen manifestazioa. JESUS ZORRILLA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 22a
15:33
Entzun

«Jendea esnatzen ari da. Bere begiekin ikusten du Osakidetzan gertatzen ari dena, eta bere azalean nozitzen arreta okertzen ari dela. Horregatik bildu da jendetza hau». Esaldia Mireia Saiz Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformako (OPA) bozeramailearena da. Elkarte horrek antolatu du gaur eguerdian Bilboko eta Gasteizko kaleak gurutzatu dituzten manifestazioak, eta amaieran pozik zen bildutako jendetzarekin. Udalaren arabera, Bilbon 13.000 pertsona atera dira kalera Osakidetzaren «egoera larria» salatu, aurrez aurreko arreta berreskuratu, eta Gotzone Sagardui osasun sailburuaren dimisioa eskatzeko. Donostian 17:00etarako dago deituta mobilizazioa.

Aspaldian Bilbon antolaturiko mobilizaziorik jendetsuenetakoa izan da. Jauzi bat izan da osasun sistema publikoaren egoeraren inguruan deituriko aurreko protesten aldean. Jesusen Bihotzetik irten eta Kale Nagusi osoa gurutzatu du Arriaga plazara iristeko. Hasi aurretik nabaritzen zen deialdiak erantzun handia izango zuela, espaloiak eta inguruko metro geltokiak lepo baitziren. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin zuen deialdiarekin, eta hark mobilizaturiko jendeak, martxaren bat egin duenean —Areiltza Doktorearen zumarkalean zeuden zain— argi ikusi da parte hartzaileak milaka zenbatu beharko zirela.

Manifestazioko pankartak Plaza Eliptikoa igaro duenean atzeko muturra irteera puntuan zegoen oraindik. Manifestazio koloretsua izan da, tokian tokiko eskaeradun pankarta ugarirekin. Gehien errepikaturiko oihuak: «Ez, ez, ez, murrizketarik ez!», «Publikoa dena ez da saltzen, defendatu baizik!», «Kalitatezko osasun publiko baten alde» eta «Ez dira agintariak, gaizkileak baizik». Azken hori pentsiodun multzo handi batek altxatu du.

Amaierako ekitaldia Arriaga plazan izan da, eta bertan OPAko kideek hartu dute hitza. Saizek salatu du «saldu ziguten Osakidetza» irudipen hutsa zela, «ilusio optiko bat», eta egungoa osasun sistema pribatizatu, azpikontratatu eta prekari bat dela, «kapitalaren eta bere negozioen interesen neurrira egituratua». Kritika horren eredu gisa jarri du Osakidetzak Durangon (Bizkaia) ireki nahi duen zentro logistikoa, bere ustez, enpresa pribatuei «oparituko» zaiena.

OPAk egun Osakidetzan sumatu dituen atzerapausoak izendatu ditu: arreta ordutegien murrizketak, soilik erizainekin eta medikurik gabe kudeaturiko zentroak, amaigabeko itxaronaldiak telefonoz artatua izateko, Lehen Arretaren kolapsoa eta hark eragindako larrialdietako saturazioa, itxaron epeak, hizkuntza eskubideen urraketak... Saizek salatu du pauso horiek «Osakidetzaren desegite eta programatu» baten barnean daudela, eta osasun pribatua, mutualitateak, aseguru etxeak eta aholkularitza pribatuak gizentzea helburu dutela.

Plataformaren ustez, Gotzone Sagardui Jaurlaritzako osasun sailburua da «utzikeria» horren erantzule nagusia. «Gezurretan» aritzea leporatu diote, eta horregatik eskatu dute haren dimisioa. «Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta PSEri» ere gin diote dei, murrizketa eta pribatizazio politikak geldiaraz ditzaten.

Osasun Sailak ukatu egin du

Manifestazioekin bat, Jaurlaritzako Osasun sailak ohar bat ezagutarazi du; haren arabera, «Osakidetzaren ustezko desegitearen edozein teoria gezurtatzen duena». Sailak nabarmendu du pandemiaren ondoren Osakidetza «pultsua berreskuratzen» ari dela. Osasun sailak Osasun Publikoaren Defentsaren Elkarteen Federazioen ikerketa bat aipatzen du, eta, haren arabera, «osasun zerbitzu onenak eskaintzen dituen erkidegoetan bigarrena da». Era berean, gehitu du egun osasun sistema publikoan egiten ari diren inbertsioak inoiz baino handiagoak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.