Darfurko gatazka

Darfur, sarraskiz beteriko hogei urte

Hogei urte igaro dira Sudan mendebaldeko Darfur eskualdean gatazka hasi zenetik. Ordutik, 300.000 lagunetik gora hil dira, eta milaka herritarrek etxetik ihes egin behar izan dute.

Darfurko gatazkak eraginako ehunka errefuxiatu, Sudan mendebaldeko hiri baten kanpoaldean, 2008an. SARAH HUNTER / EFE
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 19a
16:58
Entzun

Larunbatean hasitako borrokek iraganeko ufadak harrotu dituzte Darfurren. Sudan mendebaldeko eskualde horretan orain hogei urte hasi zen gatazka. JEM Justizia eta Berdintasuna Mugimendua eta SLM Sudan Askatzeko Mugimendua talde afrikar errebeldeak Sudango Gobernuaren kontra matxinatu ziren 2003an. Omar al-Baxir zen presidente garai hartan, eta zera leporatzen zioten: herritar arabiarrak lehenetsi, eta Darfurko Zaghawa, Fur eta Masalit etniak diskriminatzea.

Talde errebeldeei aurre egiteko, Al-Baxirrek Janjaweed milizia arabiarra hornitu eta babestu zuen. Borrokak piztu eta hamar urtera, 2013an, su etena sinatu zuten JEMek eta Sudango Gobernuak. Urte hartan bertan, gobernuaren alde borrokatu ziren milizia arabiarrak talde paramilitar bihurtu zituen Al-Baxirrek, eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak sortu zen.

NBEren arabera, 300.000 lagunetik gora hil ziren Darfurko gatazkan, horietako asko gosearen eta gaixotasunen ondorioz. Are, etxetik alde egin behar izan zuten 2,5 milioi herritar inguruk. Ofizialki gatazka amaitutzat jo zuten arren, nazioarteko erakundeek salatu dute Darfurko herritarren aurkako erasoek ez dutela etenik izan azken hogei urteotan.

Bake misiorik ez

NBEk 2007an eratu zuen Darfurrerako Unamid bake misioa, AB Afrikako Batasunarekin batera, eskualdea egonkortu eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Baina 2020an hura ez luzatzea erabaki zuten, eta Sudango armadaren esku gelditu zen Darfurko segurtasuna ziurtatzea. Ordutik, indarkeriak nabarmen egin du gora eskualdean berriro ere.

Milizia arabiarrek ehunka zibil hil dituzte bi urteotan, eta, beste behin, milaka herritarrek etxea utzi behar izan dute. Zenbait erakundek salatu dute Sudango Gobernua ez dela saiatu eraso horiek eteten, jakinaren gainean egon arren.

Darfurko gerra hasi eta bi hamarkada geroago, giza krisi betean jarraitzen dute eskualdean. Munduko Elikagai Programaren arabera, eskualdeko herritarren %65 daude goseak. Aitzitik, orain hasitako Sudango gatazkaren harira, Munduko Elikagai Programak eten egin ditu Sudanen martxan zituen operazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.