RSF Azkar Laguntzeko Indarrak eta Sudango armadak 24 orduko menia adostu dute gaur eguerdian, zibilentzako «pasabide seguruak» bermatzeko; 18:00etan zen indarrean sartzekoa, baina minutu gutxi batzuk besterik ez du iraun. Al-Jazeera eta BBC telebista kateek jasotako zenbait lekukoren arabera, bonbardaketak eta tiroketak izaten ari dira Khartumen; besteak beste, armadaren kuartelean. «Esandakoa ez dute bete», esan dio Khalid Saad sudandarrak Ekialde Hurbileko hedabide horri, hiriburuan bertan. Bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeko laguntza buru Martin Griffithsek salatu du langile humanitarioei eraso egin dietela eta sexu abusuak jasan dituztela. Erantsi du NBEk Hego Darfurren zuen bulegoa arpilatu egin dutela.
RSF gerrillako buru Mohamed Hamdan Dagalok eguerdian jakinarazi du 24 orduko su etena itundu zutela armadarekin, zaurituak ebakuatu ahal izateko, besteak beste. Haren esanetan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin eta «nazioarteko beste eragile batzuekin» hitz egin ostean onartu zuten su etena. Aldi berean, baina, Dagalok salatu du armadak ez duela bete su etena, eta bonbardatu egin dituela zibilen babeslekuak, haien bizitzak arriskuan jarriz. «Nazioarteko giza eskubideen urraketa larria dira ekintza horiek», gaitzetsi du paramilitarren buruak.
Following a conversation with U.S. Secretary of State @SecBlinken and outreach by other friendly nations similarly calling for a temporary ceasefire, The RSF reaffirms its approval of a 24 HR armistice to ensure the safe passage of civilians and the evacuation of the wounded. 1/4
— Mohamed Hamdan Daglo (@GeneralDagllo) April 18, 2023
Sudango armadak, ordea, hasieran esan du berak ez dakiela ezer inolako nazioarteko bitartekaritzari buruz, eta ukatu egin du su etenerako akordiorik egon dela. Plazaratutako oharraren arabera, armadak egotzi dio RSFri menia baliatu nahi izatea «porrota» ezkutatzeko. Gerora, baina, berretsi egin du akordioa egon badela, azalpen gehiagorik eman gabe. Ondo bidean, Euskal Herrian 18:00ak direla sartuko da indarrean su etena.
Abdel Fatah al-Burhanarmadaburuak «talde matxino» izendatu zuen atzo RSF talde armatua, eta hura desegiteko agindu zien militarrei. Trantsiziorako Kontseilu Subiranoko presidentea da Al-Burhan, 2021ean orduan agintean zen gobernuaren aurkako estatu kolpea eman zuenetik paramilitarren laguntzarekin —kontseilu horretako presidenteordea da Dagalo bera—. Iazko urtearen bukaeran, bi aldeek adostu zuten paramilitarrak armadan sartuko zirela, baina ez zuten zehaztu nor izango zen indar armatu berrituen buruzagi. Bi aldeen arteko harremanak okertuz joan dira azken asteetan, joan den larunbatean lehertu ziren arte.
Ikusi gehiago:Sudanen gertatzen ari dena ulertzeko gakoak
Al-Burhanek berak ez du su etenari buruz adierazpenik egin, baina Fath al-Rahman Mohiuddin komandante ohiak Al Jazeerari onartu dio beharrezkoa dela menia bat: «Gorpuak daude kalean, gaixoak erietxeetan harrapatuta daude, eta ikasleak unibertsitateetan. Borrokak gelditu behar ditugu jendea kalera atera eta oinarrizko baliabideak eskura ditzan». Komandante ohiaren esanetan, RSFko buruzagitzak paramilitarren gaineko «kontrola galdu du», eta haiek «gaizkile taldeen gisan» ari dira jokatzen. Ondorioz, Mohiuddinek zalantzan jarri du milizianoek su etena errespetatuko ote duten. Era batera edo bestera, komandante ohiak baztertu egin du inolako elkarrizketarik: «RSFk armada desegitea nahi du, eta hori ez da negoziatu litekeen zerbait».
Borroketan hildakoak 185 inguru dira dagoeneko, eta 1.800 zaurituak, horietatik gehienak zibilak; jakinarazi dute litekeena dela hildakoen kopurua nabarmen handitzea datozen orduetan, gorpu asko baitaude Khartumgo kaleetan eta, borroken ondorioz, ezin izan baitituzte oraindik jaso. Hainbat erietxek ere eten egin behar izan dituzte beren lanak, bonbardaketen ondorioz. Meroweko aireportua ere itxi egin behar izan dute, bai eta Sudango aire eremua ere. Al-Jazeera telebista kateak zabaldu duenez, goizean zehar bonbardatu egin dituzte aireportuaren inguruetan kanpatutako RSFko indarrak. Inguruan bizi diren herritarrei, berriz, eskatu diete urruntzeko beren etxeetatik.
«Iraultza berri bat»
Dagaloren esanetan, «iraultza berri bat» ari da gertatzen Sudanen: «Helburu zintzoak ditugu: lehenik eta behin, gobernu zibil bat osatzea, benetako trantsizio demokratiko batera eramango gaituena». Bi aldeek, ordea, elkarri egozten diote borrokak hasi izana, baita gerra krimenak egitea ere.
Bitartean, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioak salatu du ezinezkoa zaiela giza laguntza Khartumera helaraztea, eta ohartarazi du osasun zerbitzuak kolapsatzear daudela. Hiriburuan dozenaka zibil daude ebakuatu zain.
Era berean, Nazioarteko Ikasketen Zentroko kide nagusi Cameron Hudsonek Al-Jazeerari esan dionez, aurrez aurre borrokan ari diren bi aldeek ez dituzte zibilen bizitzak kontuan hartzen: «Su etena orduero gainbegiratu behar dugu. Bi aldeei bost axola zaizkie zibilak». Horiek horrela, diplomazialari estatubatuar ohiak nabarmendu du RSFk eta armadak egindako «gerra krimenak» dokumentatu egin behar dituztela. Azkenik, «gatazka konpontzeko» eskatu die bi aldeei.