«Bollera ez-binarioak» solasgai hartu ditu Eva Perez-Ponsek

Lisipe bildumako hamahirugarren liburua aurkeztu dute gaur Donostian. Egileaz gain, Jule Goikoetxea eta Marta Luxan izan dira bertan.

Eva Perez-Ponsek 'Erresistentziarako gorputzak: bollerak' liburua argitaratu du. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko apirilaren 17a
13:18
Entzun

«Bollera identitatea nola bizi dugun eta feminismoan nola erlazionatzen garen». Hori da Eva Perez-Ponsen azkeneko liburuaren solasgaia. Funtsean, bollera ez-binarioak dira kontakizunaren ardatza. Erresistentziarako gorputzak: bollerak du izena argitalpenak, eta Lisipe bildumako hamahirugarrena da. Gaur aurkeztu dute, Donostian, eta, idazleaz gain, Jule Goikoetxea eta Marta Luxan ere izan dira bertan.

Perez-Ponsek adierazi duenez, diskurtso transfoboen goraldiaren harira sortu zen liburua egiteko ideia, 2020an. Kontakizuna ontzeko, Euskal Herriko zenbait feministarekin solastatu zen egilea, baina elkarrizketa horiek ez ditu sartu liburuan, lan teorikoago bat egin nahi izan baitu. Hala, Goikoetxeak azaldu du bi kapitulu mota bereiz daitezkeela: filosofikoak, non zenbait kontzeptu azaltzen diren eta horien inguruan hausnartzen den; eta historikoak, zeintzuetan kronologiak dauden.

Horrez gain, lanaren bi adar nabarmendu dituzte: zaurgarritasuna eta prekaritatea batetik, eta ekintza zuzen ez-biolentoa bertzetik. Lehenbiziko atalari dagokionez, Perez-Ponsek erran du zaurgarritasuna «gizaki guztiek» duten ezaugarria dela, baina beharrezkoa dela zaurgarriak diren horiek prekario ere badirela onartzea, horrek «banakoari errua kentzeko» balio duelako. Bigarren zatia talde antimilitaristen diskurtsotik hartu duela azaldu du, eta erresistentzia kolektiborako tresna badela.

Horrekin batera, Luxanek liburuarendako izenburu alternatibo bat proposatu du: eraldatzeko gorputzak. Haren erranetan, «praktika politikoa aldatu behar da», eta familia «desegituratu». Aldaketak proposatu baditu ere, garbi adierazi du liburua «aurrerapauso» bat dela: «Oraingoz ezin dugunez generoa ezabatu, egin dezagun continuum bat».

Lisipe bilduma

Luxanek Lisipe bildumaren garrantzia ere nabarmendu du: «Teoria praktikarekin uztartzeko ahaleginak egiten ditu». Eta, horrez gain, euskaraz «beharrezkoak diren materialak» ekartzen ditu. Euskarazko lehenbiziko bilduma feminista da Lisipe, Susa argitaletxean sortua. Jule Goikoetxea da editorea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.