Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko borrokak berehala hasi dira ondorioak izaten. Herenegun lehertu zen azken asteetan pilatutako tentsioa, eta jada gutxienez 97 lagun hil dira borroken ondorioz, gehienak Khartum hiriburuan. Sudango Medikuen Sindikatuak eman du hildakoen berri, eta, haren arabera, 942 zauritu ere utzi ditu gatazkak. Borrokak, ordea, herrialde osoan hedatu dira, eta ezinezkoa da kopuru erreala jasotzea. Bi aldeek elkarri egotzi diote gertatutakoaren erantzukizuna.
Sudango armadaburu Abdel Fatah al-Burhanek talde paramilitarra desegiteko agindu du, eta «talde matxino» izendatu du. Izendatze horrek eskumena emango dio armadari paramilitarren aurka egiteko. Borrokak piztu ziren Al-Burhan eta Mohamed Hamdan Dagalo biltzekoak ziren egun berean; bileraren helburua zen bi aldeen arteko tentsioa baretzea. Alde horretatik, «asmo txarrez aritzea» egotzi dio armadaburuak talde armatuari, eta esan du militarrek «estatuaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko» eraso zietela paramilitarrei. Al-Burhanen esanetan, paramilitarrek «galera handiak» izan zituzten, eta askok «ihes» egin zuten borroka eremutik.
Oso bestelako bertsioa da Dagalorena. Hark esku hartzeko eskatu dio nazioarteari, eta «gerra krimenak» egitea egotzi dio armadari. Bide batez, Al-Burhanen aginduei entzungor egiteko eskatu die militarrei. RSFko buruak leporatzen dio armadaburuari Omar al-Baxir presidentearen alde aritzea —2019an kargugabetu zuten Al-Baxir estatu kolpe baten bidez—. Dagalok, Al-Burhanek bezala, adierazi du «herritarren segurtasuna bermatzea» dela paramilitarrek helburua: «Sudanek bakartuta eta demokraziatik urrun jarraitzea xede duten muturreko islamisten aurka egiten jarraituko dugu. Al-Burhani jazarriko diogu justiziaren aurrera eramaten dugun arte».
Herenegun, nazioarteak borrokak eteteko eskatu zien bi aldeei, eta armadak eta talde paramilitarrak atzo adostu zuten NBE Nazio Batuen Erakundearekin zibilentzako korridoreak zabaltzea. 16:00etatik 19:00etara ireki zituzten. Baina nazioarteko erakundeak salatu du aldeetako bakar batek ere ez zuela menia errespetatu.
Krisi humanitarioa
Orain arteko datuen arabera, zibilak dira borroketan hildakoetatik gehienak. Hori nahikoa ez, eta Khartum eta Al Xaabeko hainbat erietxek eten egini behar izan dituzte lanak. «Aldez aurretik eskatua genien bi aldeei erietxeei erasorik ez egiteko, baina justu kontrakoa egin dute. Khartumen eta beste hainbat hiritan bonbardatu egin dituzte osasun zerbitzuak», salatu du Sudango Medikuen Batzordeak. Al Xaabeko erietxearen kasuan, gainera, bertako zuzendari Al-Taieb Abdel-Rahmanek Al Jazeerari azaldu dionez, ospitalea inguratua dute militarrek eta paramilitarrek, eta gaur gutxienez lau alditan bonbardatu dute.
Gurutze Gorriak bi aldeei eskatu die laguntza humanitarioa ematen ari diren erakundeen lana errazteko, eta zibilen aurkako erasorik ez egiteko: «Oso kezkatuta gaude borrokak jende asko bizi den eremuetan egiten ari direlako», azaldu dute.
Nazioarteak gertakariak gaitzetsi ditu. Hala egin dute NBE Nazio Batuen Erakundeak, Arabiar Ligak, AEBek eta EB Europako Batasunak, besteak beste. Bitartekari lanak egin nahian, berriz, Egipto ari da, EBrekin elkarlanean: «Egiptok dei egiten die bi aldeei indarkeria baztertu dezaten», esan du ohar baten bidez Ahmed Zeid Atzerri ministroak. Arabiar Ligak ere larrialdiko bilera bat egin du gaiaz jarduteko.
Era berean, Keniako, Hego Sudango eta Djibutiko hiru presidenteak Sudanera joango dira «lehenbailehen»; William Ruto, Salva Kiir eta Ismail Omar Guele, hurrenez hurren. «Gerra geratzea eta negoziazioetara itzultzea» eskatuko diete hiru presidenteek al-Burhan Sudango behin-behineko presidenteari eta Dagalori. Garapenari Buruzko Gobernuen Arteko Autoritateak antolatu du bidaia —Afrikako mendebaldeko zortzi herrialde barne hartzen ditu erakundeak—. «Sudanen egonkortasuna giltzarri da eskualdeko egonkortasun sozialerako eta ekonomikorako. Gatazkak ahuldu egin ditu bakerantz azken lau hilabeteetan lortutako aurrerapausoak».
Trantsizio epea
Al-Baxir hiru hamarkadaz Sudango presidentea izandakoa boteretik kendu zuten militarrek 2019ko apirilean, eta trantsizio epe bat abiatu zuten. Baina, krisi ekonomiko betean, trantsizio hori bukatu ezinik jarraitzen dute, eta, hain zuzen, hori bideratzeko moduan dituzten desadostasunen ondorioz piztu dira borrokak. Paramilitarren buruak nabarmendu du borrokan jarraituko dutela armadak amore eman arte. Estatu-kolpe saiakera bat, «matxinada bat», dirudiena salatu du armadaren buru eta Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren presidente Al-Burhanek, eta «dena» kontrolpean dutela ziurtatu. Armadak sare sozialetan gaineratu duenez, ez da negoziaziorik egongo paramilitarren taldea «desegin» arte.
Ikusi gehiago:Armadaren proposamenak gorabehera, protestan jarraitu dute Sudanen
Botere borroka bat da, finean, gertatzen ari dena. Aintzat hartu behar da paramilitarren lider Dagalo kontseilu subiranoaren presidentearen ondokoa dela 2019tik. «Orain gertatzen ari denak irtenbide baketsu bat ekarriko du, eta kriminal oro justiziaren aurrera eramana izango da», esan dio Al-Jazeera telebista kateari, elkarrizketa batean. Azpimarratu du, gainera, Al-Burhani ezin zaiola «presidente» deitu, «kriminal bat» baita.
Trantsizioa bideratzeko aurreneko saiakerak porrot egin zuen duela urte eta erdi. 2021eko urrian estatu kolpea eman zuten, militarrek eta Abdalla Hamdok lehen ministroa buru zuen trantsizioko gobernu zibila indargabetu zuen. Urtebete pasa geroago, iazko abenduan, akordio bat sinatu zuten sektore zibilek eta militarrek, zeinak zehazten duen zer pauso eman behar diren trantsizioa gauzatzeko eta zibilek militarrak ordezkatzeko herrialdearen buruzagitzan.
Ikusi gehiago:Botere borrokan kateatuta
Horretarako, behin betiko ituna sinatzekoak ziren auzian inplikatutako aldeak joan den hilaren 1ean, baina bi aldiz atzeratu dute, ez dagoelako adostasunik paramilitarrak armadan integratzeko moduari dagokionez. Al-Burhanek martxo amaieran adierazi zuen krisia konpontzeko prozesua «luzea eta zaila» izango zela. Eta egoerak okerrera egin zuen joan den ostegunean, zeren paramilitarrek beren unitateak hedatu baitzituzten Khartumgo kaleetan, armadari hori egiteko baimenik eskatu gabe.
RSF talde paramilitarra Al-Baxir presidente zenak sortu zuen, eta Darfurko gerran borrokatu ziren Yanyauid milizietan du oinarria. Horiek Sudango armada babestu zuten 2003 eta 2009 arteko borroketan. Gatazka hartan gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen dio Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Talde paramilitarrari egotzi izan zaio, gainera, Al-Baxirren kargugabetzea eragin zuten protestetan dozenaka manifestari hiltzea. 100.000 bat kide ditu, Reutersen arabera.
Ikusi gehiago:Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak