INDARKERIA MATXISTA

Beste 23 urteko kartzelaldia ezarri diote Alicia Aristregiren hiltzaileari, emakume bati eraso egin eta bortxatzeagatik

Bikotekide ohi bati eraso zion Jesus Gil Pelaezek Gasteizen, 2020ko urrian, hirugarren graduan zegoela

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko apirilaren 10a
14:39
Entzun

Nafarroako Auzitegiko herri epaimahai batek 22 urteko kartzelaldira zigortu zuen Jesus Gil Pelaez 2002. urtean, Alicia Aristregi atarrabiarra labankadaz hiltzeagatik. Orain, Arabako Lurralde Auzitegiak beste 23 urteko zigorra ezarri dio, bere bikotekide ohiari labanaz eraso egin eta bortxatzeagatik. Andrearen 12 urteko alabari ere zauriak eragin zizkion.

2020ko urrian gertatu zen erasoa, Gasteizen, Gil Pelaez hirugarren graduko espetxealdian zela. Horren ostean, akusatuak ihes egin zuen. Poliziak Burlatan (Nafarroa) atzeman zuen, Mugazuri industrialdeko etxabe batean. Otsailean epaitu zuten: epaileak 10 urteko kartzelaldia ezarri dio giza hilketa saiakeragatik, 11 urte sexu erasoagatik, eta beste bi urte adingabeari zauriak egiteagatik.

Erasoa gertatu zenean, Gil Pelaezek hiru hilabete zeramatzan hirugarren graduan preso. Haren bikotekide ohiaren etxera sartu nahi izan zuen, baina emakumeak ez zion atea ireki. Azkenerako, bortxaz sartu, sukalderaino joan, eta labana bat hartu zuen. Mehatxu egin zien ama-alabei, eta emakumea bortxatu zuen. Gero, labanaz hiltzen saiatu zen, baina andreak bere burua babestu zuen, eta, alabaren laguntzarekin, ihes egin zuten biek. Polizia heldu zenerako, gizona joana zen. Handik hiru egunera topatu zuten, Burlatan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.