«Euskadiko osasun publikoaren egoera puntu kritiko batera iritsi da». Osasun Publikoa Aurrera herri plataforma kezkatuta dago Osakidetzak bizi duen egoerarekin, eta ohar baten bidez egoeraren larritasunaz ohartarazi du. Halaber, herritarrak deitu ditu apirilaren 22an deitutako manifestazioetan parte hartzera. «Osakidetzaren suntsitze programatuaren aurka» mobilizatzera deitu ditu herritarrak, Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitutako manifestazioetan.
Plataformak salatu duenez, Aste Santuko oporrak direla eta, Osakidetzako egoerak okerrera egin du, eta «arazo handiak» ditu etengabeko arreta puntuetan medikuak ordezkatzeko. «Epe luzerako irtenbideak bilatu beharrean, Osakidetzak osasun zerbitzu publikoaren kalitatea arriskuan jartzen duen aldebakarreko erabakia hartu du, eta medikuak erizainekin ordezkatzen ditu». Plataformaren iritziz, erizainek ezin dute medikuen lana ordezkatu, eta familia medikuak ez egoteak arriskuan jartzen ditu herritarren osasuna eta segurtasuna. Osasun sailburuak mediku falta «justifikatzeko» emandako azalpenak ez direla aski uste du plataformakoak, eta «irmo gaitzetsi» du departamenduaren jarrera. «Langile faltaren arazoaren aurrean, irtenbide bideragarriak bilatu beharrean, Jaurlaritzak bere ideiak eta erabakiak inposatu ditu».
Hori guztia dela medio, herritarrei dei egin die apirilaren 22an kalera ateratzeko: «Argi dago Osakidetzan suntsitze programatua dagoela, herritar guztien eskubidea izan behar dena esku pribatuetan uzten ari delako». Osasun Publikoa Aurrera plataformaren iritziz, «bada garaia herritarrak altxatzeko» eta «beren ahotsa entzunarazteko» osasun publikoaren defentsan. «Garrantzitsua da pertsona guztiek, herritarrok eta osasun arloko profesionalok, bat egitea konponbide jasangarri eta kolaboratzaileak eskatzeko Osakidetzan, langile falta konpontzeko».
Osasuna
Osakidetzaren «suntsitze programatuaren» aurka mobilizatzera deitu du Osasun Publikoa Aurrera plataformak
Apirilaren 22an Bilbo, Donostia eta Gasteizen deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egin du. Salatu du Osakidetza erizainekin betetzen ari dela familia medikuek etengabeko arreta puntuetan utzitako hutsuneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu