Erretiroa hartzekotan zeuden irakasleak hasi ziren aipatzen, duela urte gutxi batzuk: Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegia 50 urte betetzekotan zen. Gainera, bazuten bulegoetako batean 25. urteurrenean ondutako plaka bat, 1997koa. “Hemen historia bat dago, jaso beharko genukeena”, ondorioztatu zuten euskaltegiko egungo beharginek, Jon Maguregi zuzendariak gogoan duenez. Iaz izan zen 50. urteurrena, baina orain ari dira ospatzen; Bilboko Udalak harrera egin zien martxoan.
Memoria ariketa bat egin dute, eta mugarri batzuk finkatu. Esaterako, euskara batuaren sorrera, 1968an. “Euskaltzaindiak alfabetatzeko eta euskalduntzeko batzorde bat sortu zuen. Frankismoaren garaia zen, euskara debekatuta zegoen, eta zerbait egiteko modu bakarra Euskaltzaindiaren babesean egitea zen”, azaldu du Maguregik.
Euskaltegiak han ditu erroak. Eta han aritzen zen, besteak beste, Sabin Egileor elizgizona, Bilbo Zaharraren ardatz izango zena, hark sortu baitzuen euskaltegia, eta han izan baitzen irakasle, erretiratu zen arte. Egileor 1970ean sartu zen batzordera, eta 1972an D titulua atera zuen. “Tituluak profesionaltasun izaera bat ematen zuen, horrek gaitzen zintuen irakasle izateko”, euskaltegiko zuzendariaren arabera.
Bide berrietatik
1972an hasi zen Egileor eskolak ematen. Matrikulazioak Euskaltzaindiak kudeatzen zituen, baina klaseak kanpoan ere ematen ziren. “Gau eskolak deitzen zitzaien, inguruko ikastetxeak ixten zirenean joaten baitziren klaseak ematera, 19:00etatik 22:00etara”, adierazi du Paulo Alberdi egungo irakasleak. Zazpikaleetako eskoletara joaten zirenez, Egileorrek Bilbo Zaharra gau eskolak izena ipini zion egitasmoari, 1972an. Hor ezarri dute euskaltegiaren sorrera, irakasleak zehaztu duenez. Edonola ere, euskalduntze eskolak laster gailendu zitzaizkien alfabetatzekoei, Peru Alberdi euskaltegiko irakasle erretiratuaren hitzetan. “Aldaketa izugarria izan zen. Ikusi zen bazegoela publiko bat hutsetik hasi nahi zuena euskara ikasten”.
Koldo Zuazo ere batzorde horretan aritu zen, 1974tik aurrera, eta hamarkadaren bukaeran utzi zuen euskaltegia. “Euskaldunak alfabetatzea zen helburua, baina Bilbon eta inguruetan inportanteagoa zen euskalduntzea”, kontatu du. Baina Francisco Franco Espainiako diktadorea hil ostean (1975), Euskaltzaindiak utzi egin zituen zeregin horiek. “Euskaltzaindia erret akademia izendatu zuten, eta ikusi zuten beste aro bat hasiko zela, beste eginkizun batzuk izango zituela, eta horietako bat ez zela euskalduntze eta alfabetatze eskolak ematea”, Zuazoren esanetan.
Egileorrekin batera, eskolak jarraitzea erabaki zuen Zuazok; Posta kaleko bulego txiki batean, aurrena. “Garai hartan, Euskal Herri osoan ematen ziren euskarazko eskolak, borondatez: irakasleek ez zuten ezer kobratzen, eta ikasleek ez zuten pagatzen, edo kopuru sinboliko bat baino ez. Baina guk oso argi geneukan profesionalak izan nahi genuela; hau da, irakasleak izan, eta irakaskuntzatik bizi”.
Eztandak eta mugarriak
Harrera oso ona izan zuten klaseok: matrikulatzeko zain zegoen jendearen ilara kaleraino heltzen zen —3. solairuan zegoen bulegoa—, eta egunean 160 matrikula egin zitzaketen. Zuazok gogoan du garai hura. “Eskaria bazegoen, ez zegoen ikasle faltarik”.
Hala, euskara ikasteko grina bat egon zen 1970eko hamarkadaren bukaerako urteetan, baina aparrak jarraitu zuen ondorengo hamarkadan ere, Peru Alberdiren berbei erreparatuta. Instituzionalizazioak eskaria hauspotu zuela dio. “Eusko Jaurlaritza martxan hasi zenean, eta Kultura Sailaren barruan ipini zirenean euskarazko eskolak, 1982-1984 urte inguruan, D titulua EGA bihurtu zen, eta titulua eskatu zen ikastetxeetan lan egiteko. Baldintza hori jarri zenean, eztanda bat izan zen”.
1981ean euskaltegiak bere egoera juridikoa finkatu zuen: kooperatiba sortu zuten, eta, bazkideen diru ekarpenekin, Santa Maria kaleko ostatu baten erdia erosi zuten. Hasierako bulego txikian hiru gela atera ahal izan zituzten, baina lekua txikiegi geratu zitzaien hainbeste ikasleri irakasteko, eta beste lokal batzuetan eman behar izaten zituzten klaseak. Urte gutxiren buruan, berriro aldatu zuten aterpea: 1983an, Bilboko uholdeak jazo eta gero, Posta kalean solairu bat salgai zegoela ikusi zuten; hondatuta zegoen, baina, handiagoa zenez, eskuratzea eta egokitzea erabaki zuten. Han dago gaur egun euskaltegia. “1985ean obrak amaitu barik zeuden oraindik, baina, ikasle kopuruagatik, erabiltzen hasi ziren”, kontatu du Maguregik.
Barnetegietara ere lotuta egon da Bilbo Zaharra euskaltegia. 1980ko hamarkadan, euskara ikasteko premia zutenetako askok barnetegietara jo zuten, eta Bilbo Zaharrak ere antolatzen zituen, han-hemenka, ez baitzuten eraikin propiorik. 1998an konpondu zuten hori. Barnetegi bat eskuratzea erabaki zuten. “Muxikan Gorozikako eskola zaharra alferrik galduta zegoen, inork ez zuen erabiltzen. Tratu bat egin genuen hango udalarekin”, dio Maguregik. Garai hartan “arrakastatsuak” izan ziren.
Eta 1980ko urteetan abiatu zuten, orobat, Bilbo Zaharra foruma. 2008az geroztik, euskaltegiak liburu bat hautatzen du ahoz gora irakurtzeko, ekainean, eta horren inguruan hainbat hitzaldi antolatzen dituzte. Foruma, baina, lehenagokoa da: 1984koa, zehazki. “Hiru hilean behin, euskal kulturaren gaineko hausnarketa egiten genuen. Hasieran Bidebarrieta liburutegiko aretoan, gero Euskaltzaindiaren aretoan”, zuzendariak azaldu duenez. “Gu ez gara akademia bat, oso garbi daukagu. Haratago joan behar dugu”.