Espazioaren esplorazioa

Artemis misioaren lehen astronautak aurkeztu ditu NASAk

Ilargira itzultzea helburu duen misioko lehen emakumea Christina Koch izango da, eta lehen beltza, Victor Glover. Jeremy Hansen kanadarra ere izango da misioaren lehen bidaian.

Ezker eskuin, Christina Hammock Koch, Reid Wiseman (eserita), Victor Glover eta Jeremy Hansen. NASA
jon ordonez garmendia
2023ko apirilaren 3a
18:47
Entzun

NASA AEBetako espazio agentziak jakinarazi du nortzuk izango diren ilargira itzultzea helburu duen Artemis misioko lehen astronautak. Gregory Wisman izango da komandantea, eta berarekin joango dira Christina Hammock Koch, misioko lehen emakumea, eta Victor Glover, lehen beltza. Eurekin joango da lauretatik estatubatuarra ez den astronauta bakarra: Jeremy Hansen kanadarra.

Artemis misioaren bigarren bidaia egingo dute laurek, bidaiariekin egiten den lehena, 2024ko azaroan. Hamar eguneko bidaia bat izango da, eta itzuli bat emango diote ilargiari, Orion izeneko espaziontzian; Space Launch System (SLS) suziri batek jaurtiko ditu espaziora. Bidaiaren helburua Orion-en bizi euskarriak probatzea izango da, espazioan bizitzeko eta lan egiteko behar diren gaitasunak neurtzeko. Izan ere, Artemis misioaren helburua ez da soilik ilargira joatea, baizik eta kolonia egonkor bat ezartzea han, gero handik Martera joan ahal izateko.

Lehen bidaia horretan, Glover izango da pilotua. Koch lehen espezialista izango da, eta Hansen, bigarrena. «Bakoitzak bere istorioa du, baina elkarrekin gure leloa ordezkatzen dute: E pluribus unum; anitzen artetik, bat. Esplorazio aro berri bat abiatzen ari gara espazioko bidaiari eta ameslari belaunaldi batentzat: Artemisa belaunaldiarentzat», adierazi dute lau astronauta horien aurkezpenean Vanessa Wyche eta Bill Nelson NASAko arduradunek. «Hau zuen tripulazioa da, gure tripulazioa, gizateriaren tripulazioa», esanez aurkeztu dituzte.

Christine Koch Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) egon zen 2019. urtean, eta espazio hegaldi batean egun gehien egon den emakumea da: 328. Denbora horretan, 223 milioi kilometro egin zituen, eta 5.248 itzuli eman zizkion Lurrari. Gainera, beste mugarri bat ezarri zuen Jessica Meir astronautarekin batera: gizonezkorik gabeko lehen espazio ibilaldia egin zuten.

Glover 168 egun egon da Nazioarteko Espazio Estazioan. Space X konpainiak kontratatu zuen Crew I misioko gidari gisara. 2021eko maiatzaren 2an itzuli zen. Winsman 2014an egon zen ISSn; 165 egun egon da espazioan, eta ia hamahiru ordu egon da ontzitik kanpo espazioan. Hansen gerra hegazkinetako pilotu izan da, eta ez du esperientziarik espazio bidaietan.

«Ezin harroago nago lau astronauta hauez. Astronauta talde batek izan beharko lukeena ordezkatzen dute: edozein erronka talde bat bezala gainditzeko gai diren pertsonen nahasketa», azaldu du Norm Knight NASAko bidaia operazioen zuzendariak.

1969. urtean iritsi zen lehen aldiz gizakia ilargira, Nasaren Apolo 11 misioan. AEBetako espazio agentziak sei bidaia egin zituen 1972ko abendua bitartean, eta, denbora horretan, hemezortzi astronauta joan ziren, guztiak gizon zuriak; horietatik hamabik zapaldu zuten ilargia. Geroztik, 50 urte baino gehiago daramatza NASAk ilargira joan gabe.

Lau astronautek egingo duten bidaia Artemis I misioa izango du oinarri. Joan den abenduan bidaiaririk gabeko hegaldia bat egin zuen Orion ontziak. Jaurtitzeko sistema eta ontzia probatu dituzte, eta 26 eguneko bidaia baten ondoren itzuli zen Lurrera.

Duela aste batzuk, Artemis II misioko jantziak aurkeztu zituzten NASAk eta Axiom Space konpainiek. AEBetako biztanleen %90ek jantzi ahal izango lukete beren neurrira egindako horrelako jantzi bat. 2019an, barregarri geratu zen NASA, espazio ibilaldi batean ez zituelako tamaina ertaineko bi jantzi ISS Nazioarteko Espazio Estazioan; hain zuzen, Kochentzat zen horietako bat. Bestea Anne McClainek behar zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.