Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden nekazaritza lurren 9.104 hektareatik ekoizpen ekologikora bideratuta daude 1.199. Gaur zazpi urteko datuei erreparatuta, ia hirukoiztu egin da 2016tik hona ziurtatutako nekazaritza lurren eremua. Lur horien artean, abeltzaintza ekologikoak —haragitarako hegaztien eta behien ekoizpenak— izan du hazkunderik handiena.
Halere, azken urtean moteldu egin da hazkundearen erritmoa. Gaur-gaurkoz, EAEko nekazaritza lurren %5 daude ekologikoan ziurtatuta, eta kopuru horrek ez du inolaz ere betetzen Baserritik mahaira Europako Itun Berdearen helburua: hots, 2030. urtean lurren %25 ekologikoak izatea. Dena den, helburua lortzeko zorian daude fruten (%21) eta barazkien (%19) ekoizpenak.
Bestalde, iaz 43 profesionalek eman zuten izena ekoizpen ekologikoan, eta horietatik %86k ekoizpen konbentzionalean jarduten zuten aurretik. Hortaz, eredu ekologikorako urratsa egin dutela azpimarratu du Euskadiko Nekazaritzaren eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak. Halere, belaunaldien arteko errelebo faltaz ohartarazi dute, eta horixe jo dute hazkunde motelaren erantzuletzat.
Ekolurra
Aldiz, Ekolurra bereizgarriaren garrantzia azpimarratu du Kontseiluak. 2021ean sortu zuten, eta euskal ekoizle ekologikoen elikagaiak identifikatzeko balio du. Haien arabera, horrek kontsumitzaileen eta ekoizleen premia bati erantzuten dio, zerari: elikagaien jatorria eta kalitatea ziurtatzea.