Laura Borras Junts Per Catalunyako (JxC) presidenteari lau urte eta erdiko espetxe zigorra eta hamahiru urteko inhabilitazioa ezarri dizkio Kataluniako Auzitegi Gorenak, eguerdian jakinarazi duen epaian. Kondenak espetxean sartzera behartzen du, hasiera batean. Baina auzitegiak indultua emateko eskatu du epaian bertan, kartzela zigorra bi urtera murriztu eta, horrela, ez dadin espetxera joan. Epaimahaiak prebarikazioa eta dokumentuen faltsutzea egotzi dizkio Borrasi, Kataluniako Letren Institutuko zuzendari zen garaian —2013tik 2018ra— hemezortzi kontratu publiko modu irregularrean esleitzeagatik bere ezagun Isaias Herrero informatikariari.
Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia ez da irmoa, eta Borrasek helegitea aurkezteko aukera izango du, Espainiako Auzitegi Gorenean lehenik, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ondoren. Hala egingo duela iragarri du epaiaren berri izan ostean, manifestari batzuen babesarekin Kataluniako Parlamentuaren aurrean egin duen agerraldian.
«Ez dut epaiketa justu bat izan, eta ezin nuen sententzia justu bat espero», esan du Borrasek. Errugabea dela adierazi du beste behin, eta ziur agertu da «beste auzitegi batek» hala ebatziko duela. «Mugimendu independentista suntsitzeko saiakera bat da, argi eta garbi».
Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eta 21 hilabeteko inhabilitazioa eskatu zuen Borrasentzat. Epaimahaiak, berriz, lau urte eta erdira mugatu du espetxe kondena, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio bi urtera murriztu dezala zigorra, indultu bidez. Kargu publikoetarako inhabilitazioa hamahiru urtera luzatu du, ordea. Horrek nabarmen mugatuko du Borrasen etorkizun politikoa.
Epaiketaren bilakaera baldintzatu duten kontu garrantzitsuenetako bat izan da Herrerok eta Andreu Pujol auziko hirugarren akusatuak akordioa egin izana fiskaltzarekin. Biek aitortu dituzte leporatzen zitzaizkien delituak, zigor txikiagoa jar ziezaieten, eta biek egotzi diote Borrasi kontratu publikoak legez kanpo adjudikatzea. Azaldu dutenez, kontratuak zatitu egiten zituzten, gehienez ere 18.000 euroko esleipenetan, lehiaketa publikorik egin behar ez izateko, eta onuradunek aurrekontuak faltsutzen zituzten.
Borrasen abokatu Gonzalo Boyek epaiketan salatu du bere bezeroaren defentsa eskubidea urratu dela, hiru akusatuen abokatuak elkarlanean aritu zirelako hiru urtez, elkarri dokumentuak bidaliz, eta epaiketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago jakin zelako fiskaltzaren eta Herrero eta Pujolen arteko akordioaren berri. Horrez gain, defentsak nabarmendu du Borrasen aurka aurkeztu diren zenbait proba ez direla modu zilegian lortu; esaterako, JxCko presidentearen eta Herreroren arteko mezu elektroniko batzuk, azaltzen zutenak nola zatitu behar ziren kontratu publikoak, informatikariari esleitzeko.
Kataluniako beste buruzagi independentista batzuk auzipetu dituztenean ez bezala, Borrasek ez du izan alderdi independentista guztien babesa. Borrasek berak eta JxCk politikaren judizializaziotzat jo dute: salatu dute bere ideia politikoengatik jazarri diotela, baina CUPek eta ERCk ez dute bat egin mezu horrekin. Jordi Turull JxCko idazkari nagusiarentzat ere «lawfare kasu bat» da. Defendatu du, bide batez, Borrasek jarrai dezala alderdiaren presidentea izaten, estatutuek zehazten dutelako ustelkeriagatik ezarritako zigorretan salbuespenak egin daitezkeela, frogatuz gero prozesuan jazarpen politikoa egon dela. Eta hori uste du JxCren buruzagitzak. Turullek nabarmendu du, gainera, «oso haserre» daudela, prozesua «irregulartasunez betea» egon dela iritzita.
Laura Vilagra Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, bestalde, ukatu egin du Borrasena errepresio kasu bat dela. «Ez dago aitzakiarik, ezta tarteko biderik ere». Generalitateak uste du «jokabide txarrak» frogatuak daudela, eta horiek ez dutela tokirik izan behar Kataluniako erakundeetan. Gaineratu du ezarritako zigorra «neurrigabea» dela, eta hala baieztatzen duela epaimahaiak berak indultua eskatu izanak. Antzera mintzatu da ERCren idazkari nagusiaren ondokoa, Marta Vilalta. Iruditzen zaio «egiaztatu» dela ustelkeria delitu bat egon dela, eta horrenbestez, «koherentziagatik», Kataluniako Parlamentuko presidente kargua utzi beharko lukeela.
Ondorioak parlamentuan
Gaurko epaiak Kataluniako Parlamentuko presidentetzari buruzko eztabaida berpiztuko du. Borras ganberako presidente da oraindik ere, nahiz eta kargua behin-behinean etena duen uztailetik, JxCko presidentearen aurkako ahozko epaiketa hasi zenetik. Sententzia honekin, Borrasi diputatu akta erretiratzeko agindu diezaioke Espainiako Hauteskunde Batzordeak parlamentuari, nahiz eta epaia irmoa ez izan, aurretik Quim Torra Generalitateko presidentearekin egin zuen bezala.
Borrasek berehala dimititu ezean, bide hori behartuko duela adierazi du PPk. Kargua uzteko eskatu dio Jessica Albiach Catalunya En Comu-Podemeko talde parlamentarioko presidenteak ere. Juntsen, berriz, Borrasen gertuenekoek proposatu dute presidente kargua hutsik uztea, protesta gisa. Aukera horren alde agertu da Torra, besteak beste. Ikusi beharko da gainerako taldeek zer jarrera hartzen duten.
Sententziak ondorioak izango ditu Borrasen etorkizun politikoan ere, 2021eko hauteskundeetan JxCren presidentegai izan zena ezingo baita bozetara aurkeztu datozen hamahiru urteetan, Gorenak edo Konstituzionalak gaurko epaia moldatzen ez badute behintzat.
Borras ezezaguna zen herritarrentzat 2017. urtearen amaierara arte, Espainiako Gobernuak konstituzioko 155. artikulua baliatuta Katalunian bozetara deitu zuen arte. Diputatu aukeratu zuten, Torrak Kultura kontseilari izendatu zuen 2018an. Borras haren hurbileko bihurtu zen.
Hurrengo legealdian, parlamentuko presidente kargua eskuratu zuen. JxCk gobernu ituna sinatu zuen ERCrekin 2021eko bozen ostean, eta Borras ganberako buru izendatzea adostu zuten. Parlamentuko mahaiak kargua eten zion, ERCren, PSCren eta CUPen aldeko botoekin, eta Borrasek egotzi zien «hipokritak» eta Espainiaren «gerra zikinaren konplize» izatea.
Hortik aurrera, JxC Generalitateko koalizio gobernutik ateratzeko presio handiena egin duen taldearen erreferente izan da Borras bere alderdiaren barruan, harik eta, iazko urrian, JxCko oinarriek koaliziotik irtetearen alde bozkatu zuten arte.
Puigdemonten eskaera
Gaur iluntzean, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu dio indarrik gabe utz dezala bera atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua, eta argudiatu du U-1ean ez zuela diru publikoa bidegabe erabili. Hori dela eta, uste du bera jarduera politikotik aldentzeko «jazarpen bat» dela bere auzia.
Hala dio Puigdemonten defentsak Auzitegi Gorenaren bigarren aretoko apelazio aretoan jarritako errekurtsoan. Bide horretan, eskatu dio atzera bota dezala Pablo Llarena prozesu subiranistaren aurkako auziaren instrukzio epaileak martxoaren 21ean berretsi zuen ebazpen judiziala, hots, Generalitateko presidente ohia diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik auzipetzekoa; hain justu, Espainiako Zigor Kodearen erreformaren ondorioz sedizio delitua indargabetu ondotik berretsi zuen ebazpena Llarenak.