Errenta

Gipuzkoako errenta kanpainak 65,2 milioi euro gutxiago bilduko ditu aurten

Gipuzkoako Foru Aldundiak 339,3 milioi euro itzuliko dizkie herritarrei aurten, eta 278 milioi euro jasoko ditu.

Irune Yarza Ogasuneko zuzendaria, Jokin Perona Ogasuna eta Finantzetako foru diputatua eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaetako zuzendariordea, gaur goizeko aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 29a
15:33
Entzun

Gaur goizean aurkeztu eta hasi du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022ko errenta kanpaina. Foru erakundeak 339,3 milioi euro itzuliko dizkie herritarrei aurten, eta beste 278 milioi euro jasoko ditu. Hortaz, 61,2 milioi euroren alde negatiboa izango du, eta iazko kanpainan baino 65,2 milioi euro gutxiago bilduko ditu. Ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.

Prezioen igoera orokorra dela-eta, herritarrak «babesteko» eta jarduera ekonomikoa «sustatzeko» neurriak hartu ditu foru erakundeak azken urtean, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez. Neurri horien artean, bi izan ditu hizpide: batetik, %5,5eko deflaktazioa eta 200 euroko kenkari berria —horrek 102,3 milioi euroko inpaktua izango du—; eta, bestetik, autonomoei eta sektore zaurgarrienei zuzendutako neurriak —beste 16,7 milioi euroko inpaktua izan dezakete—.

Ogasunak 400.000 aitorpen inguru jasotzea aurreikusten du, iaz baino 10.400 inguru gehiago. Horiek aurkezteko, orain arte zehaztutako bideak erabili ahalko dira, hots: proposamenen bidezkoa, aurrez aurrekoa eta telematikoa, Zergabidea aplikazioaren bitartez.

Hasi da kanpaina

Dagoeneko foru erakundearen webgunean ikusgai daude autolikidazio proposamenak, eta hasi dira proposamenak bidaltzen; posta eta posta elektroniko bidez. Datorren astelehenean onartu ahal izango dira, apirilaren 3an. Guztira 269.344 autolikidazio proposamen bidaliko ditu Ogasunak; horietatik 190.430 itzultzekoak dira, eta 78.914 ordaintzekoak.

Aurrez aurreko arretarako hitzorduak, berriz, apirilaren 13tik aurrera hartu ahal izango dira. Foru erakundearen aurreikuspenen arabera, 65.000 inguru zergadunek aurkeztuko dute aitorpena Ogasunaren bulegoetan. Horretarako, beste 11 arreta bulego irekiko dituzte, Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Bestalde, apirilaren 12an hasiko da errenta telematikoa, Zergabidea plataformaren bidez, online.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, 70 milioi euro jasoko ditu Ogasunak kanpaina honetan, iaz baino 2,4 milioi euro gehiago. Hori Zergabidea aplikazioaren bidez soilik aurkeztu daiteke.

Galerak galera, Peronak iritzi dio «urte ona» izan dela 2022a, eta arlo ekonomikoak «indartze bidean» jarraitzen duela. Halere, azpimarratu du «ziurgabetasun askoko garaia» dela, prezioen gorakada, finantza erakundeen tentsioak eta egoera geopolitiko ezegonkorra direla medio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.