Behin alderdi barruko primarioak irabazita, Humza Yousaf SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagi izendatu zuten, atzo, eta gaur Eskoziako lehen ministro aukeratu dute, espero bezala harena izan baita gehien bozkaturiko hautagaitza. Ondoren, hitza hartu du parlamentuan, eta nabarmendu «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen. Izan ere, iruditzen zaio Eskoziak modu «eraginkorragoan» erantzun ahal izango diela esku artean dituen «lehentasunei», independentea baldin bada. Nicola Sturgeon ordezkatu du bi karguetan, eta hark bere agendan jasoak zituenak betetzeko asmoa agertu du Yousafek. Charles III. Erresuma Batuko erregeak izendatuko du formalki.
Eskoziako Parlamentuan egindako bozketan Yousafen alde egin dute SNPko 64 diputatuek eta Berdeen zazpiek: 71 boto. Bi alderdiek bat eginda gehiengoa dutenez —128 aulki ditu ganberak—, argi zegoen haren hautagaitza nagusituko zela. Halere, ordezkaritza duten beste alderdiek ere beren hautagaiak aurkeztu dituzte lehen ministro izateko. Hala, Alderdi Kontserbadoreko Douglas Rossek 31 boto bildu ditu; Laboristen Anas Sarwarrek 22; eta Liberal Demokraten Alex Cole-Hamiltonek lau.
Ikusi gehiago: SNP, «sekulako anabasa»
Bere hautagaitza aurkezteko hitzaldia eman duenean, Sarwarrek esan dio Yousafi hauteskundeetara dei dezala, iritzita ez duela jaso herrialdea zuzentzeko agindurik. Kontuak kontu, 37 urteko Yousaf da Eskoziako zortzigarren lehen ministroa. SNP zuzentzen duen lehen musulmana da, eta, hain zuzen, gaur azpimarratu du bera dela Mendebaldeko demokrazia bat gidatuko duen lehen musulmana.
Eta esan duenez, SNPk azkeneko urteotan egindako «promesei» eutsi nahi die. Aintzat hartu behar da primarioetan bera zela Sturgeonengandik gertuen zegoen hautagaia; hau da, alderdiaren ildo ofiziala ordezkatzen duela. Ildo horrek, baina, berri txarrak jaso ditu azkeneko hilabeteotan. Joan den azaroan, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Eskoziak ezin duela independentzia erreferendumik egin Londresen baimenik gabe. Eta aurtengo urtarrilean, bestalde, Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utzi zuen Eskoziako Parlamentuak onartutako trans legearen proiektua, argudiatuta Erresuma Batuko legediarekin talka egiten duela. Horiek horrela, 2014az geroztik lehen ministro izandakoak, Sturgeonek, dimisioa eman zuen otsailean.
Ikusi gehiago: Humza Yousaf aukeratu dute SNPko buruzagi
«Ahots aurrerakoia»
Herrialde «justuago bat eta aberatsago bat» nahi duela adierazi du Yousafek, eta lehentasun izango du haurrak pobreziatik babestea. «Beti borrokatuko naiz pertsonen eskubideen alde», esan du parlamentuan. Bide batez, Sturgeonen «nazioarteko profila» goraipatu du, eta konpromisoa hartu du Eskoziak jarrai dezan izaten «ahots aurrerakoi bat» nazioarteko agertokian. «Ahal den neurria» elkarrekin lan egitera deitu ditu oposizioko alderdiak.