Sukaldea eskolan

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 27a
13:43
Entzun

Bihar Platerean Jateko Nazioarteko Eguna dela aprobetxatu du Gure Platera Gure Aukera taldeak aldarrikatzeko eskola guztiek eduki behar dutela ezkaratza. Hamazazpi ikastetxek eskari komuna egin diote Eusko Jaurlaritzaren mendeko Hezkuntza Sailari euren eskoletan sukaldea eraikitzeko, gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. Taldeak emandako datuen arabera, ikastetxe publikoen herenak bakarrik dauka ezkaratza ikastetxean bertan, eta gainerakoetara sukalde zentraletan prestatutako janaria garraiatzen dute.

Gure Platera Gure Aukerako Lurdes Imazek azaldu duenez, 2019-2023ko Hezkuntza Azpiegituren Planak dagoeneko jasotzen zituen lerro estrategikoetako bat da «lekuan lekuko sukaldeak berreskuratzea», eta sei ikastetxetan eraikitzeko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak. «Hala ere, plan hori 2023an amaituko da, eta momentuz sei horietatik bi bakarrik egin dira», ohartarazi du Imazek.

Ikastetxe horiez gain, sukaldea eskatu duten hamabost eskola biltzen ditu eskaera komunak —Atxondo LHI eta Zabalarra HLHI Hezkuntza Sailaren planean daude— baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Aldatuz joan da joera urteotan. Azken hamarkadetan, nagusitu da sukalde zentralizatuen bidez hornitzea jantokiak, eta «tradizioa» egon da sukalderik gabe egiteko eskolak. Hezkuntza Saila hori alboratzen hasi den arren, pausoak «motel» doazela iritzi dio Imazek.

Sukaldearen abantailak

Ikastetxeek sukaldea edukitzeak hainbat abantaila dauzkala esan dute. Alde batetik, «nabarmen murrizten du elikagaien xahuketa», goizean goiz kalkulatu dezaketelako zenbat janari egin, ikasleak zenbatu ostean. Gainera, argudiatu dute bazkariak «zapore eta nutrizio balio guztia» mantentzen duela zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago prestatuz gero.

Janariaren jatorria aukeratzeko abagune gehiago izango dituztela uste du taldeko Eneko Viñuelak. «Sukaldeak tresna bat izango dira hurreko produktua, sasoikoa, freskoa eta jasangarria gure seme-alaben menuetan egon dadin». Horrez gain, taldekoek esan dutenez, «familiek hobeto baloratzen dute menuen kalitatea» janaria eskoletan bertan eginda dagoenean. «Gurasoek horren arabera erabakitzen dute seme-alabak nora eraman; beraz, ulertzen dugu eskola publikoak, kalitatezkoa izan behar badu, sukaldea behar duela», aldarrikatu du Imazek.

Oraindik kanpainara hamazazpi eskola bakarrik batu badira ere, Viñuelak esplikatu du eskaera egiteko «prozesu» bat egin behar dela eskolan bertan: «Kanpaina orain dela hiru aste bultzatu dugu, eta eskola batzuek egin ahal izan dute prozesu hori eta beste batzuek ez, baina jakitun gaude eskola askok sukaldea eskatu nahi dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.