Arcelor Mittaleko zuzendaritzak aldi baterako enplegu erregulazio espedientea aurkeztu die sindikatuei ostiral honetan. Erabakiak Etxebarrin (Bizkaia), Lesakan (Nafarroa) eta Asturiasen (Espainia) dituen langileei eragingo die. Euskal Herriko bi planta horietan 650 bat ditu. Erabakiak guztira 7.000 ingururi eragingo die, baina ez Euskal Herrian dituen beste altzairutegietakoei: Sestao (Bizkaia), Olaberria eta Bergara (Gipuzkoa).
Asteazkenean Gijongo labe garaian izandako matxuraren eta sutearen ondorioz hartu du neurri hori. Enpresaren arabera, Euskal Herriko eta Asturiasko lantegiak gutxienez bi hilabetez gelditu beharko dituzte, eta horregatik aurkeztu du espedientea. Asturiasen ekoiztutako altzairuarekin lan egiten dute Etxebarrin eta Lesakan.
Sindikatuen ustez, goizegi da halako erabaki bat hartzeko, eta kalteen benetako irismena ezagutu arte itxarotea eskatu dute. Datorren ostiralean bilduko dira zuzendaritzarekin.
Gijongo instalazioa azkenengo sei hilabeteetan egon da geldirik, produktu siderurgikoen eskaerak behera egin zuelako, eta otsailaren 6an ekin zion berriro jarduerari. Planta 2025ean behin betiko ixtea aurreikusten du multinazionalak, eta ikatza erabiltzen duen egungo labearen ordez labe hibrido bat jartzea, argindarra eta hidrogenoa berdea erabiliko duena. Espainiako Gobernuak 460 milioi euroko diru laguntza iragarri du.