Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko euskara taldeek eta Ikamak deituta, mobilizazioak egingo dituzte gaur euskarazko hezkuntzaren alde, Hezkuntza euskaraz izango da lelopean. Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira protestak, 12:00etan hasita. Donostian, Bulebarretik abiatuko da manifestazioa; Bilbon, Jesusen Bihotzetik; Gasteizen, Elurreta eraikinaren ataritik; eta Iruñean, Antoniutti parketik. Gazteek euskararen defentsan beste aurrerapauso bat emango dutela azpimarratu dute, «kasu honetan hezkuntza eremutik», eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin.
Joan den astean egindako agerraldian, euskalgintzako eragileek salatu zuten eguneroko ogi bihurtzen ari direla ustez gaindituta zeuden diskurtso eta jarrera euskarafoboak. Haien irudiko, epaileek «mailuka» erakutsi nahi dute euskaldunak noraino hel daitezkeen eta noraino ez, eta horri erantzuteko premia sumatu dute. Hala, hezkuntzak euskaraz izan behar duela aldarrikatzeko egingo dituzte bihar protestak.
Argi adierazi zuen Gazte Euskaltzaleen Sareak: «Euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez du etenik izan». Uste dute «oldarraldi» horrek «gogor» jo duela euskara, eta ezinbestekotzat jo dute «eraso» horiei aurre egiteko herritarrek erantzutea. Hor kokatu dituzte biharko protestak: «Kaleak bete behar ditugu».
Protesta, ordea, bidean eman behar den pauso bat baino ez da euskalgintzako eragileentzat: «Bide horretan, urrats gehiago egin beharko dira. Horregatik, erasoaren neurriko erantzuna emateko urratsak egitera deitu nahi ditugu gizarte eragileak, eragile sindikalak eta eragile politikoak eta instituzionalak. Badakigu bidean oztopoak izango ditugula, baina bidea urratzeko erabakia hartua dugu».
Hainbatek adierazi diete babesa. Esaterako, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek mobilizazioekin bat egin dute.