Emaitza «ontzat» jo du Holger Schulz finantza zuzendariak. «Nahiz eta autogintzako sektorearen modura zailtasunak izan ditugun piezen horniduran, produkzioa handitu dugu, eta horri esker irabazi gehiago lortu ditugu», azpimarratu du.
Iazko emaitzak aurkeztu ditu Nafarroako Volkswagenek. Iragan urtean, 87,4 milioi euro garbi irabazi zituen: 2021ean baino 27 milioi euro gehiago. Schulzek azpimarratu bezala, horniduran izandako arazoak ez dira oztopo izan diru sarreretan igoera handia izateko: 2021ean, 2.924 milio euro fakturatu zituzten, eta iaz, 4.157,9 milioi euro; hots, urtebetean %43ko jauzia eman du negozio bolumenean.
Fakturazioaren %96 ibilgailuen salmentatik dator, eta gainerako %4a osagaien, karrozeriaren eta ordezko piezen salmentatik.
Ekoitzitako hamar ibilgailutik bederatzi Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen ditu. Zehazki, Alemania da merkatu nagusia, ibilgailuen %18 saltzen baita han; Frantzian eta Italian, berriz, ibilgailuen %13 saltzen dira.
Ibilgailuen %99,6k errekuntza motorra dute, eta beste %0,4 konprimitutako gas natural bidezkoak dira.
Michael Hobusch Volkswagen Navarrako presidentea pozik azaldu da emaitzekin. Iragan udan hartu zuen postua. «Guztien lanaren emaitza da. Talde kontsolidatu, eraginkor eta produktiboa dugu, eta gai izan da osagai eskasiak eragindako ezegonkortasunera egokitzeko».