Lehortea Afrika mendebaldean

Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

Etiopian, Kenyan eta Somalian uraren prezioak %400 egin du gora 2021eko urtarriletik, eta 22,7 milioi lagunentzat ezinezkoa da hura erostea. Somalian, iaz, 43.000 pertsona hil ziren lehortearen ondorioz.

Kenyako bi artzain, hildako auntzen gorpuei begira, artxiboko argazki batean. DAEL IRUNGU, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Oskar Epelde Juldain
2023ko martxoaren 22a
12:48
Entzun

Gobernuz kanpoko Oxfam erakundearen arabera, 33,5 milioi pertsonak —bostetik batek— ez dute edateko ur nahikorik Etiopian, Kenyan eta Somalian. Azken urteetako lehortearen ondorioz, gainera, uraren prezioak goia jo du, eta 2021eko urtarriletik %400 igo da, eta hura erostea ezinezko bilakatuz 22,7 milioi lagunentzat. «Aurreikusten dugu euri gutxi egingo duela aurten ere, seigarren urtez jarraian, eta aurreikuspen horiek betetzen badira inoizko lehorterik luzeenaz ariko ginateke hitz egiten», nabarmendu du Oxfam erakundeak ohar batean.

Afrikako adarrean ekainetik apirilera bitartean izan ohi da euri garaia, baina azken urteetan litro gutxi batzuk besterik ez du egin eskualdeko herrialdeetan, eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren milaka lagunen biziak arriskuan jarri ditu. «Eskualdean gose handiena jasaten ari direnek dute egarri handiena. Beren uztak eta animaliak galduta, baliabide ekonomikorik gabe geratu dira, eta, orain, gero eta garestiagoa den urarengatik ere ordaindu egin behar dute», azaldu du Fati N'Zi-Hassanek, Oxfameko Afrikarako zuzendariak.

Ikusi gehiago:Leo Nyabaya, Somaliako Aussie elkarteko koordinatzailea: «Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

Lehortea, ofizialki, duela bi urte hasi zen Afrikako adarrean, eta tarte horretan 13 milioi abelburu hil dira ur eskasiagatik, eta galdu egin dira milaka uzta hektarea ere. Ondorioz, 1,75 milioi lagunek euren bizitokiak utzi behar izan dituzte, ura eta janaria eskuratu ahal izateko. «Ehunka mila lagun bizi dira larrialdiko ur banaketari esker edo tratatu gabeko ura edan behar dute, eta hori, maiz, kutsatua dago. Kontsumitzeko urik gabe, gaitzak zabaltzeko aukerak gehiago dira», ohartarazi du N'Zi-Hassanek.

Herrialde gehienetan gosetea deklaratzea saihestu dute, baina ia erabat bizi dira nazioarteko laguntzaren menpe. NBE Nazio Batuen Erakundeak Afrikako adarreko hiru herrialdeentzako eskatutako 6.500 milioi euroetatik %20 soilik jaso dituzte orain arte. Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute horrek asko mugatuko duela laguntza banaketa.

Hondamedia

Somalian bakarrik 7,1 milioi lagun zeuden berehalako laguntza beharrean iazko urte amaieran. Herrialdeko zortzi eskualdetan daude gosete egoera aldarrikatzeko zorian. Nazioarteko laguntza iristen ari den arren, ez da beharrak asetzeko adinakoa, eta indarrean den gatazkak are gehiago okertu du egoera.

Iazko irailerako, lehorteak 1,17 milioi desplazatu eragin zituen. Iazko urtean, berriz, ur faltak 43.000 lagun hil zituen, horietatik erdiak bost urtetik beherako haurrak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuak dira. Haren arabera, aurreko sasoiekin alderatuta, Somalian egun duten lehortea da azken urteetako hilgarriena. OMEren aurreikuspenek jasotzen dutenez, larrialdiko neurriak hartu ezean, litekeena da aurtengo lehen seihilekoan egunean 135 pertsona hiltzea.

Somaliako Gobernuak nabarmendu du Bay, Bakool eta Banadir eskualdeetan dutela egoerarik okerrena. Osasun ministro Ali Hadji Abubakarrek nazioarteari eskatu dio laguntza, «gosete arriskua» alde batera uzteko. Harekin bat etorri da OMEko ordezkari Mamunur Rahman Malik, eta ohartarazi du «erlojupeko lasterketa bat» dela, eta elkarlanaren bidez milaka heriotza eragotz litezkeela, batez ere «kolektiborik zaurgarrienetan».

NBEren arabera, gosetearen mehatxua saihestu da giza laguntzari esker. Baina benetako krisia ez da konpondu, eta somaliarrek janari eskasiak dakarkien hondamendia jasan beharko dute aurrerantzean ere. Elikagairik gabe egongo den pertsona kopuruak gora egingo du, 214.000tik 727.000ra; hala iragarri du OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko buru Jens Laerkek. Bost mailako eskalan, laugarren faseko larrialdi gisa kalifikatu dute Somalian duten egoera, eta uste da txarrera egingo duela ondoko hilabeteetan.

Laboreen galerak, abereen heriotzek, eta goseteak ehunka mila pertsona behartu ditu ihes egitera. Gobernuaren aurrekontu ia osoa hartzen dute Al Shabab gerrilla islamistaren aurkako erasoaldiak eta krisi humanitarioak, eta, beharrak handitu ahala, gobernuak gero eta ahalmen txikiagoa du arazoari aurre egiteko.

Dagoeneko iragarri dute apirileko euri sasoiak ere kale egingo duela. Somaliako laborariek eta artzainek janaria ekoizteko laguntzarik ez dutelarik jasotzen, segurtasunik ezak ez duelarik laguntzen, aurreikustekoa da uzta behin eta berriro behar baino txikiagoa izango dela, eta, beraz, datozen hilabeteotan are lagun gehiagok bizi beharko dute laguntza humanitarioaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.