GERRA UKRAINAN

Ukrainak ere nahi du Xirekin bildu

Kiev Txinako estatuburuaren erantzunaren zain dago, harekin batzartzeko. Putinen esanetan, Pekinen bake planeko «puntu asko» bateragarriak dira «Errusiaren ikuspegiarekin»

X Jinping, gaur, Moskun. EFE
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 21a
12:58
Entzun

Xi Jinping Errusian dago, eta Kievek abagunea baliatu du jakinarazteko Txinako presidentearen baieztapenaren zain dagoela Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak harekin telefonoz hitz egin dezan. Hori nabarmendu du Irina Verestxuk Ukrainako lehen ministrordeak, Italiako Corriere della Sera egunkarian egin dioten elkarrizketa batean. Iruditzen zaio solasaldi hori «aurrerapauso bat» litzatekeela.

Ikusi gehiago:Bakhmut, higatze bataila bat

Errusiako eta Txinako estatuburuak atzo bildu ziren, eta gaur beste bilera bat egin dute; oraingoan, Kremlineko San Jurgi aretoan. Errusiako Gobernuak jakinarazi duenez, lankidetza estrategikoari eta elkarreragin ekonomikoari buruzko dozena bat inguru dokumentu sinatu dituzte bi liderrek. Izan ere, aliatu geopolitikoak eta bazkide estrategikoak dira. Eta, bezperan bezala, gaur ere hizpide izan dute Txinak Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko aurkeztutako egitasmoa. Batzarraren ondoko agerraldian Kremlineko buruak nabarmendu duenez, Pekinek aurkeztutako planaren «puntu askok» bat egiten dute «Errusiaren ikuspegiarekin», eta iruditzen zaio «puntu horietako asko» direla «Mendebaldean eta Kieven ezartzeko modukoak».

Txinak otsail amaieran plazaratutako hamabi puntuko dokumentuak eskatzen du, besteak beste, herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzeko, estatuen «segurtasun kezka zilegiak» kontuan hartzeko, zigor ekonomikoak baztertzeko eta areagotze militarra eragozteko. Gainera, su eten bat eskatu die aldeei, eta bake elkarrizketei berriro heltzeko baldintzak eta plataformak sortzeko adierazi dio nazioarteari. Txinako hedabideek gaur jaso dutenez, Xik atzo esan zion Putini «herrialde gehienek» nahi dutela gatazkaren «tentsioa murriztea», eta esan du gaurko agerraldian Txinaren jarrera «inpartziala» dela. Etxe Zuriaren arabera, su eten bat gertatzeko, Errusiak, aurrena, tropak atera beharko lituzke Ukrainatik.

Oro har Mendebaldeak ez bezala, Kievek aukera bat eman dio Txinak Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko planteatutako «bake egitasmoari». Washingtonek eta Bruselak hoztasunez hartu dute, eta, Xik eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo Moskun egindako bileraren ondoren, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Pekini leporatu zion aurkeztutako planarekin «babes diplomatikoa» ematea Kremlini.

Ikusi gehiago: Xik adierazi dio Putini «antzeko helburuak» dituztela

Kiev ez da tonu horretan hitz egiten ari. Verestxuki iruditzen zaio Txina «modu orekatuan eta pragmatismoz» jokatzen ari dela. «Ez dut uste Xiren asmoa denik konfrontazio ireki bat edukitzea Mendebaldearekin, era horretan Errusiarekin duen lankidetza errazteko. Pekinek ez du arriskatzerik nahi, zigor ekonomikorik eta tirabira gehiagorik izan ez dadin». Azken asteetan hurbiltze bat egon da Pekinen eta Kieven artean. Joan den astean, esaterako, Qin Gang Txinako Atzerri ministroak Dmitro Kuleba Ukrainako bere homologoarekin hitz egin zuen, telefonoz. Pekinen esanetan, Kulebari adierazi zioten Txinak «jarrera objektiboa» eduki duela Ukrainako auzian, eta «bakea sustatzeko» konpromisoa duela. Kulebak Twitterren idatzi zuen «lurralde batasunaren printzipioaren garrantzia» izan zutela eztabaidagai.

Ikusi gehiago: Mendebaldearentzat, Txinak Ukrainarako eginiko proposamenak ez du sinesgarritasunik

Eta Txinaren eta Errusiaren arteko harremanarekin lotuta, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek gaur adierazi duenez, ikusi dituzte «zantzu batzuk» adierazten dutenak Errusiak eskatu diola Txinari armak emateko. Mendebaldea esaten ari da azken asteetan Txinak mahai gainean duela Errusia militarki laguntzeko aukera, baina, Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak atzo esan zuenez, ez dago ebidentziarik esateko Pekin ari zaiola Moskuri modu horretan laguntzen. Txinaren egitasmoaren harira, bestalde, Mendebaldeko aliantza militarreko buruzagiak nabarmendu du Ukrainari dagokiola irtenbide bakezale baterako «baldintzak» jartzea.

Kishida eta Zelenski

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa Kievera joan da, han Zelenskirekin biltzeko. Hori jakinarazi dute Japoniako hedabideek. Bisita ez zegoen aurreikusita, eta, hain zuzen, Txinako estatuburua Moskun dagoenean heldu da. Kishidak urtarrilean adierazi zuen Kievera joango zela horretarako baldintzak «egokiak» balira. Japoniak du orain G7koen presidentetza, eta maiatzean goi bilera bat egingo dute Hiroshiman (Japonia). Munduko herrialde industrializatuenen taldeko liderren artean, Kishida zen Zelenskirekin batzartu gabe zegoen bakarra.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren bilera informal bat egin asmo du Errusiak apiril hasieran, Errusiara deportatutako adingabe ukrainarren «benetako egoeraz» hitz egiteko. Associated Press berri agentziak kaleratu duenez, Errusiak NBEn duen enbaxadore Vassili Nebenziak atzo egindako agerraldi batean azpimarratu zuen bilera hori planteatua zutela NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak Putin haurrak deportatzea egotzita atxilotzeko eskatu aurretik. Aurreko ostiralean egin zuen eskaera Hagak. Nebenziaren esanetan, adingabe ukrainarrak Errusiara deportatu dituzte azkeneko hilabeteetan, hain zuzen, jarduera militarrak eragin dezakeen arriskua «eragotzi» nahi dietelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.