«Euskararen biziberritze prozesuak goranzko bidea egiten jarraitzen du erabileran, ezagutzan, transmisioan eta jarreretan». Horixe da gaur goizean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VII. Inkesta Soziolinguistikoaz Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak egin duen balorazioaren laburpena. 1991n egin zuten lehen azterketa, eta ordutik hobekuntza etengabea izan dela nabarmendu du: «Datuek balio digute atzera begiratu eta euskararen biziberritze prozesuaren egin den lanaren fruituak ikusteko».
Hasteko, ezagutza dago. Euskara Gipuzkoan dago gehien zabaldua. Dena dela, Zupiriak goraipatu du hiru lurraldeetan areagotu dela ezagutza: 30 urtean zortzi puntu igo da Gipuzkoan; Bizkaian, ia bikoiztu egin da; eta Araban, hirukoiztu.
Ezagutza igotzen ari den bezala, erabilera ere handiagoa da. Zupiriak nabarmendu du hizkuntza gaztea dela euskara, gazteen artean dagoela gehien hedatuta. Euskara, hiztunak ez ezik, lekuak irabazten ere ari da, sailburuak azaldu duenez: «Euskara erabiltzeko guneak ere aldatu egin dira; testuinguru formalean nahiz informalean egin du gora erabilerak».
Jarrera positiboak
Sailburuaren esanetan, herritarrek euskararekiko atxikimendua adierazten dute. Izan ere, haien hizkuntza mailaz eta erabileraz galdetzeaz gainera, euskarari buruz zein pentsaera dituzten ere galdetu diete. Oro har, herritarrek euskara bultzatzearen alde egiten dutela esan du: «Gizartea euskararen gero eta aldekoagoa da».
Horiek horrela, Zupiriak uste du orain arteko bideari eutsi behar zaiola. Izan ere, haren esanetan, gaur egungo egoera «duela 30 urte amestutako etorkizuna» da. Dena dela, oraindik zer eginik ere ikusten ditu: «Hemendik aurrera, gure erronka nagusia izango da gune bakoitzak dituen beharrizan soziolinguistikoei erantzutea». Horretarako, batez ere, garrantzitsua iruditzen zaio hizkuntzaren ezagutzan eta harreman sareetan eragitea.