GERRA UKRAINAN

Putin atxilotzeko agindu du Nazioarteko Zigor Auzitegiak

Gerra krimen bat egitea leporatu dio, haurrak behartuta deportatzeagatik Errusiara. Xi Kremlineko buruarekin bilduko da Errusian, datorren astean. Pekinek jakinarazi du Ukrainarekin hitz egin duela auziaz.

Putin eta Xi, iazko otsailean, Pekinen. EFE
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 17a
13:08
Entzun

NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak Vladimir Putin Errusiako presidentea atxilotzeko agindu du. Ukrainan okupatutako lurretan adingabeak Errusiara behartuta deportatzeagatik, gerra krimen bat egitea leporatzen dio. Hagak kaleratutako aginduaren arabera, «arrazoizko motiboak» daude pentsatzeko Putinek «zigor erantzukizuna» eduki duela egotzitako krimen horiek egiterakoan, izan «zuzenean» edo zeharka.

Dena den, Errusia ez da organo horretako kidea. Orduan, ez dago behartuta auzitegiarekin kolaboratzera. 2016an atera zen —1998an sortu zuten—, auzitegiak ebatzi zuelako Errusiak Krimean egindakoa «okupazio bat» izan zela. Esaterako, Txina, AEBak eta India ere ez dira kideak.

Hain zuzen, aste honen hasieran HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuen inbasioa hasi aurretik Ukrainako instituzioen kargu zeuden milaka adingabe Errusiara deportatu dituztela, behartuta. Horrekin guztiarekin lotuta, NBE Nazio Batuen Erakundeak ikerketa bat kaleratu zuen atzo, eta azpimarratu Errusiak «askotariko gerra krimenak» egin dituela Ukrainan.

Ikusi gehiago:Kieven kargupeko milaka haur Errusiara deportatu dituztela salatu dute

Bestalde, Xi Jinping Txinako presidenteak bidaia ofiziala egingo du Errusiara datorren astean, eta han egongo da astelehenetik asteazkenera. Azken lau urteetan hara egindako lehen bisita izango da. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartuko da astelehenean eta asteartean; Pekinek otsail amaieran proposamen bat plazaratu zuen Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko, eta, hain zuzen, proposamena aurkeztu eta hilabetera bilduko dira bi estatuburuak. Bi aldeek baieztatu dute bilera, eta iragarpena heldu da, hain justu, Txinako Atzerri ministroak Ukrainako bere homologoarekin hitz egin ondorengo egunean. Xi, gainera, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin telefonoz mintzatzekoa da datorren astean, azken egunetan haien gertuko iturriak aipatuz zenbat hedabidek kaleratu dutenez; dei hori, ordea, ez dago baieztatuta.

Auziari irtenbide bat emateko «bake elkarrizketak» sustatzerakoan, «rol eraikitzaile bat» jokatu asmo du Txinak, Qin Gangek gaur nabarmendu duenez. Joan den otsailaren 23an negoziazio horiek bultzatzeko kaleratu zuen hamabi puntuko dokumentuan su eten bat eskatu zien bi aldeei, eta elkarrizketa horietarako baldintzak sortzera deitu zuen nazioartea. Horiek izan ziren berritasun nagusiak. Izan ere, bestela, Errusiak inbasioa hasi zuenetik plazaratutako mezu bera eman zuen Pekinek; hau da, herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatu behar direla, baina kontuan hartu behar direla estatuen «segurtasun kezka zilegiak» ere.

Ikusi gehiago: Mendebaldearentzat, Txinak Ukrainarako eginiko proposamenak ez du sinesgarritasunik

Mendebaldeko herrialdeek, dena den, eszeptizismoz erreakzionatu dute. Proposamenak sinesgarritasunik ez edukitzea leporatzen diote Txinari. Aintzat hartu behar da Txina eta Errusia aliatu geopolitikoak direla, iaz inbasioa hasi baino aste batzuk lehenago «mugarik gabeko lankidetza hitzarmen bat» sinatu zutela, eta azken urtean beren arteko harreman komertziala sendotu dutela; Pekin da Errusiari petrolio gehien erosten dion herrialdea, eta diru iturri hori ezinbestekoa da Moskurentzat. Horrekin guztiarekin lotuta, Txina abstenitu egin da NBE Nazio Batuen Erakundearen batzarretan Errusiaren jokabidea gaitzesteko testuak onartzeko bozketetan, eta, gainera, ez dio zigor ekonomikorik jarri Moskuri.

Ikusi gehiago:Txinak eta Errusiak adierazi diete AEBei bat eginda daudela

Nolanahi ere, eszeptizismoa gorabehera, AEBentzat «berri ona» litzateke Zelenskiren eta Xiren arteko solasaldi bat. Hori adierazi zuen atzo John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak. Dena den, ohartarazi zion Txinari ez dezala eduki gatazkaren «aldebakarreko» ikuspegi bat.

Txinaren armak

Jardun militarrerako erabil daitekeen ekipamendua bidali zion Txinak Errusiari iaz. Hori kaleratu du AEBetako Politico hedabideak, aduanetako joan-etorriak biltzen dituen etxe baten datuetarako sarbidea eduki ondoren. 2022ko ekaina eta abendua bitartean, Txinako enpresa batzuek mila bat erasorako fusil, droneetarako piezak eta balen kontrako txalekoen hamabi tona saldu zizkioten Kremlinekin lotura duen enpresa bati.

Bestalde, Eslovakiak jakinarazi du hamahiru gerra hegazkin emango dizkiola Ukrainari. Era horretan Kiev lagunduko duen bigarren herrialdea da, Poloniak atzo iragarri baitzuen Ukrainaren esku utziko dituela bere armadaren lau borroka abioi. Mendebaldeak ez du, dena den, erabaki bateraturik hartu auziaren inguruan. Horren harira, gaur, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari egotzi dio gatazkan duen «parte hartze zuzena» areagotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.