Euskara

Euskararen «hiztegirik zehatzena» sortu dute

Egungo Euskararen Hiztegiak 70.000 sarrera baino gehiago ditu, eta hamabost urte behar izan dituzte bukatzeko. EHUko Euskara Institutuak garatu du lana, eta Ibon Sarasola EHUko irakasle ohi, hizkuntzalari eta euskaltzain emeritua arduratu da proiektuaz.

Egungo Euskarareren Hiztegia aurkeztu dute gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 14a
13:10
Entzun

«Hiztegia paperean argitaratuko balitz, 16.000 orrialde baino gehiago izango lituzke». Egungo Euskararen Hiztegia aurkeztu dute gaur Bilbon, eta Eva Ferreira EHUko errektoreak haren dimentsio fisikoa azpimarratu du. Izan ere, 70.000 sarrera baino gehiago aurki daitezke hiztegian. EHUko Euskara Institutuak garatu du lana: «Institutuak bere historia luzean izan duen proiekturik zabalena, sakonena eta handiena da». Proiektuaren arduradun nagusia, bestalde, Ibon Sarasola EHUko irakasle ohi, hizkuntzalari eta euskaltzain emeritua da. Gaur-gaurkoz, Egungo Euskararen Hiztegia euskara-euskara «hiztegirik zehatzena» da.

Lana 2008. urtean abiatu zuten, eta hamabost urte behar izan dituzte bukatzeko. Hiztegiaren oinarria Ereduzko Prosa Gaur corpusa da, hori ere Euskara Institutuak garatua. Hartan bildutako hitz guztiak jaso, eta Egungo Euskararen Hiztegia sortu dute: 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo. «Interesa duen edonork kontsulta dezake lana», azaldu du Ferreirak. EHUren webgunean dago eskuragarri.

Hiztegiak badu berezitasun bat, Miren Azkarate EHUko Euskara Institutuko zuzendari ohiak adierazi duenez: «Hitzak zein testuingurutan erabiltzen diren deskribatzen du hiztegiak». Hau da, hiztegiak ez du soilik hitzaren definizioa ematen. «Kontrolatzen ez dudan hizkuntza baten hiztegia kontsultatzen dudanean, ikaragarri eskertzen dut hitzaren testuingurua azaltzea eta adibideak ematea». Izan ere, adibideak ere ageri dira Egungo Euskararen Hiztegian; eta adibide horien iturburua kontsultatu daiteke. Horrez gain, hitz multzoen maiztasuna ere ageri da: «Hitz jakin bat zer beste hitzekin erabili ohi den ageri da baldin eta multzo hori gutxienez hiru aldiz erabili bada».

Sarasolarekin batera, Josu Landa ibili da buru-belarri lanean. Eta hiztegiaren formatua landu du. «Haren laguntzarik gabe, ez nuke hiztegia egingo», nabarmendu du Sarasolak. Eta teknologiaren garrantzia ere azpimarratu du: «Gaur egun, horrelako hiztegi bat ezin duzu teknologiarik gabe egin».

«Kasualitatez» hiztegiak sortzen

Sarasola Koldo Mitxelenarekin batera hasi zen lanean Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian. «Kasualitatez nago hemen; Mitxelenak laguntza eskatu zidan, eta zaletu egin nintzen», gogoratu du Sarasolak. Eta gehitu du ordutik ez duela besterik egin. Mitxelena hil zenean, proiektuaren arduradun egin zen; eta, 2005ean argitaratu zuen hiztegi horren azken liburukia. 2007an, Euskal Hiztegia zabaldu, eta Hiztegi Batua Euskal Prosan hiztegiaren lanketan parte hartu zuen. 2021ean, Euskaltzaindiko euskaltzain emeritu bihurtu zen. Adierazi duenez, «oso ondo» pasatu du hiztegia egiten: «Orain, jostailua kendu didate».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.