NATO eta EBren aukarko herri ekimenak, BardenasYa kolektiboak eta Askapenak antolatuta, Bilbon protesta egin dute gaur arratsaldean; Euskal Herri «antiinperialistaren» aktibazioa martxan jartzeko eskatu dute. Plaza Eliptikotik abiatu da martxa. Pankarta ugari erakutsi dituzte manifestariek, besteak beste «gerra» eta «miseria» gaitzesteko.
Sistema «kapitalistaren krisia» agerikoa dela nabarmenduta antolatu dute protesta, eta horren ondorioak «koiuntural» moduan aurkeztu nahi badira ere, uste dute ez direla inolako «salbuespena»: «Sistema kapitalistari berari dagokion ezaugarri bat da krisia». Ukrainako gerraren inguruan sortutako krisi ekonomiko, energetiko, politiko eta militarra ere hori aintzat hartuta ulertu behar dela uste dute.
Egun, gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuak «hegemonia» galtzen ari direla adierazi dute, eta ataka horretan ulertu behar direla «inperialismo atlantista», NATO eta EB Europako Batasuna azken hilabeteetan egiten ari diren pausoak. Finean, NATO «kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra» dela pentsatzen dute mobilizazioaren deitzaileek.
Horiek horrela, «burgesiaren aparatu politikoak suntsitzera» deitu dute, eta «herri langileen borroka» aldarrikatzera.
NATOren operazioak ez direla urrutiko kontuak azaldu dute; Bardeako poligono militarrean, Gasteizko Arakako baseko ariketa militarretan, gastu militarra handitzeko bertako talde politikoek hartu dituzten erabakietan, eskubide murrizketetan eta errepresioan erakundearen itzala dagoela nabarmendu dute.
«Honi guztiari ezinbestean gehitu behar zaizkio Bruselak ezarritako salbuespenezko neurri ekonomiko eta sozialak: pentsio pribatuen funtsak, erretiro adinaren igoera, osasungintza publikoaren desegitea... Gero eta argiago dago, ez herri gisa, ez klase gisa, ez dugula etorkizunik NATO eta Europako Batasunaren barruan», nabarmendu dute protestaren amaieran irakurri duten oharrean: «Beharrezkoa da burgesiaren dominazio tresnak suntsitzea, baita Estatu espainiarra eta frantsesa ere, askatasunean oinarritutako etorkizun bat nahi badugu behintzat».
Euskal Herrian NATOren aurreko jarrerak bidea egina duela gogoratu nahi izan dute. «Duela 36 urte ezezkoa eman genion NATOri, eta gaur, ez dugu hori berrestea bakarrik nahi, areago, ofentsiba inperialistari aurre egin eta dei egin nahi dugu EHn indarrak batzera NATOren eta EBren aurka, eta, ezinbestean, munduko gainerako herri langileekin eta nazio zapalduekin. Jarrai dezagun borrokan, jarrai dezagun antolatzen. Presazkoa da, eta ez dugu denborarik galtzeko».