Euskararen ezagutzak mende hasieratik izan duen gorakadari eusten dio Nafarroan. Nafarroako Gobernuak plazaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Nafarroako herritarren %14,1 euskaldunak dira, eta horiei euskaldun hartzaileak batuz gero, biztanleen laurdenek dute (%24,7) euskararen gaineko ezagutzaren bat. Halere, kezka eragin die euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrerek behera egin izanak.
1991etik 2021era bitarte, euskaldunen ehunekoak 4,6 puntu egin du gora. Eta gorakadari kopuru absolutuetan erreparatuz gero, azken 30 urteetan Nafarroan honelakoa izan da igoera: 1991n, 40.167 euskaldun ziren, eta, orain, 76.784 dira. Euskaldun hartzaileak, berriz, 19.300 ziren lehen, eta 57.834 dira orain.
Adin taldeei erreparatuta, zenbat eta gazteago, handiagoa da ezagutza maila. 16 eta 24 urte arteko herritarren %40,2 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Adin tarte horretan, %28 dira euskaldunak, duela 30 urte baino 18 puntu gehiago, eta 2016an baino 2,2 gehiago. 25 eta 34 urte artean dituztenetan ere gorakada nabarmena da: 1991n, euskaldunak %7 ziren; egun, %20,2 dira.
Nafarroako administrazioak bereizten dituen hiru eremuei erreparatuz gero, euskaldunen ehunekoak gora egin du eremu euskaldunean eta, batez ere, mistoan. Lehenengoan, herritarren %62,3 dira euskaldunak; hamarretik zortzi baino gehiago dira 16 eta 34 urte bitarteko biztanleen artean. Eremu mistoan, %12,6 dira euskaldunak; gazteen %28,9. Eremu ez-euskaldunean, berriz, behera egin du ehunekoak, baina badu azalpen bat: 9/2017 Foru Legearekin, 44 udal eremu ez-euskaldunetik mistora pasatu ziren.
Iruñean, euskaldunak %13,5 dira, bost urte lehenago baino hiru puntu gehiago; denera, 23.306 biztanle. Euskaldun hartzaileak batuz gero, euskararen ezagutzaren bat dutenak 42.388 dira. Hura da Nafarroan euskaldun gehien dauden eremua.
Gaitasuna
Euskaraz hitz egiteko gaitasun erlatiboari dagokionez, euskaldunen %48,4 «euskaldun elebidunak» (%20,4) edo «elebidun orekatuak» (%28) dira; hau da, euskaraz hobeto aritzen dira, edo euskaraz erdaraz bezain ondo. Gazteen artean da txikiena ehuneko hori, %68,3 «erdal elebidunak» baitira. «Erdal elebidunen kategoria gero eta nagusiagoa da euskaldunen artean», esan du Euskarabideko Paula Kasaresek.
Gainera, bilakaerak erakusten du ehuneko horrek behera egin duela azken urteetan. 1991an, Nafarroako euskaldunen %67,2 gutxienez gazteleraz bezain ondo aritzen ziren euskaraz, eta 2011n, %52,1 ziren. Izan ere, 1991n, herritarren %8,1en lehen hizkuntza zen euskara, eta, egun, %6,1ena. Halere, Kasaresek esan du gazteen artean gora egiten ari dela euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntzatzat dutenen ehunekoa. «Haurrei euskara etxean irakasteko joera handitzen ari da gutxika-gutxika». 2016an, gazteen %5,9en lehen hizkuntza zen euskara; 2021ean, %6,5ena. Lehen hizkuntzatzat euskara zein gaztelania dituzten gazteen ehunekoa, berriz, %4,9tik %5,2ra igaro da.
BERRIA
Transmisioa
Bi gurasoak euskaldunak direnean euskararen transmisioa nolakoa den ere aztertu dute inkestan. Guraso euskaldunak dituzten 16 eta 34 urte bitartekoen %94,3k jaso dute euskara haiengandik, 35 eta 49 urte artekoen %78,5ek, eta 50 urtetik gorakoen %77,2k. Gainera, lehen adin tarteko transmisioak gora egin du 2016ko datuekin alderatuta: euskara jaso dutenak %85,4 dira —%82,4, 2016an—, eta euskara eta gaztelania jaso dutenak %10,9 —%8,3, 2016an—.
Erabilera
Herritarren %12k erabiltzen dute euskara. Halere, bi bloke nagusi bereizi dituzte barruan. Euskaraz erdaraz beste edo gehiago egiten dutenak, eta euskaraz erdaraz baino gutxiago egiten dutenak. Lehen blokeak apurka-apurka gora egin du azken hamar urteetan, adin tarte eta gune soziolinguistiko guztietan. Oro har, herritarren %6,8k egiten dute euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago.
BERRIA
Jarrera
Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreretan agertu du kezka nagusia gobernuak. Herritarren %30 daude alde: 1991n baino 8,4 puntu gehiago dira, baina duela hamar urte baino 7,7 gutxiago. Gazteen artean sustapen horrek izan duen beherakada nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, 2011n 16 eta 24 urte artekoen %41,8k zuten erabilera sustatzearen aldeko jarrera, eta, orain plazaratutako inkestaren arabera, egun %27,2 dira.
Era berean, kontrako jarreren gorakada islatu du inkestak. Herritarren %37 daude euskararen erabilera sustatzearen kontra, 2011n baino %2,5 gehiago. Horiek eremu ez-euskaldunean pilatzen dira batez ere. Han, herritarren erdiak baino gehiago daude kontra (%54,3); eremu mistoan, herenak (%34,2); eta eremu euskaldunean, %5,1 besterik ez.