Kooperatibak

Ekonomia sozial eta eraldatzailea akuilatzeko federazioa sortu dute

Lan Berri kooperatibak eta Andere Nahia eta Hemen taldeek federazio bat sortu dute balio batzuen inguruko tokiko ekonomia saretzeko. Hegoaldeko partaideekin ere bildu dira.

Elizondon ekonomia sozial eta eraldatzaileaz egindako topaketetako irudi bat. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2023ko martxoaren 10a
11:30
Entzun

Lan Berri kooperatibak eta Andere Nahia eta Hemen elkarteek ESE ekonomia sozial eta eraldatzailea ardatz duen federazio baten sortzea erabaki dute Ipar Euskal Herrirako. Horrez gain, otsailaren 23an ESEren inguruko mugaz gaindiko III. Topaketetan parte hartu zuten, Elizondon (Nafarroa), Hego Euskal Herriko Olatukoop, Talaios Koop eta Baztango Udala ere partaide zirela.

«Ekonomia sozial eta eraldatzailea anitz aipatzen da», erran du Lan Berri kooperatibako kudeatzaile Daniel Harotzarenek, «eta denetarik sartzen da horretan». Horren definizioan sakondu nahi dute federazioaren bultzatzaileek. Lurraldeari atxikiak diren eta ekonomiaren ikuspegi hori duten elkarte eta enpresak bildu nahi lituzkete, «antolatu eta egituratzeko» gero.

«Elkarren arteko kooperazioa nahi dugu bultzatu», azaldu du Harotzarenek. «Guretzat, barne gobernantza da inportantea, gobernantza partekatua». Gizarteko beharretara egokitu ekonomiaren ikuspegi bat defendatzen dutela dio: «Gure proiektuak, ekoizpenak, zerbitzuak nola eraikitzen ditugu? Nola hartzen ditugu kontuan ingurumena, klima arazoa? Arlo sozialean, nola partekatzen dugu sortzen den aberastasuna?».

Tokiko ekonomia aitzinera ekartzea da xedea, eta aipatu balioekin bat egiten duten eragileak elkartu eta antolatzea. Nolabait, tokiko laborantza etxaldeen lauzkatzeko Arrapitz federazioa eraiki zen bezala.

Harotzarenek adierazi du azken urte hauetan beha zeudela Euskal Hirigune Elkargoak zerbait sustatuko ote zuen sail horretan. «Ikusi nahi genuen Elkargoak bide orri zerbait aterako zuenetz ekonomia sozial eta eraldatzailearen alorrean. Ez zen etortzen. Zerbait atera dute gizarteratzeari eta ekonomia zirkularrari buruz, interesgarria da, baina ez ginen biziki satisfos», aitortu du. Gehiago dena, laborantza saileko esperientziari begiraturik betiere, ohartu dira gizartetik jin behar dela akuilua: «Herritarrak eta eragileak antolatu behar dira, eta, gero, errazago da elkargoarekin zerbait egitea. Goaitatzen badugu haiengandik etor dadin… Batzuetan ohartzen gara ez dakitela zuzen zer den ESEa».

Solaskidea izatea

Lurraldeko enpresa sortzaileentzat, duten ikuspegiaren araberako solaskidea aurki dezaten nahi lukete Lan Berri, Andere Nahia eta Hemenekoek. Berriz ere, laborantzaren adibidea eman du Harotzarenek: «Laborantzan plantatu nahi duten gazteek argiki badakite bakoitza non den: batetik, bada [Paueko] Laborantza Ganbera ofiziala, eta bestetik, Arrapitz eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera». Trumilka eragile baitira ekonomia alorrean —merkataritza ganbera, ofizialeen ganbera; eskualdeko eta departamenduko ekonomia zerbitzuak; elkarteak eta abar—. «Enpresa sortzaileek ez dute ongi ulertzen norekin lan egin behar duten. Paisaia hobeki irakurtzeko dugu bultzatzen federazioa».

Laster, lehen bilkura bat proposatuko diete federazioaren ideiarekin bat egin dezaketen egiturei. Ez da bortxaz kooperatiba izan behar. Gogoa lukeen tokiko edozein enpresa eta ekonomiari lotu elkarte izan daiteke sustatzaile. «Kooperazioa, gobernantza eta lurraldearekiko lotura», horiek izanen dira lehen bilkuraren aipagai nagusiak, Lan Berriko arduradunak zehaztu duenez. Akuilatzaileek ez dute egitasmo presta aurkeztu nahi: agertuko direnekin nahi dute barnatu eta adostu.

Elizondoko topaketak

Lehen topaketa 2019an egin zuten. Bigarrena, 2021ean, jadaneko Baztango Udalak Elizondon errezibiturik. Mugaz bi aldeetako ESEaren aldeko kooperatiba eta elkarte saretuak berriz bildu ziren, otsailean.

Aitzineko aldian, denek zituzten hainbat ezaugarri zehaztu zituzten. Ezaugarri materialak —ura eta lurra, konparazione— eta immaterialak. Ezaugarri immaterialetan, «datu digitalen» adibidea eman du Harotzarenek. Trukerako, elkarrekin sortu ziren «open source edo programa askeak». Datuen babesa desafio gisa agertu zitzaien topaketetan. «Bi mundu dira. Bada Microsoft eta Googleren gisakoena: datuen jabetzarena. Eta bestea, arlo digital askearena, non datuak babestuagoak diren eta helburua ez baita datu saltzea».

Otsaileko topaketetan lankidetza aipatu zuten. Horretarako, hiru lankidetza egitasmo aurkeztu zituzten. Bata, Educ’koop izenekoa: «Kit pedagogikoa da Antic, Lan Berri, Andere Nahia eta Talaiosen artean egina, kooperazio ekonomiari buruz eta teknologia digital arduratsuari buruz».

Beste bat, Ekin Social aplikazioa izan da. Elbarritasunen bat duten jendeek ateraldi edo aktibitate bat partekatzeko egina dela esplikatu du Harotzarenek: «Elkarte edo zentro berezitu batek zerbait antolatu nahi badu —museo baten bisita edo beste—, proiektua aplikazioan ezartzen du, eta norbait prest bada bere autoarekin jendea laguntzeko, berdin». Harremanetan sartzeko aplikazio bat da.

Bigarren partean, parte hartzaileek ariketa bat egin zuten lankidetzari lotu irizpide nagusien inguruan.

Halako topaketekin segituko dute, helburu nagusietarik bat baita elkartzea eta gogoetatzea, Daniel Harotzarenek dioenez: «Ideien trukatzeko egina da. Elkarte bakoitzak bere ideiak ekartzen baititu. Ez da besterik: Hegoaldeko eta Iparraldeko partaideen artean elkartzea, gogoetatzea eta trukatzea».

Ekonomia sozial eta eraldatzaileaz lan tailer bat, Elizondon. Berria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.