Kongoko Errepublika Demokratikoa

M23k esan du su etena indarrean sartu dela Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean

Gerrillak argudiatu du Kinshasarekin «zuzeneko elkarrizketa bide bat irekitzeko» egin duela bat meniarekin. Herrialdeko armadak erantzun du borrokak ez direla eten.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta NBEren militar batzuk, Ipar Kivuko Nyiragongon, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2023ko martxoaren 7a
16:39
Entzun

Azken hilabeteetan izandako saiakerek huts egin dutenez, zalantza handiak daude Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialderako adostu duten azken su etenaren inguruan. Gaurko negoziatu dutenak, behintzat, izan du albiste esanguratsu bat: gatazka horren partaideetako batek, M23 Martxoak 23 Mugimendua gerrillak, esan du menia horrekin bat egin duela, eta indarrean sartu dela.

M23ren helburua argia da, eta hala jakinarazi du. Kinshasarekin negoziatu nahi du bake akordio bat adosteko, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du su etena iragartzea; gerrillaren iritziz, horrek «zuzeneko elkarrizketa bide bat» irekiko baitu Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuarekin.

Kinshasak, ordea, orain arte esan du ez duela negoziatuko M23rekin. Halere, bada itxaropenerako tarterik, AB Afrikako Batasunaren bitartekari eta Angolako presidente Joao Lourençok ezinezkoa zirudiena lortu baitu: gerrako aldeek meniarekin bat egitea; neurri horrek arrakasta izaten badu, baliteke bakerako zirrikitu bat irekitzea. Batez ere, eskualdeko aliatuek presio egin diezaioketelako Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekediri.

Edonola ere, jokaleku horretara iristeko, Lourençoren bitartekaritzari esker adosturikoa betetzea izango da lehen pausoa: hau da, besteak beste, talde armatuek Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean kontrolpean dituzten eremuetatik alde egitea, beranduenez hilaren 30erako. Su etena ere errespetatu beharko dute; herrialdeko armadak salatu duenez, gerrillak ez du hitza bete, eta adierazi du borrokak ez zirela eten gaur. Hildakoak ere izan direla esan dute militarrek.

Horren aurretik, ohar baten bidez bakea lortzeko konpromisoa helarazi duen arren, M23k ohartarazpen bat ere egin du, adierazi baitu bere burua defendatzeko «eskubidea gorde» duela badaezpada, eraso egiten baldin badiote: «Ahaleginak apaldu gabe defendatuko ditugu biztanleria zibila eta haren ondasunak». Halere, tentsioa baretzeko mezu gehiago ere jakinarazi ditu gerrillak, eskualdeko aliatuei eta Afrikatik kanpoko herrialdeei eskatu baitie ez eteteko bakea lortzeko ahaleginak.

Gerrilla, Gomaren ateetan

Gaurko su etena indarrean sartu aurretik, atzo, borrokak izan ziren Kongoko Errepublika Demokratikoaren armadaren eta gerrillaren artean, Ipar Kivun, eta, horietan, gutxienez bi lagun hil ziren, herrialde horretako gobernuak jakinarazi duenez. 2013ko abenduan, Kinshasak eta M23k bake itun bat adostu zuten, baina gerrillak hautsi egin zuen iazko martxoan, eta berriz ekin zion ofentsibari. Gaurko menia, berriz, une erabakigarrian iritsi da, gerrilla Gomako, Ipar Kivuko hiriburuko ateetan baitago.

Urteotan, Kongoko Errepublika Demokratikoak Kigaliri egotzi dio M23 babestea, eta hark Kinshasari leporatu dio Ruandako genozidioan parte hartu zuten gerrillariek osatutako Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak talde armatu hutuari babesa ematea. Biek ala biek ukatu dituzte kolaborazio horiek, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak kontrakoa adierazi du, eta frogatutzat jo ditu harremanak.

Horrek bi herrialdeen arteko tentsioa handitu du, eta harremana are gehiago okertu da hilabeteotan. Joan den urtarrilean, esaterako, Kongoko Errepublika Demokratikoak «gerra ekintza bat» egitea egotzi zion Ruandari, bere hegazkin bati tiro egiteagatik; Kigalik argudiatu zuen «defentsa neurriak» hartu zituela, abioia beren aire eremuan sartu zitzaielakoan. Ez zen izan ez hildakorik ez zauriturik.

Testuinguru horretan, espero da gaur indarrean sartutako su etenak bi herrialde horien arteko harremana onbideratuko duela, eta zibilen egoera hobetzeko balioko duela. NBEren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gatazkak gutxienez 600.000 desplazatu eragin ditu, eta 2.300 lagun hil dituzte iazko martxotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.